Gutuna (II)

Erabiltzailearen aurpegia Ione Gurrutxaga 2023ko abe. 15a, 08:42
(Argazkia: Pixabay)

Ione Gurrutxagak 2023ko azaroko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Azkar pasatzen omen da denbora. Hala esan izan digute aurrekoek guri, eta, urteen joanean, geu ere nabaritzen hasiak gara ez zebiltzala hain oker. Konturatzerako, joan dira hiru hilabete gure artera etorri zinela. Urte laurden, egunen joan-etorrian.

Berritasunak berekin dakar ilusioa, ezer jakin aurretik dena idealizatzeko joera. Baina ezin uka sabel barreneko kilimak ere eragiten dituela etorriko den horren peskizak. Zuk, iritsi orduko, denetik eragin duzu zure inguruan; besapean, ogi bat ekarri ordez, izendapen berri ugari ekarri eta han-hemen banatu baitituzu: ama, aita, aitona-amonak, izebak... Zorionekoa zu, oraindik hain txikia izanik, poztu baitituzu bazterrak, sortu irribarreak, baina, era berean, zuretzat onena nahi duten horien artean, piztu izango dituzu kezkak eta zalantzak.

Eta ez da harritzekoa. Izan ere, ez dizut gezurrik esango, hartu zaituen mundu honek badu onetik bezainbat txarretik. Gainerakoen antzera, urteen joanean zeu ere konturatuko zara, baina etenik gabe aldatzen ari den gizarte batera iritsi zara, gero eta azkarrago funtzionatzen dugun gizakion artera. Zure ama jaio zen garaitik hona, esaterako, aldaketa asko izan ditu gure inguruak, aldaketa asko bizimoduak. Hamarkada gutxian, inguruari erreparatuz bizi zen gizartea izateari utzi, eta teknologiarik gabe bizitzen ez dakien gizarte bihurtu gara. Zertarako begiratu leihotik lainorik ba ote den zeruan, Interneteko bilatzaileren bateko leihoren batean topa badezakegu erantzuna?

Azken urteetan, aurrerapenak ezagutu ditugu teknologian, aurrerapenak zientzian, aurrerapenak bizitzeko moduan... Baina, oraindik, gutxien espero dugunean, historian atzera egiten dugu jauzi, sarri itxurakeria hutsa izan den aldaketa hori guztia ahaztuta. Badira urteak "laurogeian jaio naiz, eta kirolaz bizi nahi dut, aita" abestu zutela Maixak eta Ixiarrek (bide batez, trikitiaren munduan emakumeek ere bazutela tokia erakutsiz), baina orain gutxi arte ez da izan futbol zelai edo pilotalekurik leporaino beteta emakumezkoen partidak ikusteko. Ederki poztu izan gara gainditutako muga txiki bakoitzarekin, bai baitzirudien azken urteetan aldaketa haizeak iritsiak zirela kirol mundura, eta, urratsez urrats, emakume kirolarien baldintzak, pixkanaka bada ere, hobetuz zihoazela. Baina bai zera! Zu jaio eta berehala Espainiako futbol selekzioko nesken inguruan izandako gorabeherek eta esandakoek argi utzi digute begitazio hutsa dela oraindik berdintasuna.

Dena den, zaude lasai: etxe onean munduratu zara zu. Neska nahiz mutil izan, nahi duzuna lortzeko gogor lan egin beharko duzula erakutsiko dizun familia bat suertatu zaizu parean. Baina ametsak betetzeko daudela ikusteko adibiderik onenak ere parez pare izango dituzu: lanak beti ekartzen duela emaitza, alegia, munduko edozein txokotan zaudela ere.

Ez beldurtu, beraz, txar guztiak kenduta, bizitza benetan ederra baita. Orain, pausorik pauso aurrerantz jarraitzea dagokizu, bizitzaren alderdi onei helduz, bizitzaren alderdi txarrak aldatuz. Baina, betiere, urrats bakoitzaz gozatuz, eta zaharrek ziotena gogoan hartuz: denbora azkar pasatzen omen da. Azkarregi, gehienetan.