Batzutan dena ustel

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Badiola 2007ko urr. 14a, 20:10

Azpeitiko batzokiko ikurrina kendu eta Espainiako bandera jarri zuten aurrekoan. Ni atzo enteratu nintzen gertakariaz. Bezperan Donostian falangistak zirela eta sortutako iskanbilak gogoan hartuz xano-xano Azpeitian ere falangisten bisita izan genuela pentsatu nuen eta berauen axiyue izan zela. Hitza leitu nuen arte. Segikoena izan omen zen.

Usteak erdia ustel, dio esaerak. Nereak askotan osoa.

Nere xanidadiek horrelako ezuste asko eman dizkit.

 

Hiru bat aste izango dira kotxean beste batzun zain nengoela bilera batera joateko. Arratsaldeko 8:30tan. Plastikozko zorro batekin etorri zen bat. Bertan lauki itxurako zeoze zekarren. Uda aurretik izan genuenez azken bilera pasta batzuk zerkartzalakoan ni. Gustura. Bere urteak ospatzeko, ikasturte berri bat ospatzeko, berari ere oparitu egin zizkietelako,… edozein arrazoi balekotzat jo nuen. Kontua da, bilera osoa pasten zain egon nintzela. Bukaeran deskubritu zuen pastela: beste kide bati emateko fotokopia pilo bat zen zorrokoa.

Hurrengo astean funtzionariz betetako bulego batera sartu nintzen. Ni sartu eta bat-batean neska bat mostradoreruntz laisterkan. Nigana. “Hau dek zerbiziyue hau! Gero funtzionayueatik jarduteiau…” nire hausnarketa bukatzerako mostradorearen beste aldean telefono mugikor bat jo ta jo ari zen eta hura salbatzera zetorren emakumea. Ez nigana.

Minutu batzuk pasa ziren norbait nitaz ardura zenerako. Hura pulamentua!  Ni denei begira eta aurrekaldeko hamar bat lagun lan plantak egiten. Ez naiz ausartzen lanean ari zirenik esaten kale sarri xamar egiten ari bainaiz azkenaldian. Horra beste bat:

Arrebak hots egin zidan, beraien ezkontzako urteurrena zela eta zapatuan libre al nengoen jakiteko. Nik baietz. Hitz egingo genuela eta hartan agurtu ginen. Handik pare bat egunetara non ospatu behar genuen galdetu nion. Ondo ulertu ez zueneko aurpegia antzeman nion.”Nola non ospatu behar degun? Zuk umie zaitu ber dezu guk afaldu bitartien!”

 

Bukatzeko agurrei buruzko bat.

Hau gertatu zela urte batzuk badira. Loiola aldera pasieran nindoan. Oinez. Afalaurretik. Azkoitia aldetik kotxe bat. Matrikulekin fijatzeko ohitura daukat eta zenbaki hura ezaguna nuen. “Halakona dek”. Ez nekien ordea, aita, ama edo bi semeetako zein zen txoferra. Nire parera gerturatzen ari zela leihoa zabaltzen hasi zen. Seme gaztea zen. Ezaguna. Burua ateratzeko keinua egin zuen. Nik kaso indartsu hoietako bat egin nion. Nik bukatzerako karkax lodi bat botata zuen leihotik kanpora.

Erabat deskolokatuta utzi ninduen.