Joko ona eta lehenengoa poltsikora

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko urr. 6a, 11:53
ISBko jokalariak.

Sammic ISBek 83 eta 76 hartu du mendean Marin Peixegalego denboraldiko lehen jardunaldian. Iker Bueno entrenatzaileak jakinarazi duenez, "denetariko sentsazioak" jaso dituzte ligako aurreneko neurketan. Hurrengo igandean Bartzelonan izango du ligako bigarren partida, Sammic ISBk.

Sammic ISB taldeak ezin hobeto hasi du 2014-2015 denboraldia. Marin Peixegalego taldea izan du aurkaria ligako lehen jardunaldian, eta hamar puntugatik galtzen ibili ondoren, partiduari buelta eman eta 83 eta 76 irabazi zuen atzo, igandea. Gainera, joko azkar eta polita egin zuen Iker Buenok zuzentzen duen taldeak, eta Iraurgiko jarraitzaileek partidu ona ikusteko aukera izan zuten.

Partida berdintasunez hasi zen Azpeitiko kiroldegian. Erabaki ona aurrena eta jarraian erabaki txarra izan zen nagusi. Ez talde bat eta ez bestea ez ziren gai tartea irekitzeko. Hala ere, lehen minutuetatik ikusi zen Sammic ISBk nola jokatu nahi duen: defentsa sendoa eta kontraeraso azkarrak. Hori egitea lortu zuten bakoitzean saskiratze errazak lortu zituen Azpeitiko taldeak. Laurden amaieran, ordea, bi hiruko jarrian lortu zituen Marinek eta sei puntuko tartea ireki zuen. 18 eta 24 amaitu zen lehen laurdena kanpoko taldeko Blair jokalari jamaikarrak 14 puntu lortuta.

Bigarren laurdena, berriz, ez zuten ondo hasi Iraurgikoek. Defentsan huts batzuk eginez eta atakean punturik lortu ezinik, 10 puntu azpitik jarri zen Azpeitiko taldea. Orduantxe iritsi zen ISBren erreakzioa, eta 9 eta 2ko partziala lortuta, berriro partiduan sartu ziren. Handik aurrera, lehenengo laurdeneko moduko jokoa ikusi ahal izan zen Azpeitiko kiroldegian, eta Iraurgi berriz saiatu zen bere jokoa egiten. Horrela, saskiratze erraz batzuk lortu zituen, eta laurden amaierara puntu batez galtzen iritsi ziren, 40 eta 41.

Aldageletatik bueltan etorri ziren Sammic ISBren minuturik onenak. Talde guztia gogor lanean hasi zen eta izugarrizko erritmo bizkorra ipini zion Camarasak partiduari. Baloiak azkar aurrera bidaliz, kontraeraso onak antolatu zituen Kataluniako joko antolatzaileak. Laurdena amaitzeko bost minutu falta zirenean, gainera, Marinek taldeko bosgarren falta egin zuen. Hortik aurrera, apurka-apurka, eta Uclesen lan onari esker (10 puntu laurden honetan) hamabost eta hutseko partziala lortu zuen ISBek, eta 61 eta 52 irabazi zuen hirugarren laurdena.

Laugarren laurdenaren hasieran, kanpoko taldea hobeto hasi zen. Lortutako abantaila murrizten ari zirela ikusi zuen etxeko taldeak, eta Garretti adierazitako falta teknikoaren ondoren 63 eta 59ra gerturatu ziren. Horren ostean etorri zen berriz etxeko taldearen erreakzioa. 12 eta 1eko partziala egin zuen Sammic ISBk eta berriro lasaitasun apur bat iritsi zen Azpeitiko kiroldegira. 2:33 minutu falta zirela, 79 eta 62 jartzen zuen markagailuan, eta partidua etxean geldituko zela zirudien. Kanpoko taldeak, ordea, ez zituen besoak jaitsi eta 0 eta 7ko partziala eskuratu zuen. Buenok, partida gehiago estutu aurretik, hutsartea eskatu zuen jokoa lasaituaraziz. Hortik aurrera, etxeko taldeak abantaila ondo mantendu zuen, eta azkenean 83 eta 76 irabazi zuen norgehiagoka.

Lehenengo partidua irabazita, orain hurrengoari begira jartzea tokatzen zaie Buenori eta bere mutilei. Datorren asteburuan, igandean, Bartzelonan jokatuko dute denboraldiko bigarren neurketa, 18:00etan hasita. Partidu gogorra espero dute Katalunian. Partidu berezia izango da Camarasarentzat, hazten ikusi duen taldearen aurka ariko baita.

Iker Buenok adierazi duenez, "denetariko sentsazioak" jaso dituzte ligako aurreneko partidan. "Hasieratik bagenekien partida gogorra izango zela, baina defentsan ez gara hasi nahi genuen adinako intentsitatearekin. Beraiek hobeto aritu dira atakean kanasta errazak lortuaz eta, gainera, guk baloiak oparitu dizkiegu. Partidari buelta emateko gai izan gara hamar puntugatik galtzen jarri garenean. Handik aurrera, beste talde bat izan gara. Intentsitatez aritu gara defentsan, estutu egin ditugu eta beraiek fisikoki lehertuta zeudenez, hori ere aprobetxatu dugu. Pixkanaka abantaila handitzen joan gara. Orokorrean, sentsazio onak jaso ditugu. Gure jokoa egin dugu eta gustura gaude. Hala ere, baloi galduak zaindu behar ditugu, presio irteeretan galdutako baloiak kanasta errazak baitira beraientzat".

MVP: Federico Ucles: 25 puntu, 7 errebote, jasotako 4 falta eta 26ko balorazioa.

Saskiratzaileak:

Sammic ISB: Arruti (16),Ucles (25), Ugarabe (2), Caramasa (9), Mayer (15) – hasierako bostekoan - Oroz, Garrett (8), Zubizarreta, Iradier (8), Aldalur, Urtxulutegi, Merketegi.

Marin Peixegalego: Izquierdo (4), Azotam (22), Medori (3), Blair (21), Ferreiro(4) – hasierako bostekoan - Suarez (11), Podkovyrov, Rogers (4), Mandella (4), Rey (3).