Garaipen garrantzitsua lortu du Zurt ISBk Gernikan

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko aza. 18a, 09:17
Zurt ISBko jokalariak. (ISB)

51 eta 61 gailendu zitzaion Gernika KESBi hirugarren laurden arte parekatuta joan zen partiduan. Garaipen honekin lehen sailkatuen artean jarraitzen du.

Igandean denboraldiko seigarren garaipena eskuratu zuen Zurt Taberna ISBk Gernikako Maloste kiroldegian. Oso partidu zaila izango zela garbi zuten Joseba Lizarralderen neskek eta partidu serioa jokatu zuten. Azkenean, 51 eta 61 garaitu zuten Gernika KESB taldea eta garaipen horri esker sailkapeneko aurreko zatian jarraitzen dute.

Partidua oso parekatuta hasi zen. Gernikarrak zertxobait hobeto hasi arren, gehienez hiru edo lau puntuko abantaila ireki zuten. Zurtekoek erraztasunak ematen zizkieten atzean eta Gernikakoek asko asmatzen zuten kanpotik. ISBko neskak atzeko aldea gogorrago estutzen hasi zirenean partidua berdindu zuten eta azken uneko Garaziren hiruko jaurtiketa bati esker, hiru goitik bukatu zuten laurdena.

Bigarrena laurdena oso ikusgarria izan ez arren, oso berdindua izan zen. Talde baten saskiratzeari beste taldeak beste saskiratze batekin erantzuten zion. Gernikarrek ezin markagailua berdindu eta Zurtekoek ezin zabaldu. Laurden honetako alderik handiena, bost puntutakoa izan zen Zurtekoentzat eta atsedenaldira hiru goitik iritsi ziren.

Hirugarren laurdenean hautsi zuten partidua Zurtekoek. Izugarrizko erakustaldia eskaini zuten zati honetan. Atzeko aldean oso gogor aritu ziren, sei puntu bakarrik lortu zituzten bizkaitarrek, eta erasoan bikain jokatu zuten . Defentsako lan onak, kontraeraso bikainak burutzeko aukera eman zien eta aldeak handitzen joan ziren. Laurden amaierara hemeretzi puntutako aldearekin iritsi ziren.

Azken laurdena ondo hasi zuten gure neskek. Aldeak handituz, hogeita bi puntugatik aldendu ziren, baina Gernikakoak kanpotik jaurtitzen eta asmatzen hasi ziren. Batez ere Mandalunizen eskutik bederatzi puntutaraino gerturatzea lortu zuten. Baina Zurtekoek erasoaldi luzeak jokatuz, partida kontrolatuta izan zuten eta horrela denboraldiko seigarren garaipena lortu zuten.

Partidua irabazi izanagatik ere, jokalari guztiak osorik itzultzea izan zen partiduko berririk onena. Ez zuen, ordea, berriak gehiegi iraun eta atzo, astelehena, Irati Etxeberriak entrenamenduko ariketa batean min hartu zuen. Oraingoan ere belauna izan da min hartutako gorputzeko atala, eta ikusi egin behar zer esaten dion medikuak. Animo Irati!

Zerbait badu aurtengoan Zurt Taberna ISB. Lehenengo Naroa izan zen, ondoren Maite Zubizarreta eta orain Irati. Golpetik golpera doaz aurten gure neskak eta guztion laguntza beharko dute datorren larunbatean, Bilboko La Salle taldearen aurka jokatuko duten partiduan. Azkoitiko kiroldegian 18:00etan ikusiko garelakoan.

Animo Iratiri, Maiteri, Naroari eta talde guztiari!

GERNIKA  KESB

Arrien, Mandaluniz (17), Zenigaonaindia, Garcia, Mugira (10), Esain (6), Omaetxeberria, Omagogeaskoa,Iruskieta (2), Landazabal (4), Lloret (10), Onaindia (2).

ZURT TABERNA ISB

Garazi Arregi (10), Maite Lizarazu (10), Eider Bereziartua (15), Irati Etxeberria, Intza Lizarazu (9), Itsaso Astigarraga (9), Ane Goenaga, Maitane Gurrutxaga (7), Aitziber Besga, Eneritz Larrañaga, Oihane Aizpurua (1).