Galdu arren sentsazioak berreskuratzen

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko mar. 25a, 12:23
Partidako une bat. (Iraurgi Saskibaloi Taldea)

Behetik gora datorren talde bati aurre egiteko kapaz izan zen Zurt Taberna ISB, nahiz eta azkenean 62 eta 54 galtzen amaitu zuen Burlatan.

Aurreko astean Ardoiren aurka emandako itxura txarraren ondoren, Zurt Taberna ISBk helburu bakarra zuen Burlatan jokatu behar zuen partidurako: taldearen identitatea berreskuratu. Eta nahiz eta garaipena lortzerik ez zuten izan, helburua gauzatu zutela esan daiteke. Amaieraraino borrokatu zuten behetik gora datorren eta sasoiko dagoen talde baten aurka eta kantxa gainean duzun guztia ematen duzunean, ez dago kritikatzeko ezer ez.

Zailtasun guztiei aurre egiten saiatu ziren Joseba Lizarralderenak. Irati eta Intzaren bajak izateaz gain, taldearekin bidaiatu zuten juniorrek beste neurketa bat jokatu berri zuten eta ligako talde txikienetakoa izanik garaienetariko baten aurka jokatu behar izan zuten. Hala ere, partidu hasiera bikaina egin zuten Zurtekoek. Itsasok segituan bi falta egin zituen arren, Ana Goenagak oso ondo bete zuen bere lekua eta defentsan gauzak ondo eginez eta erasoan ere bai zortzi puntuko abantaila izatera iritsi ziren. Erasoan zailtasunak etorri ziren baina bigarren laurdena hasi bezain pronto eta Burlatakoek bikain aprobetxatu zuten partiduari buelta emateko, 13 eta 0ko partziala eginda. Askotan gerta daiteke horrelako kolpe bat jaso eta gero taldea behera etortzea, baina oraingoan ez zen horrela gertatu. Errebotean lana gogor egin eta gero, berriro partidura itzultzea lortu zuten gipuzkoarrek eta atsedenaldira bi puntu azpitik nakarrik joan ziren: 33-31.

Atsedenalditik bueltako minutuak parekatuak izan ziren oso. Batzuek eta besteek erasoan zailtasunak eduki zituzten, defentsa lanak bikainak izan zirelako. Gipuzkoarrek ohiko jokorik ezin izan zuten egin, baloiak barruan jartzea ia ezinezko egin baitzitzaien eta kanpotiko jaurtiketetan asmatu ez zutenez, defentsan buru belarri lan egin behar izan zuten bizirik mantendu ahal izateko. Baina bi taldeen arteko garaiera diferentzia erabakigarria izan zen azken minutuetan. Nafarrek euren jokalaririk altuenak atera zituzten kantxara eta errebotera zoro moduan joan ziren, bigarren eta hirugarren aukerak edukiz. Honek Zurtekoen ahalegin guztiak ezerezean utzi zituen, etxekoen abantaila ez zelako sekula lau puntuetatik jaitsi. Borrokan segitu zuten hala ere gipuzkoarrek, baina oraingoan ezin izan zuten garaipena eskuratu, azkenean 62 eta 54 amaitu baitzen partidua.

Sentsazio positiboak batzen jarraitzeko garaipena lortzea garrantzitsua litzateke eta horretarako aukera izango dute datorren igandean Gernikaren aurka. Zilarrezko LEB ligako gipuzkoarren arteko derbyaren aurretik jokatuko dute neurketa eta Lauko Finala jokatzeko postuetan mantentzeko aurrerapauso handia litzateke garaipena. Fase erregularra amaitzeko lau neurketa besterik ez zaizkie gelditzen eta bizkaitarren aurkako partidua hil ala bizi jokatu beharko dute.

Saskiratzaileak: (13-19/20-12/15-11/14-12)

BURLADA: Vicente (8),Gastaminza (12), Zueco (2), Berro (6), Setoain (5), Etxeberria (3), Parra (9), Araiz (11), Marrodan, Tollar (6).

ZURT TABERNA ISB: Garazi (8), Eider Iturralde (5), Sara, Maite Zubizarreta (13), Berezi (4), Maite Lizarazu (6), Maitane (2), Maialen Iturralde, Itsaso (3), Ane Goenaga (8), Naroa Uria (5).