Garaipen garrantzitsua ligako talderik gogorrenetako baten aurka

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko urr. 15a, 14:10

Zurt taberna ISBk 60 eta 49 irabazi zion Megacalzado Ardoi Nafarroako taldeari pasa den larunbatean. Gaizki hasi ziren arren, buelta eman eta partidua sufrimendurik gabe irabazi zuten. 

Zurt Taberna ISBk ligako bigarren garaipena lortu zuen pasa den larunbatean Azkoitiko kiroldegian. Partidu zaila espero zuten Iraurgiko neskek, aurrean zuten Megacalzado Ardoi Nafarroako taldea ligako talderik gogorrenetakoa baita. Indartsu egin zuen lan Zurt taldeak eta 60 eta 49 irabazi zuen.

Partidua ez zuen oso ondo hasi Zurt ISBk. Nafarrek ideia garbiagoekin jokatu zuten aurreneko minutu horietan, eta partidako lehen abantailak lortu zituzten. Pixkanaka, Zurteko neskak hobeto jokatzen hasi ziren eta aldea murriztea lortu zuten. Aurreneko laurdena bi puntu azpitik amaitu zuten: 14 eta 16.

Bigarren laurdena guztiz desberdina izan zen. Laurden haiseran Naroa Uriak hartu zuen saskiratzeko ardura eta jarraian sartutako zazpi punturekin, Zurtekoek aurretik jartzea lortu zuten aurreneko aldiz. Erritmo biziz jokatuz eta defentsan egindako lan bikainari esker, nafarrek bost puntu bakarrik lortu zituzten laurden horretan eta aldea handitzen joan ziren ISBko neskak. Azkenean, hamar puntuko abantailarekin amaitu zuten bigarren laurdena (31-21).

Hirugarren laurdena ere bikain hasi zuten Zurteko neskek. Errebotea itxiz eta kontraeraso bikainak eginez, hamazortzi puntuko aldea lortu zuten. Partida guztiz kontrolatuta izan zuten, eta laurden amaierara hamalau puntutako aldearekin iritsi ziren.

Azkeneko laurdena, hirugarrenaren ildo beretik hasi zen. Zurtekoek partida kontrolpean izan zuten, tartean jokaldi bikainak eginez. Baina laurden erdialdera iritsi zen Azpeitiko nesken beherakada. Baloi errazak galduz, aukera bikainak eskaini zizkieten Ardoiko jokalariei, eta bi eta hamahiruko partzial bati esker, zazpi puntura gerturatu ziren nafarrak. Hala ere, beranduegi zen eta partidua irabazita zeukaten jada ISBkoek. Azkenean, hamaika puntuko aldeaz amaitu zuen partida.

Datorren astean oso partida gogorra jokatu dute Zurteko neskek, Portugaleteren kantxan. Lan bikaina egin beharko dute garaipena lortzea nahi badute.

Partzialak: 14-16, 17-5, 14-10, 15-18

ZURT TABERNA ISB

Garazi Arregi(11), Maite Lizarazu (11), Naroa Uria (12), Eider Bereziartua (2), Maite Zubizarreta (9), Intza Lizarazu (5), Itsaso Astigarraga (6), Ane Goenaga (2), Aitziber Besga eta Ainhoa Bereziartua (2).

MEGACALZADO ARDOI

Martinez (11), Perez, Misiego, Santesteban (16), Gil (2), Lizdain, Celayeta (11), Astrain (2), Idoate (2), Arregi, Satrustegi (2), Ariz (3).