Azpeitia Azkoitia ISBk igoera faserako txartela izango du jokoan, biharko partidan

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko api. 11a, 13:58
ISBren partidu bateko argazkia.

Azpeitia Azkoitia ISBk zaleen babesa beharko du playoffetara sailkatzeko. Horregatik, sarrera doan izango da bihar, larunbata, 20:00etan, Araberriren aurkako lehian.

Iritsi da Zilarrezko Leb ligako fase erregularreko azken jardunaldia, eta Azpeitia Azkoitia ISBk oraindik playoffetan sartzeko aukerak ditu, azken bi partiduetan garaipena lortu baitu. Horretarako, bi bide dauzka: Araberriren aurkako derbia irabazi eta Zornotzak Avilan galdu dezala itxarotea edo bide zailagoa, larunbatean galdu arren, Zornotzak Avilan eta Cambadosek Castellon galtzea. Azken hori gertatuz gero, hiruko berdinketa gertatuko litzateke Iraurgi SB, Zornotza eta Marinen artean, eta Iker Buenoren taldea litzateke hiruetan garaile. Besteen zain egon beharra, ordea, ez da gozoa, eta hobe da emaitza baten menpe egotea, biren menpe egotea baino. Horregatik, ISBko jokalariak etxeko lanak egitera irtengo dira larunbatean 20:00etan Azpeitiko kiroldegian. Araberriri irabazi behar zaio, eta gero, gerokoak.

Iurgi Caminosen taldea garaitzea, ordea, ez da batere erraza izango. Bi taldeek bikain ezagutzen dutelako elkar, arabarrak bolada bikaina dutelako, azken hiru partiduak irabazita eta playoffetara begira sasoi betean; eta, azkenik, zortzigarren postua ziurtatua izanagatik, gasteiztarrek badakitelako derbiaren garaipena baino zerbait gehiago dagoela jokoan. Lehen itzulian, bost puntugatik galdu zuten gipuzkoarrek Mendizorrotzan jokatutako neurketan. Hala ere, emaitza nahiko engainagarria da, hirugarren laurdenean alde egin baitzuen Araberrik markagailuan; eta, horregatik, azken minutuetan bakarrik lortu baitzuten markagailuan gerturatzea Azpeitia Azkoitia ISBkoek. Hiru zutabe nagusi ditu Irugi Caminosek bere jokoan: Malick Story eskoltaren (taldeko jokalari baloratuena) jaurtiketak, Oscar Rayak taula azpian egiten duen lan gogorra eta Nestor Zamoraren gidaritza.

Hala ere, Iker Buenoren taldeak badaki jokalari asko dituela zaintzeko; hala nola, Ales Arcelus edo Jon Uriarte bezalako hegaleko altuak edota joanekoan sekulako sarraskia egin zuen Art Bernardi bera. Beraz, partidu gogorra espero da, eta azken bi norgehiagoketan egindako defentsako lan ona errepikatzea behar-beharrezkoa izango da, horrek mantenduko duelako bizirik taldea.

Baina partiduko gakoa zaleek jarri dezaketen giroa izango da. Derbiak beti izaten dira bereziak, eta are gehiago, azken jardunaldian jokoan zerbait egonez gero. Oraingo honetan, Azpeitia Azkoitia ISBk  asko dauka jokoan, eta zaleen laguntza ezinbestekoa izango da. Horregatik, klubak Azpeitiko kiroldegiko ateak irekiko dizkio partidura joan nahi duen orori. Aurkariek beti goraipatu izan dute Iraurgi SBko zaleek partiduetan jartzen duten berotasuna, baina oraingo honetan harmailek eztanda egin behar dute. Helburuak merezi du.