Agur denboraldia, agur Joseba!

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko api. 14a, 11:44
Iraurgi SBko ordezkariak eta Joseba Ibargutxi partidaren amaieran. (ISB)

Azpeitia Azkoitia ISBk etxeko lanak ondo bete ditu Araberriri 79 eta 61 irabazita, baina Zornotzak ez du huts egin eta play off-etatik kanpo gelditu dira Iker Buenorenak.

 

Fase erregularreko azken neurketa eta neurketa berezia gaurkoa. Batetik jokoan zegoenagatik, bestetik, Araberriren aurkako derbya jokatzen zelako eta azkenik, Joseba Ibargutxik merezitako omenaldia jaso duelako partida hasi baino lehen. Taldeko joko antolatzaile, kapitain eta bigarren entrenatzaileak jokatzeari utziko dio eta Iraurgi SBn eman dituen bederatzi urteek horrenbeste merezi zuten. Momentu polita izan da 10arekin bizitakoa, baina neurketan bero-bero sartu beharra zeukan taldeak, Zornotzak galduko zuen esperoan, Iker Buenorenek derrigorrean gaur irabazi egin behar baitzuten. Azpeitia Azkoitia ISBk ondo bete ditu etxeko lanak, baina Zornotzak ere ez du huts egin eta play off-etatik kanpo gelditu da ISB.

Partida hasiera ez da bat ere ona izan. Batzuek eta besteek huts gehiegi egin dituzte erasoan. Baloi galdu asko ikusi dira eta gehienak nahiko inozoak. Batzuen urduritasunak eta besteen tentsio faltak agian sortu dute hau. Gutxika-gutxika baina, etxekoak partidaz jabetzen hasi dira. Errebotea zaindu eta korrika egiten saiatuz. Baina korrika saio horiek prezipitazioa ekarri dute berarekin eta Storyk partida parekatu du. Baina Arrutik bere talde ohiaren aurka erantzukizuna hartu du erasoan eta Xavi Assalitek jarritako presioak eta Uclesek emandako puntuek lagunduta alde egin du etxeko taldeak markagailuan. Lehen laurdenaren amaieran 19 eta 11. Hurrengo minutuetan ere presioa egiten jarraitu defentsan Azpeitia Azkoitia ISBk eta defentsa tenkatu horrekin baloiak erraz berreskuratu ditu. Iurgi Caminos hutsartea eskatzera behartuta ikusi da. Bere jokalariek erantzun nahi izan diote baina Arruti geldiezin bihurtzen zebilen eta etxekoek abantaila mantentzeaz gain handitu egin dute. Lasa eta Zyle ere erakustaldira apuntatu dira eta kanpokoen ezina etxekoen haize ufadaren aurrean handitzen joan da. Azken minutuan gipuzkoarrek egindako huts batzuk tarteko markagailua pixka bat txukundu du Araberrik, baina hala ere, atsedenaldira lasai joateko moduan ziren etxekoak: 46 eta 29.

Partida oso ondo bideratuta zegoen baina lanean jarraitu beharra zeukaten Iker Buenorenek eta gehiago kontutan hartuta parean Story bezalako jokalariak zeuzkatela. Amerikarrak bere eskopeta ondo kargatuta atera du hirugarren laurdenean eta bere taldea gerturatu du markagailuan. Gipuzkoarrak ezin punturik batu ibili dira minutu askoan eta erasoko errebotean egindako minak bakarrik eragotzi du kanpokoek neurketa gehiago ez estutzea. Arrutiren eta Orozen bi hirukok berriz ere haiza eman diote baina hirugarren laurdenak ez zeukan lehen zatiaren bat ere antzik. Kanpokoak nagusi ziren eta laurden amaierara 58 eta 49 iritsi dira. Partida okertzen zebilen Azpeitian eta Avilatik ere ez ziren notizi onak heltzen. Behera etorri gabe, lanean sendo jarraitu besterik ez zegoen eta Arrutik, beste behin, gidatu du bere taldea. Iraurgi SBk, 10 puntu inguruko aldea mantentzen jakin izan du hortik aurrera. Lasak hori horrela izateko beretik asko jarri du. Tolosakoak gehiago nahi zuen ordea, eta bere taldeari ihes egiten lagundu dio. Hortik amaiera arte nagusi izan dira etxekoak eta 79-61 irabazten amaitu dute. Joseba Ibargutxik gainera kantxa gainean esan ahal izan dio Iraurgi SBko zalegoari, beste lau gipuzkoar kantxan berarekin zirela. 

Saskiratzaileak: (19-11/46-29/58-49/79-61)

AZPEITIA AZKOITIA ISB: Arruti (22), Uclés (20), Zubizarreta (2), Guridi eta Okoye (2) –bosteko nagusia- Assalit (5), Oroz (3), Ibargutxi, Zyle (9), Barberena, Lasa (16) eta Cubela.

ARABERRI BC: Zamora (6), Uriarte (2), Buesa (8), Raya (5) eta Story (21) –bosteko nagusia- Bernardi (4), Lorenzo (5), Portalez (2), Carrera, Arcelus (6) eta Hernandez (2).

MVP: Arruti (20)