Eta, beste garaipen bat!

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko urr. 20a, 11:06
Partidako une bat. (Iraurgi Saskibaloi Taldea)

Canarias Basketballi 72 eta 56 irabazita sailkapeneko lehen postua eskuratu du Sammic ISBk. Taldeko lan ona eginda iritsi da hirugarren garaipena, eta gainera Ander Merketegi gazteak lehen taldearekin jokatu du estreinakoz.

Sammic ISB izugarrizko denboraldi hasiera egiten ari da. Hirugarren partidua jarraian irabazita, saikapeneko lehenengo postua eskuratu du Zilarrezko Adecco mailan. Aste honetako aurkariak Kanarietako Canarias Basketball Academy-Gr izan da, eta hasiera estu baten ondoren apurka-apurka tartea irekitzen joan zen Azpeitiko taldea, azkenean 72 eta 56 irabaztea lortu arte. Gainera, Ander Merketegi azpeitiarrak lehen taldearekin jokatu zuen estreinakoz, eta oso minutu politak eskaini zizkion goraino beteta zeuden harmailei.

Intentsitatez hasi zen partidua, abiadura eta gogortasun askorekin, eta berdintasuna nagusitu zen lehen minutuetan. Kanarietako taldeak, ordea, intentsitate apur bat gehiagorekin eta defentsa landuaz, 0 eta 7ko partziala eskuratu zuen. Markagailuan aurretik jartzeaz gain, partiduko erritmoa ere eskuratuta zeukaten kanpoko jokalariek. ISBko mutilak ez ziren pista gainean eroso ikusi eta ez ziren gai izan euren jokoa egiteko. Hala ere, partiduan sartuta jarraitu zuten, eta errebotea ondo itxi zutenetan saiatu ziren lasterka azkar irteten. Orduantxe iritsi zen Ander Merketegiren debuta. Lehen laurdena 14 eta 15 amaitu zen kanpoko taldearen alde.

Bigarren laurdena lehen laurdenaren antzera hasi zen. Saskiratzeak lortu arren, Buenoren mutilak ez ziren gai beraien erritmoa ezartzeko. Hala ere, apurka hobetzen hasi zen Azpeitiko taldea eta Imanol Zubizarreta eta Carlos Iradierren bi hirukori esker partiduari buelta eman eta aurretik jarri ziren azpeitiarrak: 23 eta 20. Tarte hori mantentzen aritu ziren hurrengo minutuetan. Hobeto jokatu zuten, baina guztiz eroso sentitu gabe. Laurdena amaitzeko bi minutu falta zirela, ordea, etxeko taldearen erreakzioa iritsi zen. Bi minututan 9 eta 0ko partziala sartu zuen. Azken segundoan Xabi Orozek ia erdi kanpotik lortu zuen hirukoa, eta ordura arteko abantailarik handiena eskuratu zuen ISBk: 38 eta 26.

Abantaila horrekin erlaxazio momentua iritsi zen Azpeitiko kiroldegira. Bai jokalariek eta bai harmailetan zegoen jendeak lasaitasunez hartu zuen hirugarren laurdena. Kanarietako taldeak ez zuen partidua galdu nahi, eta gogor hasi zen lanean. Laurdeneko lehen bost minutu eta 30 segundotan Sammic ISBk saskiratze bat lortu zuen eta kanariarrek, berriz, 12 puntu saskiratu zituzten. Markagailuak 40 eta 38 adierazten zuen, eta Buenok hutsartea eskatu behar izan zuen. Hortik aurrera, Sammic ISBk beste itxura bat eman zuen, eta 10 eta 2ko partzialarekin erantzun zion Canarias Basketballi. 40 eta 50 amaitu zen hirugarren laurdena.

Azken laurdenean Iraurgik defentsa maila igo zuen berriz, bigarren laurdenean bezala, eta askoz hobeto aritu ziren. Aurreko laurdeneko azken minutuei jarraipena emanez, tartea handitzen joan ziren ISBko mutilak. Arrutiren hirukoa, Garretten matea, Zubizarretaren beste hirukoa... Gure mutilek, zaleei gozatzeko saskibaloia eskaini zieten azken laurdenean. Merketegi berriro kantxaratu zen, eta harmaila osoak bere izena oihukatu zuen. Azkenean, 72 eta 56 irabazi zuen Sammic ISBk.

Iker Bueno entrenatzaileak esan duenez, "erasoan ideiarik gabe hasi ginen, sistemak ez genituen ondo egiten eta abantailak ez genituen garbi ikusten". "Beraiek errazago jokatzen zuten eta beraien erritmoan sartu ginen. Hala ere, momentu zailetan eusten jakin genuen eta bigarren laurdenean defentsan hobeto hasi ginen: baloiren bat lapurtu, errebotea ondo itxi eta korrika egiten. Hirugarren laurdenean lo irten gara, txisparik eta nerbiorik gabe. Beraiek 12 puntu eskuratuz zigortu gaituzte eta gu erasoan oso motel eta gaizki jokatuz ibili gara. Hala ere, lanean jarraitu dugu eta erritmo horrek amaierara koltxoiarekin iristeko aukera eman digu.
Dudarik gabe, taldeko lana izan da gaurko partidua, jokalari guztiek egin dute ekarpena garaipena lortzeko", gaineratu du.

MVP: Aaron Geramipoor: 29 puntu, 14 errebote, asistentzia 1 eta tapoi 1 lortu ditu. Guztira, 36ko balorazioa.

Saskiratzaileak: 14-15/24-11/12-14/22-16.

Sammic ISB: Arruti (12), Ucles (10), Caramasa, Oroz (11), Mayer (8) – hasierako bostekoan – Garrett (19), Zubizarreta (8), Iradier (4), Urtxulutegi, Merketegi.

Canarias Basketballa Academy-GR: Ward (3), Dramm (11), Guerra (7), Tyrna (6), Geramipoor (29) - hasierako bostekoan - Martín, Peña, Pryimak, Diaz, Janic.