Xabier Oroz Espainiako U18 selekzioko aurre-deialdian

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko eka. 18a, 10:26
Xabier Oroz.

Jota Cuspinera hautatzaileak Turkiako Eurobasketerako 14 hautagaien artean sartu du eta orain azkoitiarrak azken deialdian egoteko borrokatu beharko du.

Iraurgi SBko jokalari Xabi Oroz (Azkoitia, 1996) Espainiako 18 urtez azpiko selekzioko aurre-deialdian sartu dute, udan Turkian jokatuko den Eurobasketera begira. Jota Cuspinera hautatzaileak atzo jakinarazi zuen 14 hautagaien zerrenda eta Mannheimeko txapelketan egindako lan bikaina ikusi eta gero, eskolta gipuzkoarra bertan egotea erabaki du.

Ekainaren 30ean kontzentrazioa egingo dute Torrejonen (Madril) eta bertatik, Turkiara joko dute, Konyan lagunarteko txapelketa bat jokatuko baitute. Hura bukatu eta gero, Logroñora bueltatuko dira, Eurobasketerako azken frogak egin ahal izateko. Turkiako Europako Txapelketa uztailaren 24an hasiko da, eta ordurako 14ko multzoa, 12an utzi beharko du entrenatzaileak. Beraz, Xabi Oroz azkoitiarrak, postuarengatik borrokatzen jarraitu beharko du bere lanarekin. Laboral Kutxako, Carlos Martinez, Bartzelonako Marc Garcia edota Estudianteseko Jacobo Díaz izango ditu konpetentzia moduan, besteak beste. Federazioko teknikariek horrela definitu dute Iraurgi SBko jokalaria: "Fisikoki oso indartsua, oldarkorra eta aktiboa, eta bat-baten aurkako bikainarekin. Erasoko errebotean abila, baina batez ere, defendatzaile bikaina". Beraz, azken zerrendan sartzeko aukerak badituela argi dago.

Ziurrenik opor gutxi izango ditu aurten Xabi Orozek, baina merezitako saria jasotzeko izan dadila! Zorionak Xabi!