Igandean hasiko du denboraldia Sammic ISBk

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko urr. 3a, 13:08

Azpeitiko kiroldegian izango da partida igandean, 18:00etatik aurrera, eta Marin Peixegalego izango du aurrean. Iker Bueno entrenatzaileak taldea "sendo" dagoela uste du.

Iritsi da guztiok eta, batik bat, Iker Bueno eta bere mutilak, zain geunden eguna. Igandean, urriaren 5ean, Sammic ISB taldeak denboraldi berria hasiko du Zilarrezko LEB mailan. Gainera, maila horretan daudenetik denboraldia Azpeitiko kiroldegian hasiko duten lehenengo aldia izango da. 18:00etatik aurrera izango da neurketa, eta ISBk guztion laguntza beharko du Marin Peixegalego taldeari irabazteko.

Marin Peixegalego iaz Iraurgi SBren azpitik gelditu zen sailkapen orokorrean garaipen bat gutxiagorekin, eta elkarren arteko partidetan bakoitzak bere etxeko partida irabazi zuen. Hala ere, aurtengo Marin taldeak zerikusi gutxi dauka iazko taldearekin. Taldeak Javier Llorente entrenatzailearen gidaritzapean jarraitzen duen arren, barruko jokoa guztiz eraldatu du. Lucho Fernández, Joseba Aramburu eta Belemene galdu ditu taldeak eta Norman Rey, Javier Medori eta Ike Azotam estatu batuarra fitxatu dituzte. Azken hori, NCAAn oso zenbaki onak eginda dator, eta liga berrira ondo moldatzen bada, taldearentzat oso jokalari garrantzitsua izango dela espero da. Horrez gain, minuturik jokatu ez arren, ACB ligatik datorren Antonio Izquierdo eskolta ere fitxatu dute, kanpoko jokoa indartzeko. Azken orduan, Marin Peixegalegok Northern Arizona University taldeko Gabe Rogers saskiratzaile amerikarra ere fitxatu du. Azotamekin bezala, ikusi egin beharko da zer nola moldatzen den Rogersek liga berrira.

Iraurgiri dagokionez, aurredenboraldietan gertatu ohi den bezala, goraberatsu ibili da taldea prestaketetako partiduetan. Hala ere, potentzial handiko taldea dela ikusi dugu. Lana gogor eginda, oso talde lehiakorra da eta gaztetasuna aprobetxatuz, izugarrizko intentsitatea izan dezakete partidetan. Jokalari berriak asko dira Sammic ISBen ere, eta horien adaptazioa apurka-apurka aurrera doa. Horretan dihardute Iker Bueno entrenatzaileak eta iaztik mantendu dituen jokalari garrantzitsuek, hala nola, Ander Arrutik, Fede Uclesek eta Imanol Zubizarretak. ISB taldeak kanpoko jokalariak ekarri dituen arren, Xabier Oroz azkoitiar gaztea ere badu taldean. Horri ere iritsi zaio senior adina, eta Gipuzkoa Basketekin ere ibiliko den arren, Sammic ISBren kanpoko jokoa indartzeko jokalari garrantzitsua izango da.

Ea zer nolako partida eskaintzen diguten bi taldeek datorren igandean. Guztion laguntza beharko du ISB taldeak bere estreinaldian, eta han ikusiko garela espero dugu!

Honakoak adierazi dizkigu Iker Buenok partiduaren atarian:

Dagoeneko heldu da eguna. Zer sentipen dituzu?

Sentsazio onak ditugu. Lanean gogor eta gogotsu ari gara eta aurredenboraldiko gorabeherak hor badaude ere, lan ona egiten ari gara. Beraz, sentsazio onak eta lehenengo partida etxean eta gure zaletuen aurrean jokatzeak dakarren garrantzia kontutan izanik, taldea prest dago ligari hasiera garaipen batekin emateko.

Taldeak aurpegi desberdinak (batzuetan oso ona beste batzuetan ez hainbeste) erakutsi ditu aurre denboraldian. Nola dago taldea partidaren atarian?

Taldea denboraldiaurreko prestakuntza fasean dago, eta gorabeherak izan ditugu noski, baina gorabehera horiek gure lana hobetzeko balio digute, hankak lurrean izan eta pixkanaka, pausoz pauso hazten joateko. Taldea sendo ikusten dut, gogotsu gabiltza lanean, eta etxeko partiden garrantziaz jabetzen gara. Hasteko desiratzen gaude, baina jakin behar dugu aurrean dugun taldeak gogo berdina izango duela eta partidu gogorra izango dugula igande honetan.

Marin iaz zuen azpitik gelditu zen. Aurten nola ibiliko dela uste duzu?

Iazko Marinek eta aurtengoak ez dute batere antzekotasunik, beraien erreferente ziren Lucho eta Joseba galdu dituelako taldeak eta talde gazteagoaren aldeko apustua egin dutelako. Uste dut kanpoaldetik talde ona eta aukera askokoa egin dutela. Ondo sendotu dute taldea, aurreko urteko basea mantenduz; Dario Suarezek, Ferreirok eta Blair-ek taldean jarraituko dute. Atzerritarren moldatzeak erakutsiko du non egongo diren, baina ez dut dudarik talde lehiakorra izango dela partidu guztietan eta lana erruz egin beharko dela garaipena lortzeko.

Zein jokalari nabarmenduko zenuke eta zein izan daiteke garaipenerako gakoa?

Garaipenerako gakoak erritmoaren kontrolean, defentsako intentsitatean eta errebotean egon daitezke. Beraien kanpoko azken fitxaketek, Blair eta Gabe Rogersek, kalitate handia dute, eta edozein momentutan jarri daiteke partidua beraien alde. Gainera, aurreko urtetik ezaguna den Rapier dute aurretik eta 4 irekien defentsa ere garrantzitsua izango da. Partidu gogorra planteatu behar dugu, defentsa ona eta agresiboarekin hasi, eta erasoan erritmoarekin eta pazientziarekin jokatu.