Garaipen bikainarekin hasi dute Zurteko neskek denboraldi berria

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko urr. 7a, 14:59
Zurt ISBko jokalariak eta entrenatzaileak. (ISB)

45 eta 80 irabazi diote Erroibide Irun taldeari partidu biribil batean.

Pasa den igandean hasi zuen Zurt ISB taldeak 2014-2015 denboraldia. Nesken lehen mailan etxetik kanpoko partidu guztiak zailak izaten direla kontuan hartuta, eta lehen partiduan izaten diren urduritasunak aintzat hartuta, partidu zaila jokatzeko asmotan joan ziren neskak Irun aldera. Baina partidu biribil bat jokatu eta 45 eta 80 irabazita itzuli ziren etxera.

Partidara hobeto sartu ziren irundarrak. Kanpotik asmatuz eta gure defentsako hutsak aprobetxatuz, aurreneko aldeak lortu zituzten. Hala ere, laurdena aurrera joan ahala, barruan min egiten hasi ziren Zurt taldeko neskak, eta ez zien utzi aurkariei markagailuan alde egiten. Hiru puntu behetik amaitu zuten lehen laurdena.

Bigarren laurdena, aurrekoaren amaieraren antzera hasi zuten. Defentsako hutsegiteak zuzentzea lortu zuten eta ia erasorako aukerarik gabe utzi zituzten Erroibideko jokalariak. Errebotea ondo itxiz, korrika bikain egin zuten, eta hamabi eta hutseko partziala sortuz, aurreneko abantailak lortu zituzten. Horrez gain, kanpotik ere jaurtiketak sartzen hasi ziren, eta atsedenaldira hamabost puntuko abantailarekin iritsi ziren.

Aldageletan hirugarren laurdenaren hasierak zuen garrantziaz hitz eginda, partidua apurtzeko asmotan irten ziren Zurt ISBko neskak. Kontzentrazio bikaina mantenduz eta defentsako lan izugarria eginez aritu ziren Iraurgikoak eta, gainera, erasoan korrika egin eta kanpotik jaurtiketa guztiak sartzen jarraitu zuten. Horrela, apurka-apurka aldea handitzen segitu zuten. Aldageletan hitz egindakoa betez, laurden horretan partidua erabaki zuten, 31 puntugatik irabazten amaitu baitzuten. Laurden horretan datu oso esanguratsuak lortu zituzten Zurteko neskek: hiruko jaurtiketa guztiak sartu zituzten (lautik lau), baina jaurtiketa libreetan barregarri ibili ziren, 8tik bakarra sartuta.

Partida erabakita zela, azken laurdena lasaiagoa izan zen eta minutuak banatzeko erabili zuten bi entrenatzaileek. Azkenean 45 eta 80 irabazi zuen Zurtek.

Datorren asteko partidua oso gogorra izango da, liga honetako talderik indartsuenetarikoa den Megacalzado Ardoi Nafarroako taldearen aurka jokatuko baitute, 18:00etatik aurrera, Azkoitiko kiroldegian.

Partzialak: 18-15, 7-25, 7-23 eta 13-17.

Errobide Irun: Altzaga (2), Alza (5), Ramirez (6), Bravo, Martinez (11), Oregi, Borreguero (2), Gonzalez (11), Arozena (6), Saenz (2).

Zurt Taberna ISB: Garazi (2), Maite Lizarazu (17), Naroa (8), Eider (7), Irati (2), Maite Zubizarreta (9) Intza Lizarazu (17), Itsaso (16), Ane (4), Maitane.