Aritz Aldalur: "8a jarriko nioke taldeari, oraindik denboraldia ez da amaitu eta aukera dugu 10era iristeko"

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko api. 22a, 12:12
Movilquick Azpeitia ISB junior nesken taldea. (ISB)

Aritz Aldalur azpeitiar gaztea Movilquick Azpeitia ISB junior nesken taldearekin denboraldi historiakoa burutzen ari da Euskal Ligako lehen postuan amaituz. Nesken lana goraipatu du, baina oraindik jokoan asko dagoela eta , lanean gogor jarraitzeko asmoz dago.

Denboraldia sekulakoa da. Ezin kexatuko zara.

Bai egia da, oraingoz oso ondo doa, bai, juniorretan eta baita seniorretan ere, baina oraindik ez da amaitu eta ikusi egin behar nola bukatzen den guztia. Junior mailan, oso liga parekatua da, badaude lau edo bost talde maila antzekoa dutenak eta lehen fasean, batzuek bigarrenerako indarrak gordetzen dituzte, horregatik nahiko engainagarria izan daiteke. Batzuek seniorrekin jokatu ohi dute eta partidu batzuetara agertu ez, beraz emaitza horiek ezin dute benetako maila islatu. Guk bigarren postuan amaitu genuen fase hau, baina bigarrenean ikusi da, parekotasuna askoz handiagoa dela eta momentu puntualetan gehien asmatu duenak amaitu du lehen. Kasu honetan gu, bi partidu bakarrik galdu ditugulako eta biak ere emaitza oso estuarekin.

Iaz entrenatzaile onenaren saria eman zizuten klubean. Aurten…

Kar, kar, kar. Hori anekdotikoa da. Aurten kadetetan eta beste talde askotan izugarrizko maila eman da. Nesken saila egiten ari dena historikotzat jo genezake. Bai behintzat emaitzen aldetik eta horrek esan nahi du lana ondo egiten gabiltzala. Egia da arazoak ere egon direla, baina hori talde guztietan gertatzen den gauza bat da, eta seguru, hobetzeko ere badaudela hainbat gauza, baina emaitzek erakusten dute zer nolako lana egiten den Iraurgi SBn.

Espainiako Txapelketarako txartela lortu duzue Movilquick Azpeitia iSBrekin, Euskal Ligako lehen postuan amaituta. Noiz jokatuko duzue Txapelketa hori?

Maiatzaren 11tik 13ra jokatuko dugu lehen fasea, eta hortik aurrera tokatzen dena, zenbat eta urrunago heldu orduan eta gehiago luzatuko dugu Guadalajaran gure estantzia. Aurrez baina, Euskal Ligako Lauko Finala jokatuko dugu, Apirilaren 26 eta 27an, etxean, Azpeitian. Ia jendea gerturatzen den Txapelketa ikustera, animoak beharko ditugu eta afizioaren aldetik. Gure kontrarioak izango direnen aurka etxetik kanpo nahikoa lan izan ditugu eta ia etxean eta zaleen babespean titulua eskuratzerik daukagun.

Aurreko urtean lortutako sekulakoa izan zen, baina denboraldi honetan hobetu egin duzue. Ze helburu jartzen diozue gelditzen zaizuenari?

Guk helburua oso argi daukagu. Iaz ez bezala badakigu aurten “faborito kartela” guri jarriko digutela, eta gainera etxean jokatzen dugu. Beraz final-erdietan gogor borrokatu behar dugu finalerako txartela lortzeko eta hor ere berdin jokatu, titulua eskuratzen saiatzeko. Bi partiduak aurrera ateratzeko ahal dugun guztia egingo dugu eta daukagun guztia emango dugu. Urte guztian zehar izan dugun lema bukaera arte borrokatzen segitzea izan da, partidua nola doan ahaztuz. Bai juniorretan eta baita seniorretan ere horrela jokatu dugu. Eta gelditzen diren partiduetan berdin jokatu beharra daukagu. Gero emaitzak etorriko dira edo ez, baina gure identitatearekin jarraitu beharra daukagu.

Eta Espainiako Txapelketara begira?

Kontutan hartu behar dugu Espainiako Txapelketa oso diferentea dela. Beti egoten dira 10 bat talde maila gorenekoak eta gu momentuz ez gara maila horretara iristen, baina iaz lehen fasea pasatzea lortu genuen eta hori lorpen handia izan zen guretzat, eta talde handien aurka aurpegia eman genuen. Aurtengo txapelketarako helburua erdi maila horretan sartzea beharko luke, nahiz eta tokatzen zaizun multzoak asko baldintza dezakeen azken emaitza. Hori bai edozeinen aurka borrokatzeko kapaz garela uste dut. Iaz joan ginenean pentsaera berdinarekin joan ginen: lana gogor egin eta disfrutatu. Eta aurten ere helburuak berdina izan behar du. Ez goaz egun pasa, lehiatzera baizik, baina gure mailan. Nik nahi dudana da, emaitza dena delakoa izanda, partidu amaieran daukagun guztia eman izanaren sentsazioarekin bukatzea.  

Neska hauentzat ere ez da erraza izango denboraldia. Azken finean askok, juniorrekin eta seniorrekin jokatuz, lana bikoiztu behar dute.

Egia da saturazio puntu batera iritsi daitezkeela. Gu azkenena saiatzen gara pixka bat leuntzen eta nagusiekin entrenatu behar badute batzuetan jai ematen diegu, beste batzuetan entrenamendu erdia burutzen dute. Nik ulertzen dut beraiei ere kosta egiten zaiela, larunbat eta igandetan jokatu behar izatea gogorra delako, eta hori kontutan hartu gabe Euskal Selekzioaren deialdiak. Bizitzeko denbora ere behar dute, guztia ez baita saskibaloia bizitza honetan. Baina neskak lanerako gogotsu daude eta ahal duten guztia ematen dute. Nik uste zurt Taberna ISB egiten ari dena ikusteak eta beraiek ere horren partaide izan daitezkeela sentitzeak lanerako gogoa ematen diela.

Eta taldeari nota bat jartzea eskatuko bagenizuke?

Zortzia jarriko nioke taldeari. Oraindik denboraldia ez da amaitu eta orain dugu aukera 10era iristeko. Gernikan azkeneko neurketa jokatu genuenean eta ospakizunetan murgilduta geundela horrela esan nien, ospatzeko momentua bazela, baina oraindik hau ez dela amaitu eta lanean jarraitu beharra zegoela. Guztiei aurpegia aldatu zitzaien, baina badakite gure esku daukagula Titulua eta horretan saiatu behar dugula.