Aitor Zubizarretak NCAA-1en jokatuko du

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko api. 18a, 21:46
Argazkia: Aitor Zubizarreta Portland Pilotseko entrenatzailearekin (Iraurgi SB)

Portlandeko Unibertsitateak beka bat eskaini dio eta bertako Portland Pilots taldean jokatuko du hurrengo lau urtetan.

Albiste bikaina jaso du Iraurgi SBko familiak egunotan, izan ere, bere harrobiko harribitxietako batek Estatu Batuetako NCAA-1 ligan jokatuko du datorren urtean. Aitor Zubizarretak azken urteetan emandako mailaren berri izan dute Portlandeko Unibertsitatean eta beka bat eskaini dio datorren lau urteetan bertan ikasi eta Portland Pilots taldean jokatu ahal izateko. NCAA-1 liga Estatu Batuetako Unibertsitate liga indartsuena da eta jokalari askorentzako liga profesionaletara saltoa eman aurreko pausoa izaten da.

Aitor Zubizarretak jokoa antolatzaile eta eskolta posiziotan joka dezakeen jokalaria da. 1995. urtean jaioa eta 1,91 metro luze da. Txiki-txikitatik bere presentzia ohikoa izan da behe mailako Gipuzkoako eta Euskadiko Selekziotan eta Espainiako 15 urtez azpiko Selekzioarekin ere deitu zuten Laguntasunaren Txapelketa jokatzeko. Espainiako 16 urtez azpiko Selekzioko deialdietan ere egon izan da eta Iscarrreko Txapelketa jokatzeko aurre-selekzioan ere sartu zen. 2012an FIBAk antolatzen duen 3x3 Txapelketa ofizialean parte hartu zuen Espainiako Selekzioarekin eta uda horretan Endesa Ligako Lagun Aro GBCrekin aurre-denboraldia egiteko aukera izan zuen. Aurten Zilarrezko LEB ligako Azpeitia Azkoitia ISBrekin entrenatzeaz gain, Iraurgiko lehen taldearekin minutu batzuk jokatzeko aukera izan du, Lehen mailako Lizuan.com ISB eta junior mailako Glual Hydraulics ISB taldeekin jokatzeaz gain.

Ekainaren amaieran joango da Portlandera Aitor, baina aurretik badauzka betetzeko erronkak ere. Besteak beste datorren astean jokatuko den junior mailako Euskal Ligako "lauko finalean" ahalik eta emaitzarik onena lortzea Glual Hydraulics ISB bere taldearekin. Zorionak Aitor eta segi lanean gogor!!