Esperotako mailako partida ikusi ahal izan zen kiroldegian

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko ira. 23a, 14:37
Partidako une bat. (Iraurgi Saskibaloi Taldea)

Iraurgi SB-ren eta Quesos Cerrato Palenciaren arteko partida 21:00etan hasi zen Azpeitiko kiroldegian. Maila altuko partida espero zen, Palentziako taldea maila bat goragotik, Zilarrezko Adecco mailatik, baitzetorren. Eta horrelaxe izan zen.

Lo hasi ziren gure mutilak, aurrean zein talde zuten ahaztu balute bezala, eta 0 eta 7ko partziala jaso zuten. Erreakzioa, ordea, berehala etorri zen eta 7 eta 0ko partzial bati esker partida berdindu zuten. Hala ere, atzean intentsitate falta nabari zen, eta erraztasunez sartzen zizkioten puntuak ISBri. Laurden horretan, Ander Arrutiren eskumutur finak mantendu zituen gipuzkoarrak partidan, 13 puntu lortu zituelako laurden horretan, eta azken unean sartutako bi hirukoi esker 24 eta 21 aurretik amaitu zutelako laurdena.

Bigarren laurdena lehenengoaren antzekoa izan zen. Bi taldeek hiruko marratik lortutako puntuei esker (bigarren laurden amaieran 7tik 5 izan ziren ISBrentzat eta 10etik 8 Palenciarentzat) aldaketa ugari ikusi ahal izan ziren markagailuan. Azken bi minutuetan, ordea, Palentziako taldeak oso joko ona egin zuen eta tartetxoa ireki zuten atsedenaldira joateko: 40 eta 47.

Hirugarren laurdena oso defentsa ona eginez hasi zuen ISBk. Apurka-apurka eta defentsa onarekin jarraituz, partida berdindu zuen Iraurgi SBk. Urte osoan zehar ikusi nahiko genukeen jokoa egin zuen etxeko taldeak laurden horretan: gogor defendatu eta atakean joko alaia eta polita. Eta aurretik jartzea lortu ez zuten arren, hortxe egon ziren laurden osoan. Azkenean, 62 eta 64 zen emaitza laurden amaieran.

Azken laurdena Arrutiren hiruko batekin hasi zuen taldeak. Hala ere, segituan beste bi hirukorekin erantzun zuen Quesos Cerrato Palencia taldeak. Maila bat gorago daudela eta minutu batean ere ezin dela taldea erlaxatu ohartarazi nahi zutela zirudien. Eta horixe egin zuen taldeak, berriz defentsako lan onarekin hasi ziren eta atakean ideia onekin. 80 eta 84 zioen markagailuak 1:15 minuturen faltan. Azken minutuan, ordea, Palenciak ondo jakin zuen irekitako tartea mantentzen eta, azkenean, 83 eta 90 amaitu zen partida. 

Buenok esan digunez, ooraindik gauzak hobetzeko" dituzten arren "gustura" da taldearen "izaerarekin". Gaineratu duenez, bigarren laurden amaieran aurkarien 47 puntuek kezkatu egin zuten, "oso erraz saskiratzen" zutelako. Baina, hirugarren laurdenean, "aldaketa etorri zen" eta hainbat minutuan "gozatu" egin zutela azaldu du.

Saskiratzaileak: 24-21/16-26/22-17/21-26. 

ISB: Arruti (29), Camarasa (9), Iradier (7), Ucles (6), Garret (11)- hasierako bostekoan- Goenaga, Wright, Oroz (11), Merketegi, Urtxulutegi, Mayer (10).

QUESOS CERRATO PALENCIA: McDowell (17), Huertas (14), Otegi (11), Forcada (13), Hampl (12) –hasierako bostekoan- Aboubacar (1), Rodriguez (4), Rogers (12), Arteaga (6), Fornas.