Bitik bi irabazita, taldeak konfiantza eskuratzen jarraitzen du

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko urr. 13a, 10:31
Partidako une bat. (Iraurgi Saskibaloi Taldea)

64 eta 77 irabazi zion F.C. Barcelona B-ri etxetik kanpo jokatu duen lehen partiduan. Beste behin, Ucles izan da partidako onena. 

Atzo, igandea, denboraldiko bigarren garaipena lortu zuen Sammic ISBk F.C. Barcelona B taldearen aurka. Etxetik kanpo jokatutako lehen partidua izan zen Bartzelonako Masian jokatu zutena eta 64 eta 77 irabazita, emaitza ezin hobea lortu zuten. Gainera, gogor lan egin zuen taldeak, eta joko polita eginez, talde ederra daukatela erakutsi zuten berriro.  

Sammic ISBk ondo hasi zuen partidua. Lehen minutuetan defentsa ahul samarra egin zuten arren, zailtasunak izan zituen etxeko taldeak saskiratzeak lortzeko. Aro azpian, berriz, Mayer nagusi zen, eta 2 eta 9ko markagailuarekin iritsi ziren laurden erdira. Apurka defentsan ere hobetzen hasi ziren. Erreboteak ziurtatu eta partiduko erritmoa eskuratu zuten. Erasoan aukera onak bilatu zituen Sammic ISBk, eta bigarren aukerak ere izan ditu erreboteari esker. Lehen laurdena 9 eta 20 irabazi zuten gure mutilek.

Orozekin beheko postean min eginez hasi zuten bigarren laurdena, baina defentsan ez zeuden guztiz partiduan sartuta ISBeko jokalariak. Iradierren hiruko batek, "hirukoen txapelketa" hasi du kantxa gainean: ISBeren hiruko bakoitzari beste hiruko batez erantzuten zieten Bartzelonako jokalariek. Bi taldeek erraz bilatzen zuten aroa eta hutsarte baten ostean, bi taldeek defentsa aldaketa planteatu zuten. On egin zien hutsarteak Iraurgiko jokalariei, defentsa on eta kontraeraso azkarrei esker 4 eta 15eko partziala lortu zuten eta. 28 eta 46 irabazi zuten laurdena Azpeitiko mutilek.

Aldageletatik bueltan Iraurgi SBko mutilak partidua apurtzeko asmotan egin dute salto kantxara. Defentsan, ordea, arazo handiekin hasi ziren errebotea ixteko garaian. Errebotea eskuratzen zutenetan, kontraeraso azkarrak eta saskiratze errazak lortu zituzten Sammic-ekoek, baina aldi berean, Barcelona Bko mutilek bigarren aukeretan saskiratzen zuten. Bartzelonako taldeak defentsa gogortu zuen eta presioa egiten hasi ziren kantxa osoan. Presio horrek zailtasunak ekarri zzkien Iraurgiko mutilei baloia lasaitasunez ateratzeko orduan eta defentsan ere maila bat jaitsi zuten. Iker Buenok hori ikusita, partidua gelditu zuen hutsarte batekin. Hobeto aritu ziren hutsartearen ondoren eta defentsan berriz 'konektatu' dira. 45 eta 60 adierazten zuen markagailuak laurden horren amaieran.  

Laugarren laurdenean, errebotea ixteko orduan arazoak izaten jarraitu zuten Sammic ISBko mutilek, eta bigarren aukeretan saskiratzea lortzen zuten Bartzelonakoek. 11 puntura gerturatu zen etxeko taldea, baina ISBeko pibotek bi errebote garrantzitsuren ostean saskiratzea lortu eta berriro tartea ireki zuten. Defentsan, ordea, ez zeuden oso fin Iraurgi SBko mutilak. Bartzelonako taldeak presioa gogortu zuen kantxa osoan, eta gure mutilek zailtasunak izan dituzte baloia ateratzeko orduan. Hiru minuturen faltan, 58 eta 69 zioen markagailuak, baina beraiek behetik gora zetozen. Hori dela eta, beste hutsarte bat eskatu zuen Buenok, eta aldaketa bat etorri zen gure taldean. Presiotik erraz irteten hasi ziren ISBkoak eta defentsan ere berriro gogortu ziren. Jarraian, Orozek bi saskiratze garrantzitsu lortu zituen eta partidua erabakita gelditu zen. Azkenean 64 eta 77 irabazita, garaipena ekarri du Sammic ISBek Azpeitira.

Bi partidetatik bi irabazita oso ondo hasi du Sammic ISBk 2014-2015 denboraldia. Hurrengo igandean, urriaren 19an, Kanariar Uharteetako Canarias Basketball Academy Gr taldea izango dute aurkari Azpeitiko kiroldegian.

MVP: Federico Ucles: 18 puntu, 10 errebote eskuratu, 4 baloi berreskuratu eta 5 falta jasota. 21 puntuko balorazioa lortu du.

Saskiratzaileak: 9-20/19-26/17-14/19-17

F. C. BARCELONA: Peno (12), Moix (4), Alic (4), Abdoulaye (4), Sulejmanovic (9) - hasierako bostekoan – Zamora (2), Figueras , Vila, Draskovic (15), Martinez, Djedovic (14), Sorolla.

SAMMIC ISB: Arruti (18), Ucles (18), Ugarabe (2), Caramasa (4), Mayer (11) – hasierako bostekoan – Oroz (13), Garrett (8), Zubizarreta, Iradier (3), Urtxulutegi.