Batzuetan

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Amiano 2023ko abe. 23a, 08:58
(Argazkia: Pixabay)

Imanol Amianok 2023ko abenduko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Sometimes I feel like a motherless child abesten ari da Van Morrison irratian. Belfasteko lehoiaren ahotsak Twitterren ikusi duzun Gazako mutiko haren begietara eraman zaitu, eta orain ezin duzu burutik kendu. "Mila yarden begirada" esaten diote trauma ondorengo estresak eragindako, sarraskiak bizitako soldaduei geratzen zaien so horri berari. Dardara batean, begi handi, ilun, ederrak zabal-zabal, ez du ulertzen gertatu berri zaion ikaragarrikeria; ezin du ulertu amarik gabeko haurra dela. Ezin ulertuta egongo den moduan haurrik gabe geratutako Lizarrako [Nafarroa] ama hura. Nola ulertuko du, bada, hura kaltetzearren, aitak bien semea erail izana.

Zuri ere ezustean iritsi zaizu. Bizitzaren itsasotik, itolarrian askotan, arnasa hartzeko burua ateratzen ohitua zaude, baina aurretik eraman zaitu arratsaldeko enbatak. Ez duzu ezer ulertzen. Gazako haurraren, Lizarrako amaren mila yardetako begirada geratu zaizu. Sometimes I wish I could fly like a bird up in the sky, jarraitzen du irlandarraren kexu mingotsak irratian. Batzuetan txori baten moduan, zeruan hegan egin nahiko zenuke, bai, edota kizkur-kizkur eginda, inork ez ikusteko moduko bolatxo bihurtuta, guztiontzat eta guztiarentzat oharkabean pasatzeko lain, ezkutatu egin nahi duzu. Ezin duzu, ordea, eskubiderik ez daukazu desagertzeko.

Eta, pixkanaka, olatu artetik burua ateratzen duzu. Zentzua ia erabat galdu duten eguneroko gauzei garrantzia eman nahi diezu, eta pisu pixka bat hartzen dute zure gogoan. Kafe bat arrebarekin, saskibaloia ikustera lagunekin... ikasleen idazlanekin buru-belarri jarri zara. Gabonei buruz idatzi dizute. Batzuei zenbat gustatzen zaizkien kaleak Gabon-kantaz argiztaturik. Eta, ai, zein gustura denok mahai beraren bueltan. Ikusiko duk aita parrezka amaren poz atseginez. Kontsumismo zoroaren zirimolaz dihardute besteek, odol berekoak izateagatik kostata jasan dezaketen harekin bazkari-afarietan mahai berean eseri beharraz. Eragiok mutil aurreko danbolinari.

Eta konturatu zara aurtengo Gabonak ez direla betiko modukoak izango. Txipli-txapla-pun! Utikan Tomas, Olentzero eta Maridomingi! Zeuentzat gaztaina ximelak, langostinoak, turroiak eta mazapanak! Baina badakizu faltan botako duzula afal aurretik ardo batzuk hartzea karta batzuk jokatzen dituzun bitartean, tomatearekin jateko txarra ez den urdaiazpiko hori bizkarrean eramango duzulakoan. Mahai bueltako eztabaidak, menua bera baino gehiago. Azkenerako guztiz ezaguna duzun lagun ezezagunaren oparia. Baita hain gorrotagarri zitzaizkizun urteberrion horiek guztiak ere. Pasatuko zaizu, seguru, baina Gazako haurra, Lizarrako ama sentitzen zara batzuetan.