Esperientziaren balioa

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Badiola 2010ko mar. 25a, 18:03

Sarritan esaten dute teorian gauzak ikasiz baino, esperientziak biziaz dela benetako ikasketa burutzeko bidea. Ondorioz, bizit(z)ako esperientziek egiten dutela bat benetako jakitun.

Gazteago nintzela ezin izaten nuen ideia hau sinistu. Agian ez nuen sinistu nahi norbait enpatia lantzen onena izanda ere eta berari gertaera eta sentitutako emozioen deskribapenik zehatzenak  emanda ere, beti dagoela tarte bat hitzetatik bizipenetara. 

Ordutik hona nere sinesmena aldatu da. Denborak aurrera egitean ez ditu bakoitzak bizitako urteak bakarrik gehitzen. Denborak aurrera egitean bat beteago sentitzen da bizitzak emandako aukera, gertaera eta esperientzietatik ikasten asmatu baldin badu.

 

Irailetik alaba zaintzeko eszedentzian nago. Nere teoria denak praktikan jartzeko aukera borobila. Ordura arte ez pentsa ezertan parterik hartu ez nuenik. Gure txikiak titia eta titia nahi zuenez, etxeko lanetan eta pasieretan kolaboratzen nuen gehiago.

Orain, eguna hasi eta ipurtzapia aldatu, gosaria (egun txepela badu jan dadin pailazokeriak egin, ipuinak kontatu, abestu, trasteak atera, traste gehiago atera), ipurtzapia berriro aldatu, bazkaria zuzendu, neu txukundu eta kalera. Dena arrapaladan esan badet ere igual 2 edo 3 ordu pasa dira bidean. Etxean bere erara, kalean ere bai orain. “Hori ez, hura ez, hori kaka (zenbat txakur kaka dagoen herriko belar zatietan!), bota Paa, ein aio-aio, esan gizonai zenbat urte dauzketzun. Oso ondoooo…” Ogia eta beste jatekoren bat erosi eta etxera. Bazkaria eman aurretik, aldatu, eskuak garbitu eta emazteari ere bazkari goxo bat prestatu bidean utzi eta pazientzikeriak lantzera. Bazkalondoan siesta, gero askaria, bainua, afaria… 

Hain preziatua dudan neuretzako tarterik ez. Pazientzia batzuetan existitzen denik ere ez. Akordatzerako ohera joan behar. “Halakori ez zioat hotsein”. Egunkariak egunetako atzerapenez gainbegiratuz... Gogorra da. Neri behintzat gogorra egiten ari zait.

Berriz aukera egin beharko banu berdina egingo nuke, halere. Maierrek, eguna joan eta eguna etorri, ematen didan poza eta alaitasuna zoragarriak dira. Bere hortz txikiak erakutsiz eztizko irrifarrez egunonak ematen dizkidanean sentitzen dudan plazerra ordainezina da. “Aittaaa” deitzen didanean belarrietara iristen zaidana munduko melodiarik goxoena da. Ama etxeratzean alabak transmititzen duen euforia kutsakorra da. Aita ta ama, biok, berekin gaudenean umearen patxada eta zoriontasuna, dena da.

 

Bide honetan, nik uste nuena eta errealitatea oso desberdinak egin zaizkidala jabetu naiz. Umeak haztea ilusioz eta maitasunez egin arren, ardura eta neke haundiko lana dela. Nik ikasitakoak teorian errazagoak zirela baina egunerokotasunera ekarrita, ejem! Zenbat ikastaro, tailer, mintegi egin ote ditut. Pertsonekin lana egiten dudanez (irakaskuntzan) neure bururi hobeto ulertzeko eta baita besteei ere, pertsonen arteko harremanak hobetzeko. Iturri askotatik teoria mordo bat edan det. Nere kupel honek zirrikitu dexente izango ditu ordea. Teorian pazientzia edukitzea erraza da. Praktikan, aldiz…

 

 

Kontu guzti hauetaz pentsatzen jarrita beti amekin gogoratzen naiz. Gure amekin. Beraien maitasun osoz, ia gehienetan gizonaren laguntzik gabe (askotan beraiek umeek baino lan gehiago eman zietela jakinez) etxeko lanetara eta gu hazi eta heztera dedikatu direnez. Gaur ditugun aurrerapenik gabe, baina maitasun osoz. Ixil ixilik. Orain ez bezela, ia beti bakarrik. Gizarte mailan batere errekonozimendurik gabe. Maitasuna maiuskulaz emanez. Amamak izatera iritsita ere guri arroparen bat konpontzeko, tarteren batean umeak zaintzeko…edozertarako beti prest zaudeten ametaz.

Gaurkoa ama hoiei, konbentzituta edota egoerak bultzatuta egin zenutenoi, denoi, dedikatzen dizuet. Orduko informazio gutxirekin bakoitzak ustez onena eman zenigutenoi. Egindako guztiagatik eskerronak emanez. Denbora batez zuen paperean jarri behar izan det egiazko esfortzua zein den ikusteko eta baloratzeko. Udaberriko lore denak zuentzat! Eta bereziki nere amantzat.