Sammic ISBk ezin izan du irabazi Guadalajaran

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko aza. 24a, 09:52

68 eta 55 galdu zuen beti atzetik joan zen partiduan, eta sailkapeneko lehen postutatik apur bat urrundu da.

Larunbatean, hilaren 22an, Sammic ISBk denboraldiko bigarren porrota jasan zuen Guadalajaran. Ez zuten partidu ona jokatu Iker Bueno eta Xabi Chicoren mutilek eta 68 eta 55 galdu zuten CEBA Guadalajara taldearen kontra. Porrot horrekin, sailkapeneko lehen postutatik apur bat erori da talde azpeitiarra.

Ez zuen gaizki hasi Sammic ISBk partidua. Bi taldeei nahiko zail egin zitzaien lehen laurdenean saskiratzeak lortzea, baina elkartrukean ibili ziren lehen minutuetan. Guadalajarako jokalariek defentsa ona egin zuten, batez ere puntu gehien lortu ohi dituzten gure jokalarien gainean. Horregatik, kosta egiten zitzaien azpeitiarrei puntuak eskuratzea. Laurden amaieran 17 eta 14 adierazten zuen markagailuak. 

Bigarren laurdenean, ordea, aroa ikusteko zailtasunetan jarraitu zuen kanpoko taldeak. Lehenengo 3 minutuetan ez zen gai izan punturik lortzeko. Hala ere, aurkariek ere ez zuten gehiegi aprobetxatu eta 5-0ko partzial batekin abantaila 8 puntutaraino ireki zuten. Abantaila horrekin jarraitu zuten hurrengo minutuetan, baina 1:40 falta zela atsedenaldirako, 10 puntutako horma ikusezin hori ireki zuen etxeko taldeak. Gureek, kikildu beharrean, indarrak atera eta 0 – 7ko partziala egin zuten, atsedenaldira 29 eta 26 iritsiaz.

Aldageletatik itzuleran, Guadalajarak 4 eta 0 ko partzial txiki bat egin zuen eta abantaila berriro zazpi puntutara zabaldu zuen. Hortik aurrera, nahi eta ezinean ibili ziren Buenoren mutilak. Ez ziren gai izan partzialik eskuratzeko, eta saskiratzeren bat sartzen zuten bakoitzean beste batekin erantzuten zien Guadalajarako mutilek. Laurden amaieran, 48 eta 39 eta oraindik partidua irabazteko moduan.

Laurden erabakigarria, ordea, aurrekoak bezala hasi zuten ISBkoek. Zailtasun handiak zituzten saskiratzeak lortzeko eta lehen bi minutuetan ez zuten punturik lortu. Hala ere, defentsan lan ona egin zuten eta Guadalajarakoek ere ez zuten saskiratzerik lortu. Gainera, 7:50 falta zela, Rigoberto Mendozak (gureetatik partiduko onena, 23ko balorazioarekin amaitu zuen) bi gehi batekoa lortu eta taldea 6 puntutara jarri zuen. Guadalajarakoek, ordea, ez zeukaten partidua galtzeko asmorik eta 5-0ko partzial azkar bati esker berriro ihes egin zuten. Hortik aurrera, taldeak saiakerak egin zituen eta sei puntutara gerturatu zen beste bi aldiz. Baina saiakera guztiak partzialarekin erantzun eta abantailekin jokatzen jakin zuen Guadalajarak. Azkenean, 68 eta 55 galdu zuen Sammic ISBk.

MVP: Danny Agbelese: 14 puntu, 13 errebote, 6 tapoi eta 3 mate. Guztira, 25 puntutako balorazioa.

Saskiratzaileak: 17-14/12-12/19-13/20-16.

CEBA GUADALAJARA: Agbalese (14), Sole (13), Duran (5), Frutos (9), James (10) – hasierako bostekoan – Lazaro (7), Iglesias (5), Villena, Aurrecoechea (2), Macura (3).

SAMMIC ISB: Arruti (2),Ucles (10), Mendoza (22),  Caramasa (7), Mayer (6) – hasierako bostekoan – Garrett (4), Zubizarreta (2), Oroz , Urtxulutegi (2).