Izarraizpetik

Mesedez, kontzientziaz

Erabiltzailearen aurpegia Irati Aranguren 2024ko urt. 11a, 08:56
Iaz margotu zuten Euskaraldiko murala Getarian. (Hitza)

Irati Arangurenek 2023ko abenduko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Badira euskaraz ongi jakin arren elkarren artean gaztelaniaz komunikatzen direnak, badira sarean informazioa zuzenean espainieraz topatzeko joera dutenak, badira euskaraz idazteko gai izan arren literatura atzerritarra soilik kontsumitzen dutenak, badira ia euskal musikarik entzuten ez dutenak, zein Benito Lertxundi nor den ez dakitenak. Amaigabea da zerrenda. Asko dira, eta zuk ere ezagutzen dituzu.

Urrutira joan gabeko kasuez ari naiz. Zonalde euskaldunean jaiotzeko zortea izan dudala badakit, eta jakitun naiz Murchanten [Nafarroa] edo Eltziegon [Araba] jaio izan banintz, nire pentsaera ez zela berdina izango. Baina hemen ere badaukagu zer hobetu.

Zer irudituko litzaizueke zuen seme-alaben ikastolatik, eskolatik, akademiatik edo kirol elkartetik jasotako mezuak euskaraz eta gaztelaniaz, bi hizkuntzetan, baleude? Niri, oso gaizki; eta ezagutu dut errealitate hori. Garbi dut euskaraz bizi nahi dudala eta herri euskaldun batean horrelako kasuak gertatzea onartezina dela. Euskaldunei, mesedez, igorri diezazkigutela mezuak euskara hutsean, eta euskaldunak ez direnei euskaraz eta bigarren hizkuntza batean igorri.

Ahozkoari dagokionez, geroz eta garrantzia gutxiago ematen diogula esango nuke. Egia da zonaldeka aldatu egiten dela euskararen ahoskera eta kantaera, beraz, nork berea kontzientziaz erabiltzea interesgarria litzateke. TX, TS, TZ-ren erabilerari dagokionez, berriz, gaur egun berdin zaigula dirudi etzea (etxea), kontxertua (kontzertua), hits egin (hitz egin), zugea (sugea) edo informasioa (informazioa) ahoskatzea. Euskal Herriko toki euskaldunetan 60-70 urtetik gorako jendea hizketan entzunez gero, aberats hitz egiten dutela jabetuko gara; ez dute ahoskeran halako hanka sartzerik egiten eta egungo gazteok baino hiztegi eta kantaera oparoagoa dituzte. Non eten da, beraz, transmisioa?

Nire aburuz, sare sozialek, kontsumitzen ditugun baliabideek, eraiki ditugun harremanek zein gure kontzientziak eragina dute. Nik jabetu behar dut egiten dudanaz, baina kanpokoak ere eragina izango du. Gaur egun euskaraz dugun telebista euskaldun ezagunenak darabilen euskara eredugarria al da? Haur eta nerabeek ikusten dituzten telesailetako pertsonaiak erreferente egokiak al dira? Sare sozialetan euskaldun eredugarriak jarraitzen al dituzte? Aste honetan honako hau ikusi dut gure lurraldeko arropa diseinatzaile baten Instagram kontuan: "Egunsentia gure txokotik – Atardecer desde nuestro rinconcito". Ederra itzulpena! Baina horixe da errealitatea.

Getariako horma batean, 2022an margotuta, Joxean Artzeren esaldi famatua dago: "Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik". Elkarrizketa batek jarraitzen dio: "Garaitako esaldia, neska!" dio katu batek. "Bai, baino hauek etxuk enteratu oaindik!", erantzuten dio besteak. Arrazoi faltarik ez duen murala!

Nire aburuz, hizkuntza berarekiko kontzientzia eta errespetua behar-beharrezkoak dira bide egoki batetik jarraitzeko. Baina bide paraleloan gure ohiturak eta kulturak ere zaintza behar dutela deritzot. Duela lauzpabost urte momotxorroz jantzi nintzen inauterietan, eta kalean honakoa entzun behar izan nuen: "Zertaz mozorrotu zara, behi eroz?". Ez dut eskatzen tradizioa gustatzea, baina bai jakintza izatea. Aizkolaria zer den, Luzaide non dagoen eta zer egoera duten, Ez Dok Amairu zer izan zen eta abar jakiteak ez digu kalterik egingo.

Garbiñe Larrea herritarrak dio guk izan behar dugula euskararen sendabelar. Arrazoi du, beraz, has gaitezen lanean.