Garaipen gazi gozoa lortu du Zurt Tabernak Portugaleten

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko urr. 21a, 11:08

43 eta 49 irabazita hirugarren garaipena jarraian lortu dute ISBko neskek, baina Naroa Uriak min hartu zuen belaunean eta kantxatik irten beharra izan zuen 9. minutuan.

Mutilen lehen taldeak denboraldia zoragarri hasi duela esaten bagenuen, ezin gutxiago esan nesken lehen taldeari buruz. Zurt Taberna ISBko neskek ere hirutik hiru partidu irabazi dituzte denboraldi hasiera honetan. Atzo, igandea, Portugaleten izan ziren eta 43 eta 49 gailendu zitzaien bertako taldeari. Hala ere, berri txarrekin itzuli ziren bizkai aldetik, Naroa Uriak 9. Minutuan belaunean mina hartu eta kantxa utzi behar izan baitzuen.

Partidua zoragarri hasi zuten Iraurgiko neskek. Ideia garbiekin errebotea ondo itxiz eta barnekaldi bikainak eginez, zortzi eta huts aurreratu ziren. Bizkaitarrek hutsartea eskatu behar izan zuten partida gelditzeko baina partida ildo beretik joan zen eta hamaika puntu goitik bukatu zuen  Zurt ISB taldeak lehen aurreneko laurdena: 4 eta 15.

Bigarren laurdena oraindik eta hobeto hasi zuten Zurteko neskek. Bederatzi eta hutseko partzial batekin hogei puntuko abantaila izatera iritsi ziren bigarren laurdeneko erdialdera.  Baina hortik aurrera beste partidu bat ikusi zen. Bizkaitarrak gero eta sarriago barrura jokatzen hasi ziren eta min egiten hasi ziren. Hala ere, Zurteko neskek tartea mantentzen jarraitu zuten eta atsedenaldira partidua nahiko kontrolatuta zuela iritsi ziren: 14 eta 29.

Hirugarren laurdenean akatsak izan ziren nagusi. Zurtekoek baloi ugari galdu zituzten baina Portugaletekoak ez zituzten gehiegi aprobetxatu. Atzean nahiko ondo aritu ziren baina azken minutuetan Portugaletek partidua galdu nahi ez zuela erakutsi eta sei eta hutseko partzial bat lortu zuten. Horrela, bederatzi puntutara gerturatu ziren bizkaitarrak.

Azken laurdena oso parekatua  izan zen. Beraiek asko presionatu zuten eta segituan taldeko bost falta egin zituzten. Amaieran, sei puntutaraino gerturatu zen etxeko taldea, baina Rubioren neskak buruarekin jokatu zuten eta jaurtiketa libreetan asmatuz, garaipen garrantzitsua lortu zuten. Azkenean, 43 eta 49 zioen markagailuak.

Hirugarren garaipenak poz eman arren, Naroa Uriaren lesioa kolpe handia izan zen gure neskentzat. Dirudiena baino lesio txikiagoa izango dela espero dugu guztiok. Animo Naroa!

Partzialak: 4-15, 10-14, 14-8, 14-12

Portugalete: 43

Arza (7), Incera (4), Bueso (5), Urresti, Nanclares (11), Martinez (6), Iturritza (2), Santos (8), Rey, Melendre.

Zurt Taberna ISB:  49

Garazi (14), Maite Lizarazu (9), Naroa, Eider (4), Irati, Maite Zubizarreta (4), Intza (7), Itsaso (9), Ane (2), Aitziber.