Apurka-apurka, baina pauso irmoz, hirugarrenaren bila

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko urr. 17a, 17:28

Sammic ISBek Azpeitiko kiroldegian jokatuko du igandean, 18:00etan, Kanariar Uharteetako (Espainia) Canarias Basketball Academy-Gr taldearen aurka.

Sammic ISBek denboraldiko hirugarren partidua jokatuko du igandean Azpeitiko kiroldegian. Orain arteko bi partiduak irabazi ondoren, Canarias Basketball Academy-Gr taldearen aurka bilatuko du hirugarren garaipena, 18:00etan hasita. Bestalde, kanpoko taldea, orain arteko bi partiduak galdu ondoren, lehenaren bila etorriko da indar guztiekin.

Canarias Basketball Academy-Gr-ek lehen denboraldia du Zilarrezko Adecco mailan. Urte ugari jokalari profesionalak hezten ibili ondoren, elitean finkatzeko aukera emango dio kategoriak. Taldeak jokalari beteranoen eta jokalari gazteen arteko oreka bilatu nahi du, esperientzia eta intentsitatea uztartzeko. Altuera handiko jokalariez osatuta dago barruko jokoa: oso zenbaki onak egiten dabilen 2,12 metrotako Aaron Geramipoor, esate baterako. Bestetik, partiduko 34 minutu jokatzen dituen antolatzaile beteranoa, Bernardo Hernández, ere ez da komeni begi bistatik galtzea. Thomas Ward-en jaurtiketak ere ondo zaindu beharko dira.

Iker Buenoren mutilek, orain arte bezala, lanean jarraitu beharko dute garaipena lortzeko, baina taldeko lana eta beraien jokoa eginez gero, aukera ona izango dute. Horretarako, zaleen babesa beharrezkoa izango dutenez, Azpeitiko kiroldegian ikusi nahi zaituztegu igandean, Sammic ISB animatzen. Goazen mutilak!

Hona hemen Iker Bueno entrenatzaileak aurretikoan emandako erantzunak:

Bitik bi, eta bigarren postuan. Taldeak berdin jarraitzen al du lanean?

Garrantzitsua garaipenak lortzea eta dinamikari eustea da. Lanean berdin jarraitzen dugu, eta egunean-egunean lanean gogorrago egin behar dugula badakigu, akatsak hobetzeko. Hurrengo partida irabazi nahi badugu, hobetu beharra daukagu.

Jokatutako bi partiduetan hainbat jokalari nabarmendu dira; bai kanpoko jokoan, bai barnekoan. Joko konpentsatua daukazuela dirudi.

Saiatzen gara taldeak erreferentzia bat baino gehiago izan ditzan. Ezin dugu bat edo bi jokalariren gainean utzi ardura guztia. Nahiz eta orekatua izan, asteak pasa ahala jokalari gehiago agertuko dira, eta horretarako jarraitzen dugu lanean. Partidu bakoitza ezberdina da, eta jokalari guztiak prest egon behar dute edozein unetan taldearen beharrak betetzeko, defentsan zein erasoko lanetan.

Talde ezohikoa da Kanarietakoa, jokalariak hezteko taldea dela esan daiteke. Nola ikusten duzu zuk? Nola prestatzen da horrelako partidu bat?

Txapelketa honetan talde asko dira jokalarien hezitzaile: Bartzelona, Fuenlabrada edo gu geu: Xabi Oroz, Aitor Astigarraga, Ander Merketegi, Lur Goenaga... Maila honetan talde guztiek dituzte jokalari gazteak, eta beraien heziketa eta aurrerapena helburuetako bat da talde guztietan. Beraz, beste partidu guztiak bezalaxe prestatzen da partidu hau, gure saskibaloiari berebiziko garrantzia eman, gure izaera eta egin nahi dugun jokoa hobetzen jarraitu eta ahalik eta ongien prestatu igandeko partidua garaipena lortu ahal izateko.

Zuek bi irabazita, beraiek bi galduta. Zuek etxean, beraiek kanpoan... Faboritoak al zarete?

Hirugarren jardunaldian ez dago faboritorik, egia da etxean jokatzeak guretzat motibazio puntu bat izan behar duela, baina aurrean dugun taldea oso lehiakorra eta kalitatekoa da. Ez dut uste faboritorik dagoenik, bi talderen arteko partidu estu eta gogor bat baino ez dut espero, eta argi daukat gure saskibaloirik onenaren beharra izango dugula partidua aurrera ateratzeko.

Zein jokalari nabarmenduko zenuke beste taldetik eta zein izan daiteke garaipenerako gakoa?

Argi dago jokalari bat baino gehiago dituela erreferentzia gisa. Berni Hernandezen gidaritza gelditzea garrantzitsua izango da, edota Ward-en kanpoko jaurtiketetan adi ibiltzea. Barruko jokalariak oso jokalari handiak eta fisikoak dira. Uste dut gakoa taldeko lana izango dela, bai defentsan, baita erasoan ere. Errebotearen kontrola eta partidaren erritmoa guk nahi duguna izatea garrantzitsua izango da, baloi bakoitzagatik borrokatu beharko dugu garaipena lortzeko.