Ametsa gauzatzetik gertu

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko mai. 27a, 18:19
Azkoitia Azpeitia ISBko jokalariak. (ISB)

Azkoitia Azpeitia ISBk 56 eta 54 galdu zuen Lehen Mailako Finala, Mondragon Unibertsitatearen aurka. Beraz, arrasatearrak igoko dira EBA ligara.

Denboraldiko azken partidua jokatu zuen maiatzaren 25ean, igandean, Azkoitia Azpeitia ISBk. Ez zen nolanahiko partidua izan, Lehen Mailako finala jokatu baitzuen Mondragon Unibertsitatearen aurka, Arrasateko Iturripe kiroldegian. Finala izaki, asko zegoen jokoan, EBA mailara igotzeko txartela, hain zuzen ere. Horrelako neurketetan guztia ematen dute bi taldeek, eta igande goizean ere horrela gertatu zen; baina, tamalez, partidua berdin joan arren, etxeko taldeak 56 eta 54 irabazita lortu zuen mailaz igotzea.

Markagailuak erakusten duen moduan neurketan parkotasuna izan zen nagusi. Aurreneko 28 minutuetan, markagailuak alde batera eta bestera egin zuen. Inor ez zen izan neurketaren jabe. Batek asmatzen zuenean, besteak ere horrela egiten zuen. Alde batean akatsa egonez gero, gutxitan aprobetxatzen zuten beste aldean. Hirugarren laurdenaren amaiera aldean, baina, markagailuan alde polita atera zuten Alex Astigarragaren mutilak. Azken laurdenaren hasieran zazpi puntu aurretik ibiltzea ere lortu zuten, baina orduan etorri zen moreen erreakzioa.

Iturripeko harmailak bete zituzten zaleen laguntzarekin, 11 eta 1eko partziala burutu eta partiduari buelta eman zioten. Ez ziren kikildu ISBkoak, eta lehiari eusten jakin izan zioten. Azken minutua emozioz betea izan zen, eta hamairu segundoren faltan, Azkoitia Azpeitia ISBk azken jokaldia prestatzeko aukera eduki zuen, markagailuan bi bera zihoala. Hirukoa bilatu zuten Iraurgi SBkoek, modu horretara, garaipena lortzeko, baina Josu Larreategiren mutilek defentsa bikaina egin zuten, eta markagailua 56 eta 54 gelditu zen.

Negar malkoek jokalari batzuen aurpegiak busti bazituzten ere, burua tente edukitzeko moduko txapelketa jokatu zuten Azkoitia Azpeitia ISBko mutilek, eta denboraldi bikainak ematen duen gozotasunak tapatu behar du emaitzak utzitako garraztasuna.

Final-erdi gorabeheratsua

Final-erdian ez zuen neurketa erosoa jokatzerik eduki Azkoitia Azpeitia ISBk, batez ere, bere jokoa nahiko gorabeheratsua izan zelako. Egia da, gora egiten zuenean, Loiola Indautxu baino gehiago dela erakusten zuela. Horri esker, behera egiten zuenean ere, markagailuan aurretik mantentzea lortu zuten. Aipagarria izan zen Josu Urbizuk jokatutako partidua. Egindako guztia ondo egin zuen, eta taldeak igarri egin zuen hori, puntuak batzeaz gain, erreboteak lortzen eta asistentziak banatzen ere bikain ibili zelako. Hirugarren laurden amaieratik laugarrenaren erdialdera, markagailua alde izatea lortu zuten Alex Astigarragaren mutilek, eta azken minutuan, akats batzuk tarteko, 70 eta 64 irabazten amaitu zuten.  

Ametsa gauzatzetik gertu ibili dira Azkoitia Azpeitia ISBko mutilak, baina bidea pausoz pauso egiten da. Denboraldi honetan pauso handi bat eman dute Alex Astigarragaren mutilek; eta, datorren urtean, beste pauso bat emateko aukera izango dute. Zorionak mutilak, egindakoa handia izan baita!