Irati Etxeberria: "Portugaleteren aurkako neurketa izango da gakoa"

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko api. 3a, 18:11
Irati Etxeberria partida batean. (ISB)

Taldeko kapitainetako bat da Irati Etxeberria. Azken garaipenak taldea indartu duela dio, eta orain, ligari ginga jarri behar diotela uste du.

Hiru partida bakarrik gelditzen zaizkizue eta Final Four-erako txartela, esku-eskura duzue.

Gogo handia dugu. Hiru partidaren faltan, eta seigarrenari bi garaipen ateratzen dizkiogula kontutan hartuta, badakigulako gure esku dagoela sailkapena. Guk hiru partida on egiten baldin baditugu sailkatu egingo gara, eta lortzeko gogo handia dugu.

Egin duzuen denboraldiarekin sailkapena zuen esku izateak ia derrigorrezkoa beharko luke, ezta?

Egia da. Lehen itzulia sekulakoa izan zen, baina bigarrenean arazo gehiago izan ditugu. Egia esan, ilusioa pixka bat galtzen hasiak ginen, beltz ikusten genuelako sailkapena. Baina azken partida irabazita, eta ikusita gure esku dagoela, berriz piztu gara eta azken txanpa gogo biziz hartuko dugu.

Taldeak behera egin zuen partida baten batez ere, bere izaera galduta ibili zen, baina ordutik hona, berriz gorantz zatozte.

Ardoiren aurkako partida izan zen neurketa txar hori. Ez zen gaizki ibili ginela bakarrik izan, taldeak eman zuen itxura izan zen kezkagarriena, borrokatzeko gogo gabe ibiliko bagina bezala. Baina azken bi partidak nahiko itxurosoak izan direla esango nuke. Burlataren aurka ondo borrokatu genuen, eta Gernikaren aurkakoan, borrokatu bakarrik ez, garaipena ere eskuratu genuen. Geroz eta gusturago gaude.

Eta gelditzen zaizkizuen hiru partida hauetatik zein uste duzu izango dela gakoa?

Nik uste Portugaleteri irabaztea izango dela gakoa. Ibaetarekin zailagoa izango da, nahiz eta saiatuko garen eta suerte pixka batekin dena erabakita utziko dugun etxean, azken neurketara itxaron gabe. Baina Portugaleteri irabaztetik etorriko da guztia.

Denboraldi hasieran uste al zenuten horren liga borobila egingo zenutenik?

Urteroko helburua da pausu bat aurrera ematea, baina inondik inora ez genuen uste lehen itzulia horren perfektua egingo genuenik eta horren gora begira egongo ginenik. Gauzak nola joan ziren ikusi eta gero, hasi ginen pentsatzen play off-ak jokatuko genituela; nahiz eta bigarren itzulian, partida batzuk galdu genituenean, pixka bat ezkor jarri ginen. Oraindik gure esku dago, eta horrek beste ilusio eta motibazio bat pizten du guregan.

Lehen itzulia amaitu zenean, baten batek baino gehiagok esan zuen Teneriferako hegazkin txartelak ordaintzeko dirua nondik atera ikusi beharko zela.

Jajajaja. Ez genekien non jokatuko ziren LF2rako igoerarako Espainiako kanporaketak, baina batzuk, ni barne, brometan hasi ginen ia nora tokatuko zitzaigun ametsetan, lehen sailkatua zuzenean pasatzen delako. Hori, baina, dagoeneko urrun gelditzen zaigu, eta lehenengo bosten artean sartzearekin konformatu beharko dugu,eta play off-ak jokatzen ahalik eta gehien disfrutatu: esperientzi berri bat izango da eta aprobetxatu egin behar dugu. Izan ere, espero dut sailkatuko garela.

Egin duzuena baino gehiago egin al daiteke emakumezkoen saskibaloira jendea erakartzeko?

Bai. Azkoitiko kiroldegira eta baita Azpeitikora ere jende dezente etorri izan da gure partidak ikustera. Azpeitiko kiroldegian agian ez da gehiegi nabaritzen harmaila handia denez, betetzeko zaila delako. Baina irabazi eta irabazi ibili garen horrekin, jende askok galdetu digu ia nola gabiltzan, eta pentsatu izan du "hauek ikustera joan beharko dugu". Zenbaitek jarraitzaile bihurtzen amaitu dute. Gu horrekin ere asko poztu gara, konturatu garelako ez dela bakarrik mutilen saskibaloia, gure atzetik ere jendea badabilela. Nik, berez, ez dut sekula sentitu hemen inportantzia gutxiago ematen zaionik emakumeen lanari, baina egia da gizartean errotua dagoen zerbait dela kirola gizonezkoen gauza bat dela eta horregatik dituzte jarraitzaile gehiago. Baina guk ere baditugu gureak eta horrek poztu egiten du bat.