Lauko finalera!

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko api. 15a, 18:47
Zurt ISBko jokalariak. (ISB)

Zurt Taberna ISBk Donosti Basket Bera Berari 50 eta 44 irabazita matematikoki eskuratu du igoera fasera sailkatzeko play off-ak jokatzeko txartela.

Ez dute berehala ahaztuko Zurt Taberna ISBko neskek apirilaren 13a, LF2rako igoera fasera sailkatzeko play off-ak jokatzeko sailkatzea lortu baitzuten. Egia da, Tabirakok goizez Ardoiri irabazi eta gero matematikoki sailkapena poltsikoratu zutela Lauko Finalerako, baina Donosti Basket Bera Bera bigarren sailkatuari irabazita, bosgarren postua baino gorago amaitzeko aukera daukate. Izan ere, 18 garaipenekin berdinduta daude Atletico San Sebastian sailkapeneko laugarren taldearekin eta horiek 19 garaipenekin dagoen Donosti Basketen aurka jokatuko dute azken jardunaldian. Donostiarren arteko derbiko emaitza edozein dela ere, eta Zurtek Banco Mediolanumi irabazten badio, laugarren amaituko du, Atco. San Sebastianek galduta talde hori pasako lukeelako sailkapenean eta alderantziz, hiruko berdinketa batean, Donosti Basketek amaituko lukeelako bosgarren.

Jardunaldiko talderik kaltetuenetakoa izan da Donostia Basket Bera Bera. Azpeitiko kiroldegira iritsi ziren lehen postuaren bila. Tabirako Bizkaiko taldearekin lehian ziren igoera faserako zuzenean txartela ematen duen lehen postu hori lortzeko eta Zurt Taberna ISBren aurka irabaztea behar-beharrezko zuten horretarako. Gainera, etxekoek baja garrantzitsuak zituzten, ez Garazi eta ez Naroa ez baitzeuden jokatzeko eta joko antolaketan hutsunea eduki zezaketen, baina ez zuten uste Maite Galdosek eta Maren Loiolak horren ondo erantzungo ziotenik erronkari. Izan ere, Iraurgi SBko neskek sekulako erritmoa jarri zioten partidari lehen minutuetan. Defentsan lana erruz eginez, sekulako zailtasunak jarri zizkieten donostiarrei. Hauen jokalari garaiek ia baloirik ez zuten ukitu eta jaurtitzaile finak edukitzeak ere ez zien balio izan, eroso ezin izan zutelako jaurti. Modu horretan, etxekoak kontraerasora irtetea lortu zuten behin eta berriz, hamar puntuko aldea zabaltzeraino. Lehen laurdenean zazpi puntuan utzi bazituzten kanpotarrak, bigarrenaren hasieran gehiago lortuko ez zituztela eman zieten aditzera ISBkoek Donosti Basketekoei. Hala ere, kanpotarrak defentsan gehiago sakatzen hasi ziren eta kanpotik jokatzeko arazoak eduki zituzten. Orduan Itsaso agertu zen, erasoko buruko min guztiak uxatzeko. Barruan berarekin jokatzen hasi eta puntuak hortik etorri ziren behin eta berriz, momentu batzuetan geldiezin bihurtu baitzen. Kanpotarrak sufritzen zebiltzan defentsan, baina erasoan gozatzen hasi ziren. Euren kalitatea plazaratzeko aukera eduki zuten eta horri esker atsedenaldia heldu orduko lau puntura gerturatuta zeuden: 27-23.

Ez ziren kikildu baina Joseba Lizarralderen neskak. Hirugarren laurdena hasi bezain laster 6 eta 0ko partziala egin zuten eta hamarreko aldea zabaldu zuten berriz. Baina horren kontrako erremedioa azkar asko topatu zuten donostiarrek. Kanpotik jaurtiketak egiten hasi eta hirukoa bata bestearen atzetik sartuz, markagailuari buelta ematea lortu zuten. Hortik aurrera lehia oso estua ikusi ahal izan zen. Talka batek alde batean, kolpea beste uztaian bigarrenak. Saskiratze bakoitzak urre pisua hartu zuen. Azken minutuetan baina, etxekoek burua hotzago mantentzea lortu zuten eta Azpeitiko kiroldegian batutako zaleen gozamenerako eta Maite Zubizarretak jaurtiketa libreen eremutik eduki zuen efikaziak lagunduta, 50 eta 44 irabazten amaitu zuen Zurt Taberna ISBk. Partida serioa eginez eta defentsa bikainarekin lortutako pisuzko garaipena, Lauko Finalean ate handitik sartuz.

Saskiratzaileak: (15-7/12-16/9-13/14-8)

ZURT TABERNA  ISB: Eider Iturralde, Sara, Maite Galdos (2), Irati (3), Maite Zubizarreta (10), Intza Lizarazu (13), Berezi (2), Maitane (5), Itsaso (15) Maren Loiola.

DONOSTI BASKET: Gabilondo (3), Toral (7), Telleria, Mitxelena (8), Sagrado (5), Aldalur (7), Murillo, Leibar, Ormaetxea (7), Olazabal (2), Vazquez (5).