Gau magikoa

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Badiola 2008ko urt. 6a, 22:01

Olentzero eta Mari Dominginek Azpeitian zehar egiten duten kale buelta ikustea ez zait inoiz suertatu. Haurra nintzenean ez zen egoten eta ohiturarik ere ez dakarkit. Erregeen kabalgata ikusteko, aldiz, bai.

Lehen Erregeak kioskora igotzen ziren udaletxera igo beharrean. Txikitan, ipurtikara xamarra naizenez, bazkaldu orduko plazara bueltaka hasten nintzen Erregeen tronua jarrita ote zegoen ikustera. Ze luze izaten zen arratsalde hura! Noizko ailegatu tronpeta hotsak!

Atzo ere ikusi nituen. Zaldi gainean etorri ziren. Errege Magoak. Gau magikoari hasiera emanez. Izan ere ilunpean antortxen su artean eta zaldi gainean etortzeak, karroetan partez, gaua magikoago egiten dute. Plazan Erregeek umeei txintxo portatu al diren galdetzeak eta umeen emozio-ilusiozko baietz urduri-ozenak entzuteak hain ume ez garenon barruan ere lilura esna erazten baitigu.  Une motxa den arren zoragarria da.

Neuk ere, paperean sartu eta Erregeei, Errege beltzari hobeto esanda, artean beranduegi ez zela eta eskaera bat egin nion: aurten, 20080a, iaz sufritzen egon zen jendearentzat (gaitzak jota, espetxeratuta, norbait hil zitzaiona, kalabazaz etxea bete zuena, lanik topatu ezinda zebilena, baztertuak, erasotuak, hain desio duten ume hori heltzen ez zaienak, menpekotasunak harrapatuak, e.a.),  hauek denentzat aurrekoa baino urte hobea izan dedila. Gainontzekoontzat berriz, gutxienez bezperakoaren berdina izatea.

Nik ez det ohiturarik ezer erosteko eta nire ingurukoei ere ezer ez dudala behar esaten diet. Asko jota beharreko zeoze erosten degu. Egia da, baina, goizean jaiki eta espero ez dezun opari bat ikustean zure zapata gainean, sorpresa horrek, magiaz betetako ilusioz pizten digula barrua. Paketea ireki  bitartean behintzat. Ze “Hau al tzan?” batek ere berehala itzaltzen ditu ilusio iragankor hoiek.

Oraindik amets barruan dauden umeak dauden etxeetan dena oraindik eta magikoagoa da. Hauetan, gaur egungo opari pilarekin gastatzen denaren ondoren, hilaren bukaerara iristeko kartera administratzeak ere lan magikoa eskatzen du.

Hauexek ditugu gure eguneroko bizitzako Erregeak: umeak. Sorpresaz jantzita, ilusioz puztuta, magiaz bustita. Beti liluratzen eta harritzen gaituzten ateraldiekin beteak.

URTE BERRI ON DANOI !!!!!!!!!!!!!!!

... eta bihar lanera. Hau dek perezieeeeeeeeeeeeeeeeeee!!!!!!!!!!!!