Gehien asmatzen duenak irabazten du

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko mar. 11a, 17:17
Partidako une bat. (Iraurgi Saskibaloi Taldea)

Zurt Taberna ISBk 73 eta 57 galdu zuen Quiron Leioaren kantxan, epaileen protagonismopean eta bizkaitarrak finago ibili zirelako.

Aurreko asteko garaipenaren ondoren moralez indarberrituta joan ziren Zurt Taberna ISBkoak Quiron Leioa aurkari zuzenaren kontra jokatzera. Psikikoki hobeto bai, baina fisikoki arazo dezenterekin: Eider eta Maite Lizarazu baja izan ziren, eta Itsaso eta baita Maite Zubizarreta ere giharretako arazoekin ibili ziren astean zehar. Hala ere, ilusio handia zuten neurketa horretan jarria Iraurgiko neskek, bizkaitarrei irabazi ezkero, lehen postua berreskuratzeko aukera izango zutelako eta gainera, denboraldia lau lehenen artean amaitzeko sekulako aurrerapausoa litzatekeelako. Kontua da, etxekoek gehiago asmatu zutela uztaira begira eta gainera, epaileetako bat protagonista bihurtu zela gaizki ulertutako jokaldi batean Intza kaleratu eta gainontzeko taldekideak partidatik atera zituelako azken laurdenean.

Partida ondo hasi zuten gipuzkoarrek. Barruko jokoan nagusi izan zitezkeela ikusita, zona barruan baloiak jarri eta puntuak eskuratzeari ekin zioten. Leioak jaurtitzaile oso onak dauzka kanpoko jokoan eta partida parekatuta mantentzea lortu zuen distantzia horretatik. Bi taldeak sekulako denboraldia egiten ari dira eta joko polita erakutsi diete euren zaleei. Bigarren laurdenean joko mota hori atera zuten batzuek eta besteek, eta neurketako minuturik politenak ikusi ahal izan ziren. Batzuk kanpotik ikaragarri asmatuaz eta besteak zeukaten arma guztiekin eutsiz. Atsedenaldira bost puntu goitik iritsi ziren etxekoak.

Hirugarren laurdenetik aurrera etxekoak nagusitzen hasi ziren gutxika-gutxika. Nekea sumatzen hasi ziren gipuzkoarrak eta etxekoek berriz, baloia bikain mugitu zuten jaurtiketa aukera onena bilatu ahal izateko. Baita lortu ere. Hamar puntutik gora joan zen aldea, eta Zurtekoak kontziente izan ziren neurketa irabazterik ez zutela edukiko. Hori ikusita, bigarren helburu baten bila jo zuten: basketaberagea zaintzea. Azkoitian jokatutako neurketan Joseba Lizarralderen neskek 10 puntugatik irabazi zuten eta alde hori zaintzeko asmoz jokatu zituzten hurrengo minutuak. Gogor borrokatu zuten eta aldea murriztea lortu zuten. Gainera minutu askoan hamar puntutik bera ibili zen, baina orduan epaileek euren protagonismoa bilatu nahi izan zuten. Intzak kontraeraso bat amaitzean egindako amorru keinu bat gaizki ulertu zuten epaileek, eta kaleratu egin zuten. Arrazoiak ematerako orduan gainera, gezurra bota zuen epaileak, kantxan gauza bat esan eta aktan beste bat jarri zuelako. Guzti honek bere onetik atera zuen taldea. Etxekoek aukera aprobetxatu zuten, eta 16 puntuko aldearekin irabazi zuten: 73 eta 57.

Horrelako kolpe batetik altxatzeko onena hurrengo neurketan garaipena lortzea da, eta horretan saiatuko dira Zurt Taberna ISBkoak. Fundación Ardoi talde nafarrak goi postuetara gerturatzea nahiko du, eta Iraurgikoek, berriz, Ardoi taldea kontrario zuzen ez bihurtzea.

Saskiratzaileak: (12-10/24-21/17-11/20-15)

QUIRON LEIOA: Gonzalez, Lekerika (2), Zugazaga, Tena (17), Rodriguez, Sgarduy (8), Vega (19), Garces, Torres (18), Garcia (4), Uncetabarrenechea (5), Azkue.

ZURT TABERNA ISB: Garazi (14), Sara Zabaleta, Irati (7), Maite Zubizarreta (6), Intza Lizarazu (11), Maitane (2), Maite Galdos (5), Itsaso (15), Naroa.