Gerdau Azkoitia ISBk Euskadiko Txapelketa irabazi du

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko mai. 6a, 14:43
Gerdau taldea. (Iraurgi SB)

Luis Agirreren neskek 64 eta 60 irabazi zioten Loiola Indautxuri, Azpeitiko kiroldegian jokatutako finalean.

Majo sufrituta, baina titulua etxean gelditu zen. Loiola Indautxurekin denboraldian zehar edukitako parekotasuna finaleraino eraman zuen Gerdau Azkoitia ISBk, baina Luis Agirreren neskek lortu dute Euskadiko Txapeldun izatea, Lauko Finalean lau puntuko aldeagatik irabazita.

Larunbatean aurreikuspenak bete ziren. Lehen finalerdia jokatu zuen Gerdau Azkoitia ISBk Durangoko Tabirako Baqueren aurka. Faboritoak ziren Iraurgi SBko neskak, denboraldian zehar beti nagusi agertu baitira, baina Bizkaiko taldeak estu hartu zituen, eta ez zuten partida puskatzerik izan etxekoek; 6 eta 8 puntu azpitik ibili ziren neurketa guztian. Azkenean, baina, gerora txapeldun izango zen Gerdau Azkoitia ISBk 72 eta 66 irabazi zuen norgehiagoka. Bigarren finalerdian, berriz, Loiola Indautxuk neurketa erosoagoa jokatu zuen. Egia da Easoren aurkako lehen zatia oso parekatua izan zela, baina hirugarren laurdenetik aurrera, Bizkaiko taldeak apurtu egin zuten neurketa eta 63 eta 48 nagusitu zen.

Finalean, etxekoek kontrolpean izan zuten ia partida guztia. Markagailuan aurretik mantendu ziren une oro, lasai jokatzeko aukera ematen zien abantailekin, gainera; baina txapeldun titulua zenbat eta gertuago ikusi, orduan eta urduriago jokatzen hasi ziren, eta Loiola Indautxuk bere kalitatea atera zuen neurketa parekatzeko. Bederatzi segundoren faltan, Luis Agirreren neskak hiru puntu goitik ziren, baina Bizkaiko taldeak jaurtiketa izan zuen alde, partida berdintzeko. Ez zuten sartu eta, azkenean, Gerdau Azkoitia ISBk lortu zuen titulua, 64 eta 60 irabazita.

Grupo Zaher ISB hirugarren

Iraurgi SBko Euskal Ligako kadeteen beste taldeak (mutilak) Donostiako Josean Gaska kiroldegian jokatu zuen Lauko Finala. Ez zuen lan erraza Grupo Zaher ISBk, faborito nagusi eta anfitrioi moduan jokatzen zuen Easoren aurka neurtu behar izan zituztelako indarrak finalerdietan. David Rodriguezen mutilek behin bakarrik irabazi ahal izan diote denboraldian zehar Donostiako taldeari, eta partida hartan ere logikak agindu zuen; gerora txapeldun izatea lortu zuen Easok, 65 eta 51 irabazi baitzuen.