Oroz eta Astigarraga, Iraurgi SBko bi harribitxi

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko api. 14a, 11:49
Oroz eta Astigarraga. (ISB)

Xabier Orozek Mannheimeko Txapelketa jokatuko du Aste Santuetan Espainiako 18 urtez azpiko Selekzioarekin; Astigarraga Eslovakiara joango da 16 urtez azpikoarekin.

Pasa de astean Espainiako Saskibaloi Federazioak, Udako Europako eta Munduko Txapelketatara begira, behe mailetako selekzioetako aurre-deialdiak eman zituen. Bertan, Iraurgi SBko hiru jokalari irakur litezke: Xavi Assalit, Zilarrezko Leb ligako taldeko jokalaria eta Xabier Oroz eta Aitor Astigarraga. Neska euskaldun ugari sartu baldin badute ere zerrenda honetan, mutilei dagokienez, hiru euskaldun besterik ez daude: Estudiantesen jokatzen duen Dario Brizuela donostiarra eta Iraurgi SBko bi jokalariak. Aitor Astigarragak dioen moduan: "Beste taldeen zerrenda ikusten duzu eta guztiak dira Endesa ligako taldeen harrobikoak eta gurea izango da seguruenik apalena. Agian izan daiteke Euskal Herrian harrobiak beste modu batera ere lantzen direlako, baina nabarmentzekoa da Iraurgi SBko lana". Xabi Oroz ere ados dago bere lagunarekin Iraurgi SBren harrobian azken urteetan egiten ari den lanaren inguruan: "Azken urteetan talde guztiek Euskal ligan goi aldean amaitu dute, talde lehiakorrak dira beti Iraurgi SBkoak eta hori egunero egiten den lan gogorraren fruitua da".

Ez batak eta ez besteak ere ez du atsedenik izango Aste Santuetan. Maletak hartu eta estranjerira jo beharko baitute. Xabier Orozek Mannheim-eko Txapelketa jokatuko du Espainiako 18 urtez azpiko Selekzioarekin. Txapelketa hau, Munduko Txapelketa ofiziosoa bezala hartzen dute adituek eta etorkizuneko izarrak izango direnek jokatzen dute Alemaniako herri honetan.  Alemaniako Saskibaloi Federazioak eta Estatu Batuetako armadak antolatzen duen Torneo hau bi urtetik behin jokatzen da eta azken txapelduna Espainia izan zen. Beraz, Oroz eta konpainia talde faboritoetako bat izango da aurten ere. Aitor Astigarraga berriz, Eslovakian egongo da apirilaren 15etik 20ra, bertan Espainiako 16 urtez azpiko Selekzioarekin lagunarteko Txapelketa bat jokatuko baitu. "Lana gogor egin eta ondo pasatu, hori da nire helburua Mannheim-en", dio Orozek.

Selekzioko partaide izatea ez da esperientzia berria beraientzat, aurrez ere FEB-eko hautatzaileek deitu izan dituztelako. Baina Xabi Orozek argi dauka: "Lehenago egona izanagatik, notizi berria izango balitz bezala hartu beharra dago". Aitor Astigarragak bazuen esperantza txiki bat, baina ez zeukan oso argi deialdian izango zenik: "Esperantza txiki bat beti izaten da baina sekula ez duzu pentsatzen bai, joango naiz". Harribitxi hauek ezagutzen dituenak ondo daki umiltasunez eta lana gogor eginez lortu dutela deialdietan sartzea. Hala ere, ez dute euren burua taldeko erreferentzi moduan ikusten. "Gure taldean, nahiz eta urte bat gazteagoa den, Acoydan McCarthy nabarmenduko nuke. Hegaleko oso altua da, atletikoa eta fisikoki gogorra. Nik uste bera izango dela erreferentzia, nahiz eta Victor Moreno edo Maxim Esteban bezalako jokalariak ere nabarmenduko direlakoan nagoen", dio Astigarragak. Orozek berriz, bere postuan dauka batez ere konpetentzia latza: "Nire postuan dagoeneko jokalari batzuk izena hartzen hasiak dira. Adibidez, Carlos Martinezek Euroligan egin du debuta jada Laboral Kutxarekin edo Marc Garciak ere Bartzelonaren bigarren taldearekin Urrezko Leb ligan minutuak jokatu ditu. Bi hauek nire postuan eta besteei dagokienez, gehienak talde handietako jokalariak dira, Real Madril, Bartzelona, Joventut, Cajasol… eta horrek esan nahi du maila edukiko dutela". Hala ere, aurrez duten esperientziak eta jokalari gehienak ezagutzeak lan gogor egiteko lagunduko diotela pentsatzen dute: "Beti sartzen dira jokalari bat edo bi berriak listan baina gehienak ezagunak dira guretzat eta horrek asko errazten ditu gauzak", dio Astigarragak eta Oroz ere ados dago baieztapen horrekin: "Azkenean, momentu gogorrak pasatzen dituzunean, entrenamenduak oso gogorrak izaten baitira, inguruan jende ezagunak eta lagunak dituzunean, elkar laguntza askoz ere hobea izaten da, konfiantza badaukagulako bata bestearengan eta guztiak berriak balira hori lortzea zailagoa izaten da".

Aste Santuetan egiten den lana erabakigarria ez bada ere, oso garrantzitsua da. Izan ere hautatzaileek oso kontutan hartzen dute udako azken deialdirako, nahiz eta azken erabakia beti Txapelketa aurreko kontzentrazioan hartzen den. Oraingoan behintzat gozatzeko asmoz doaz bai bata eta baita bestea ere: "Sari bat bezala hartu behar da eta gero datorrena etorriko da eta beste sari bat badator askoz ere hobeto". Txarrena, bai Glual Hydraulics ISBk eta baita Grupo Zaher ISBk jokatuko duten Euskal Ligako Lauko Finala galduko dutela da, baina sakrifizioak merezi du.