Gerdau Azkoitia ISB Espainiako azpitxapeldun

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko eka. 2a, 10:55
Gerdau nesken taldea. (ISB)

Iraurgi SBko neskak euskal saskibaloiaren historian sartu dira, kadeteen Espainiako Txapelketako finalera iristen lehen gipuzkoar taldea izan eta gero. Azkoitiko udaletxean harrera egingo zaie gaur, astelehena, 20:00etan.

Sekulako balentria erakutsi dute Gerdau Azkoitia ISBko neskek, Espainiako Kadeteen Txapelketako sorpresa handiena bihurtuta finalean sartu baitziren. Tenerifera joan zirenean besapean zuten Euskadiko titulua, Azpeitian lortu baitzuten Final Four-a irabaztea, baina helburu moduan, lehen fasea pasa eta final zortzirenetan ahalik eta gehien disfrutatuz aurkariari gauzak zail jartzea zutela hartu zuten abioia. Helburu guztiak txiki utzi dituzte baina, eta Euskal Saskibaloiaren historian, orri berezia izango dute hemendik aurrera, maila horretan Espainiako Txapelketako finala jokatzeko sailkatu den lehen gipuzkoar taldea izan baita. Egia da finalean ezer gutxi egin ahal izan zutela faborito garbiena zen Kanaria Handia 2014 taldea, txapelketa guztian zehar egin duen moduan, goitik behera nagusitu baitzen. Hori bai, zilarra lortuta Iraurgi SBko neskek egin zuten ospakizuna ikusita, batek baino gehiagok pentsatuko luke granatez jantzitakoak izan ziren garaile. Izan ere, eta Luis Agirre, txapeldun hauen entrenatzaileak adierazi zuen moduan, urre zaporeko zilarra lortu du Gerdau Azkoitia ISBk.

ISBko neskek H multzoan hasi zuten Txapelketa eta lehen partida Extremadurako Plasenciaren aurka jokatu zuten. Baita lehen garaipena batu ere: 47 eta 63. Lehena poltsikoratuta, hurrengo egunean, Mallorkako Bahía San Agustini irabazita ia matematikoki pasea lortuko zutela bazekiten eta neurketa horretan ere zuten guztia eman zuten garaipena lortzeko. 44 eta 29 irabazi zuten partida. Multzoko beste emaitzak ikusi eta gero, azken neurketan 16 edo gutxiagogatik galduta ere pasea poltsikoan edukiko zuten. Gainera, multzoko lehen sailkatu gisa. Bestela etxerako bidea hartu beharko zuten. Neurketa gogorra izan zen Madrilgo Brains taldearen aurka jokatutako, batez ere, azken laurdenean, indarrak akituta edo kosta egin baitzitzaien behar zuten markagailuari eustea. Madrildarrek ere pasea zuten jokoan, baina azkenean 11 puntugatik bakarrik irabazi zuten eta gipuzkoarrek lortu zuten sailkapena.

Lehen postuan sailkatu izanak, agian, lagundu egin zion taldeari, koadroaren alde ahulenean joatea egokitu baitzitzaion Gerdau Azkoitia ISBri. Hala ere, aurkari zailei egin behar izan zieten aurre eta Luis Agirreren neskek erakutsi duten indarra goraipatzekoa izan da. Final zortzirenetan Alacanteko San Blas taldea izan zuten aurkari. Lehiaketako laugarren eguna zuten jarraian, baina ez zuten gehiegi igarri Iraurgi SBkoek, erraz nagusitu baitziren 37 eta 50 irabaziz.

Beste pauso bat emanda eta hasierako helburuak gainditzen hasita ziren dagoeneko. Final-laurdenetan tradizio handiko talde baten aurka jokatu behar izan zuten: Valentziako Ros Casares indartsuaren kontra, hain zuzen ere. Neurketa oso parekatua izan zen, eta atsedenaldira arte ez zen dominatzailerik ikusi. Hala ere, hirugarren laurdenean, valentziarrak nagusitzen hasi ziren eta bazirudien neurketa euren aldera eramango zutela, baina azken laurden ikusgarri batekin, 0 eta 14ko partziala eginda eta Oihane Aizpuruaren eta Eneritz Larrañagaren eskutik, 60 eta 65 irabazten amaitu zuten ISBkoek. Finalerdietarako pasea eskuratu zuten. Pase historikoa eta, gainera, lehendabizikoz finalerdi euskaldun bat ikusteko aukera eduki zuten bertaratutakoek. Izan ere, aurkaria, Azpeitiko Final Four-eko finalean eduki zuten kontrario berdina eduki zuten: Bilboko Loiola Indautxu. Denboraldian zehar beti irten dira garaile gipuzkoarrak, baina markagailu estuekin eta horrelako zita batean, ez da izaten komenigarriena ondo baino hobeto ezagutzen zaituen aurkari baten aurka lehiatu behar izatea. Berriz ere, neurketa estua izan zen lehen hiru laurdenetan eta berriz ere Oihane Aizpuruak egundoko neurketa jokatu zuen. Azken laurdenean goitik behera nagusitu zen Gerdau Azkoitia ISB eta 52 eta 38 irabazita iritsi zen finalera.

Uste zutena baino askoz urrunago iritsita, finalerako azken helburu bat jarri zioten euren buruei: neurketaz, momentua eta lortutakoaz disfrutatzea eta ahal baldin bazen, txapelketako dominatzaile nagusia zen Kanaria Handia 2014k, 100 puntu ez sartzea. Helburu guztiak lortuta amaitu zuten finala, nahiz eta 87 eta 26 galdu eta urre koloreko zilarrarekin bueltatuko dira etxera. Azkoitiko eta Azpeitiko herriek, gainera, merezitako omenaldia eskainiko diete gaur, astelehena, 20:00etan, Azkoitiko udaletxean.

Bejondeizuela neskak!