Eta zergatik ez?

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko api. 7a, 11:42

Azpeitia Azkoitia ISBk neurketa serioa jokatuta eta Guridiren eta batez ere Okoyeren lan ikusgarri bati esker, garaipen polita lortu eta play off-etan sartzeko aukerekin jarraitzen du.

Bi talderen artean sailkapenean horrenbesteko parekotasuna dagoenean, beraien arteko neurketak parekatuak izatea espero izaten da. Eta gainera bai batzuek eta baita besteek ere helburu antzekoak dituztenean denboraldia amaitu bitarte, oraindik eta gehiago. Azpeitia Azkoitia ISB jakinaren gainean zegoen O Pombalen jokatzea beti izaten dela oso zaila, zaletu galiziarrak asko estutzen baitu Conservas de Cambadosen alde, baina Iker Buenoren jokalariek, denboraldia ahalik eta hobeen amaitzeko ilusioa berreskuratu dute, aurreko astean Askatuaken kontra irabazita, bolada txarrari agur esan eta salbazioa matematikoki lortu eta gero. Eta batez ere laugarren laurden ikusgarri batean, taldeak bere esperantzari mantendu nahi diola erakutsi du.

Lehen zati oso serioa jokatu dute Iker Buenoren mutilek. Topera irten dira hasiera-hasieratik eta alde egin dute markagailuan. Arruti, Guridi eta Okoye hirukoteak erantzukizuna hartu du erasoan eta behin eta berriz min egin du. Nabarmentzekoa batez ere Ibon Guridik egindako lana (atsedenaldira 25eko balorazioarekin iritsi da), beti bezala atzean lan txukuna egin duelako baina aurrean puntuak sartzeaz gain, asistentziak banatzen ere aparteko lana egin duelako. Taylor Douglas eta Rodriguez agertzen ziren bakoitzean lortzen zuten etxekoek distantzia pixka bat murriztea, baina gipuzkoarrek lana serio egin dute eta aurretik mantentzea jakin izan dute. Lehen laurdena 16 eta 17 amaitu da. Bigarren laurden hasieran berriz ere alde egiten saiatu da Iker Buenoren taldea, baina ez du guztiz lortu eta etxekoek berriz gerturatzea lortu dute. Hala ere markagailuan Azpeitia Azkoitia ISBk agintzen zuen eta taldea suspertzeko minutu eta erdiren faltan ISBko entrenatzaileak eskatutako hutsartea gakoa izan da. Imanol Zubizarretak hirukoa sartu du eta Guridik bere lanarekin jarraitu du. Atsedenaldira: 31 eta 38.

Hirugarren laurdenean ere ondo eutsi diote gipuzkoarrek etxekoen ahalegin orori. Cambadosek behin eta berriz hiruko marra bilatu du, eta behin baino gehiagotan aurkitu ere bai, baina Zylek lehen zatian eduki ez duen protagonismoa bilatu du minutu hauetan eta puntuak eman dizkio bere taldeari. Rodriguez eta konpainia ez zeuden horren eroso, Zyle eta Okoye nagusi baitziren taula-azpian. Baina Merinok lortutako 2+1eko batek eta Reyk egindako lanak asko estutu dute beste behin markagailua eta Diopek partida hasi denetik lehenengo aldiz aurretik jarri du bere taldea laurdena amaitzeko 23 segundoren faltan. Hala ere, hirugarren laurdena 54 eta 55 amaitu da. Partida asko estutu da eta minutu askoan horrela jarraitu du. Hori bai, Azpeitia Azkoitia ISB aurretik ibili da. Uclések puntuak lortu ditu eta Okoye jaun eta jabe izan da zona barruan. Guridiren lehen zatia nabarmentzekoa izan bada, amerikarraren bigarrena txapela kentzekoa izan da, 19 puntu sartzeaz gain, 15 errebote eskuratu ditu. Eta lehen zatian Imanol Zubizarretaren hiruko batek indarra eman badio taldeari, oraingoan Uclések lortutako batek berriz ere markagailuan ihes egiten lagundu dio Iraurgi SBri. Okoyek gainera bere erakustaldiarekin segitu du eta amerikarraren birrintze baten ondoren Yago Casalek hutsartea eskatu behar izan du 3 minutu eta 44 segundoren faltan, gipuzkoarrak 12 puntu goitik baitziren, 0 eta 15eko partzial baten ondoren. Baina Uclés-Okoye bikoa gelditzea ezinezkoa izan da etxekoentzat eta azkenean gipuzkoarrek 9 puntu kontra zuten aberagea ere eskuratu dute: 60 eta 73. Hamargarren postura egin du salto Azpeitia Azkoitia ISBk gaurko garaipenarekin. Playoffetan sartzea ez dago bere esku, azken jardunaldian Araberriri irabazteaz gain, Zornotzak galdu egin beharko bailuke Avilan. Baina behin esperantzari kondenatua egonda, zergatik ez da ba lortuko?

Saskiratzaileak: (16-17/31-38/54-55/60-73)

CONSERVAS DE CAMBADOS: Diop (7), Paz, Vaquero (6), Orellano, Rodriguez (9), Mato, Rey (9), Caetano (7), Merino (4), Oubiña (7), Douglas (9) eta Patiño (2).

AZPEITIA AZKOITIA ISB: Assalit (4), Arruti (10), Uclés (15), Zubizarreta (3), Ibargutxi, Zyle (8), Barberena, Guridi (14), Lasa, Cubela eta Okoye (19). 

MVP: Okoye (28).