Erabakigarria izan daitekeen garaipena

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko api. 8a, 18:00
Partidako une bat. (Iraurgi Saskibaloi Taldea)

Zurt Taberna ISBk 31 eta 50 irabazi zuen Portugaleten eta lehen gertu zituen play off-ak, are gertuago ditu.

Denboraldiko fase erregularra amaitzeko bi partida besterik ez zaizkio gelditzen Zurt Taberna ISBri eta bi garaipeneko aldea dauka Ardoirekiko (seigarren sailkatua). Hori bai, nafarrek basketaberagea irabazita dute gipuzkoarrekiko eta, beraz, Joseba Lizarralderen neskek ez dute igoera kanporaketetarako sailkapena guztiz lotuta. Hala ere, atzamar puntekin ukitzen hasi dira, Portugaleten irabazi izanak eta duten egutegiak, lehen bost sailkatuen artean egoteko aukerak handitzen dituelako.

Astean zehar ondo mentalizatu ziren Iraurgi SBko neskak Portugaleten jokatu behar zuten partidarako. Jakin bazekiten helburua lortzeko nahi horretan, igandean jokatu beharreko neurketa, denboraldiko neurketarik garrantzitsuena izango zela seguruenik. Horregatik, eta aurreko astean Gernikaren aurka lortutako garaipenak lagunduta, ilusioz beterik joan ziren Bizkaira jokatzera. Hala ere, neurketa ez zuten nahi bezain ondo hasi. Etxekoek sei eta hutseko partziala lortu zuten kanpotarren gorputzean beldur pixka bat sartuz, baina horren kontrako erremedioa topatu zuen Zurt Taberna ISBk. Errebotea ixten hasi eta erasoan errezitala ematen hasi ziren. Baloia bikain mugitu eta behin eta berriz aukerarik onena topatu zuten, bai barruko jokoan eta baita kanpotik ere. 2 eta 22ko partziala egin, eta markagailua alde ipini zuten. Hortik aurrera, eta erasoan gehiegi asmatu ez bazuten ere, eroso jokatzeko aukera izan zuten, izan ere, defentsan lana bikain egiten jarraitzearen ondorio izan zen laurden oso batean Portugaletek bost puntu besterik ez lortzea. Modu honetara, atsedenaldian 20 puntuko aldea zuen Zurt Taberna ISBk: 13-33.

Partida erabakitzeko bidean zuten gipuzkoarrek, baina Joseba Lizarralderen neskek ez zioten lana egiteari utzi. Egia da erasoan ez zutela gehiegi asmatu, baina etxekoak gehienez 15 puntura gerturatu ziren eta horrek ekarri zuen azken laurden lasaia jokatu ahal izatea. Defentsan sendo jarraitu zuten, eta azkenerako nahiko erraz irabazi zuten: 31 eta 50.

Hurrengo igandean Azpeitiko kiroldegian bigarren sailkatua den Donosti Basket Bera Beraren aurka jokatuko du Zurt Taberna ISBk. Aurkari paregabea da Iraurgi SBko neskak animatzera joateko: aurkaria goi mailakoa delako, etxean jokatuko duten azken partida izango delako, eta azkenik, irabazi ezkero, matematikoki lortuko duelako play off-etarako sailkapena Zurt Taberna ISBk.

Saskiratzaileak: (8-21/5-12/10-7/8-10)

PORTUGALETE: Nuñez (4), Arza (2), Incera (10), Fernandez, Martinez (2), Rey (2), Meledregar (2), Fernandez (6), Santos (3).

ZURT TABERNA ISB: Garazi (7) Eider, Sara, Irati, Maite Zubizarreta (13),Intza Lizarazu (10), Berezi (9) Maitane (6), Itsaso (5).