Lauko Finala gertuago

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko api. 1a, 17:54
Partidako une bat. (Iraurgi Saskibaloi Taldea)

Zurt Taberna ISBk Gernika KESBi 67 eta 56 irabazita denboraldiko 16. garaipena erdietsi zuen igandean.

Hiru jardunaldi besterik ez zaizkio gelditzen Zurt Taberna ISBri liga erregularra amaitzeko eta Lauko Finalean sartzeko helburua geroz eta gertuago dauka. Momentu honetan laugarren dago sailkapenean, Leioa bosgarrenarekin berdinduta (eta honek partida bat gutxiago dauka jokatuta) eta seigarrenarekiko bi garaipeneko aldearekin. Kontutan hartuta bigarrenetik bosgarren sailkatura jokatuko dutela Final Four-a  txartela lortzeko puntuan dagoela esan daiteke. Baina guztiz gauzatu ahal izateko azken txanpan sekula baino gehiago estutu beharra daukate eta horregatik igandean Gernika KESB-en aurka lortuta garaipenak dauka horren garrantzia handia.

Aurreko astean galdu arren talde identitatea berreskuratu zuten Joseba Lizarralderenek eta espiritu horrekin Gernikaren aurkako neurketa aurrera ateratzeko asmoz irten ziren kantxara. Bizkaitarren barneko jokoa ahulagoa zela jakinda, leku horretatik ahalegindu ziren etxekoak euren jokoa oinarritzen eta batez ere, Itsasorekin min handia egin zuten. Modu horretara markagailuan agintzen jarri ziren baina Gernikakoek jaurtitzaile zitalak dituzte eta euren kanpoko jokoarekin asmatzen zuten bakoitzean beldurra sartzen zuten gipuzkoarren gorputzean, markagailuan behin eta berriz gerturatzea lortzen baitzuten. Lehen zati guztia modu horretan pasa zen: batzuek ihes egin nahi eta besteek erantzuten. Zazpi puntu goitik egotera iritsi zen Zurt Taberna ISB baina atsedenaldira iritsi aurretik Gernikarrek markagailuari buelta ematea lortu zuten eta puntu bat goitik joan ziren: 30-31.

Taldea ematen ari zen sentsazioak ez ziren txarrak eta Zurtekoek bazekiten gogor lanean jarraituz gero garaipena lortzeko aukerak izango zituztela. Horretarako baina defentsako lana oraindik eta gogorragoa egin beharra zuten eta erasoan zoratu gabe jokatu, ideia garbiekin jokatu eta ondo barneratu zuten hori jokalariek. Hirugarren laurden ia perfektua jokatu zuten Joseba Lizarralderen neskek. Nabarmentzekoa da batez ere Berezik egindako lana. Atzean egundoko lana egin zuen eta bere taldekideak ere piztu zituen. Konfiantza berreskuratuta erasoan ere erraz jokatzea lortu zuten eta laurden amaierarako markagailuan ihes egin zuten. Partida aldapa behera joango zela zirudien eta baina bizkaitarrak borrokalariak dira oso eta hiru hiruko jarraian sartuta sei puntura gerturatzea lortu zuten. Zurtek baina argi zeukan ez zuela zoratu behar eta bere esku zegoela garaipena lortzea. Horregatik, patxadaz jokatu zuen, defentsan berriz gauzak estutu zituen eta azkenerako Gernikakoen ahalegin oro ezerezean utzi zuten, garaipen benetan garrantzitsua lortuz: 67 eta 56.

Datorren asteburuan Portugaleten jokatuko du Zurt Taberna ISBk. Garaipena lortuz gero, Lauko Finalerako Txartela eskuarekin ukitzen hasiko dira. Bizkaitarrak bigarren itzuli bikaina egiten ari dira, baina Iraurgi SBko neskak ilusioz topera daude eta betiko taldea kantxara irtenez gero ziur garaipenetik gertu ibili daitezkeela.

Saskiratzaileak: (18-16/12-15/26-12/11-13)

ZURT TABERNA ISB: Garazi (9), Eider Iturralde, Sara, Irati (6), Maite Zubizarreta (6), Intza Lizarazu (12), Berezi (10), Maitane (4), Itsaso (13), Ane Goenaga (4), Naroa (3).

GERNIKA  KESB: Esain (5), Arrien (6), Mandaluniz (6), Omaetxebarria (12), Omagogeaskoa (4), Goiriena, Gerendiain (12), Camara (11)