Euskal Kopako lehenengo jardunaldia jokatuko du Azpeitia Azkoitia ISBk zapatuan

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko ira. 12a, 12:57

EBA mailako Centro de Estudios Mikeldi taldearen aurka jokatuko du Azpeitiko kiroldegian, 18:30ean.

Larunbatean, irailaren 13an, jokatuko du Azpeitia-Azkoitia Iraurgi Saskibaloiak Euskal Kopako lehen partida. Azpeitiko kiroldegian jokatuko dute 18:30ean hasita, eta Centro de Estudios Mikeldi izango dute aurkari. Aurkaria maila bat beheragokoa, EBA mailakoa, izanagatik ere, partida garrantzitsua izango da aurredenboraldiko prestaketekin jarraitzeko Iraurgirentzat. Horrez gain, Iraurgiko zaleek taldeari itxura hartzeko ere egokia izango da partida.

Aurtengoan, Euskal Kopa hiru taldek osatutako hiru multzotan banatuta egongo da, eta Lauko Finalerako txartela eskuratzeko, taldeko lehen sailkatua edo bigarrengo postuko koefiziente onena duen taldea izan beharko du ISBk. Gure taldeak Centro de Estudios Mikeldiz gain, EBA mailako TAKE Tolosaren aurka ere jokatuko du lehen fasean. Partida hori Tolosan jokatuko da irailaren 20an, zapatua, 18:00etan. Bi partida horien ondoren, ISB azken faserako sailkatuko balitz irailaren 27an eta 28an jokatuko luke.

Beraz, denboraldi berrirako prestatzeko, larunbatean, Azpeitiko kiroldegiko harmailak betetzera animatzen zaituztegu guztiok!