Fede Uclesek eta Ander Arrutik Iraurgi SBn jarraituko dute

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko ira. 9a, 10:49

Bi jokalariek bigarren urtez jokatuko dute Azpeitian.

Pasa den astean Imanol Zubizarretak Iraurgin jarraituko duela jakin eta gero, Federico Uclesen eta Ander Arrutiren ordua da oraingoan. Iazko denboraldian oso garrantzitsuak izan ziren taldearentzat, bai eskolta moduan ibiltzen den Arruti eta baita pibot lana egiten duen Ucles ere. Beraz, oso berri onak dira hauek Iraurgi SBrentzat.

Federico Ucles andaluziarrak (1993/05/02–2,01m) bigarren urtez jantziko du Iraurgi SBko kamiseta. Lehen aipatu moduan, jokalari garrantzitsua izan zen iaz Ucles. Pibotak jokatutako 24 partiduetan 28 minutu eman zituen kantxan bataz beste eta denbora horretan 12,1 puntu sartu, asistentzi bat banatu eta 4,6 errebote eskuratu zituen, guztira 9,7ko balorazioa lortzeraino. Aurten ere jokalari garrantzitsua izango da ziurrenik gazte andaluziarra, eta bere lan onarekin jarrai dezala espero dugu.

Bestalde, Ander Arruti gasteiztarrak (1990/07/09–1,90 m) ere bigarren urtez jarraian jokatuko du Iraurgi SBrekin. Iazko denboraldian bi aldiz sartu zen asteko bostekoan, Arruti, eta horrez gain, hainbat partidutan lan bikaina egin zuen. Hori dela eta, Azpeitia Azkoitia ISBko jokalari onena izendatu zuten denboraldi amaierako bazkarian. Arrutik 23 partidu jokatu zituen iaz eta 27 minutu jokatu zituen bataz beste. Minutu horietan, bataz beste 11 puntu lortu, 2,1 asistentzi banatu eta 2,3 errebote eskuratu zituen, guztira 8,5eko balorazioa lortzeko. Lan bikain horri esker, aurtengo udan ere Euskal Selekzioarekin jokatzeko parada izan du gasteiztarrak, Sito Alonsoren eskutik, eta selekzioan ere gizon garrantzitsuenetako bat izan da.