Garaipena eta "sentipen onak" Euskal Kopako lehen partiduan

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko ira. 15a, 10:36
ISBko jokalariak.

86 eta 67 gailendu zitzaion ISB Centro de Estudios Mikeldiri zapatuan, Azpeitiko kiroldegian jokatutako neurketan.

Hainbat entrenamenduren eta lagunarteko txapelketa baten ondoren, larunbatean iritsi zitzaion ISBri Azpeitiko kiroldegian jokatzeko aukera. Euskal Kopako lehen jardunaldia izan zen larunbatekoa, eta EBA mailako Centro de Estudios Mikeldi izan zuen aurkaria. Nahiz eta maila bat beheragoko taldea izan partida barruan egon zen azken laurdenera arte. Hala ere, Iker Bueno entrenatzailearentzat "oso test ona" izan zen neurketa, eta oraindik lan asko egiten jarraitu behar den arren "sentipen onak" jaso zituztela aipatu dute Buenok eta bigarren entrenatzaile Xabier Chicok. 

Iker Buenok argi dauka zer joko mota ezarri nahi duen taldean. Defentsa sendoa, presioa gogor egiten duena eta gerora erasoan ahalik eta saskiratze errazenak bilatzen dituena. Taldea behin eta berriz horretan saiatu zen hasieratik eta aurredenboraldiko hutsak huts, joko mota horrekin talde oso arriskutsua bihurtu daitekeela erakutsi zuen Iraurgi SBk. Oraindik defentsan jardutea beharrezkoa dela ikusi zen arren, erasoa antolatzeko orduan azkar ibili ziren Iraurgikoak.

ISB irabazten aritu zen hasieratik, eta Bizkaiko taldea maila ona erakutsiz, partidan egon zen amaiera arte. Hala ere, gutxika-gutxika, eta tarteka jokaldi onak eginez, tartea irekitzen joan zen ISB. Buenok minutuak banatu zituen bere jokalarien artean eta harmailetan zeuden zaleek beraien taldeko jokalari berriak ikusi ahal izan zituzten. Azkenean 86 eta 67 irabazi zuen ISBk.

Buenok "rodaje falta eta karga fisikoa" nabarmendu zituen arren, "partida garrantzitsua" izan zela aipatu zuen "jendea elkarrekin ohitzen hasteko".

Saskiratzaileak: 20-17/39-29/59-46/86-67

ISB: Marcus (8), Brandon (15), Arruti (16), Bernat (4), Iradier (11), Uclés (10), Urtxulutegi (2), Aldalur, Mayers (16), Ugarabe (4).