Lanerako bidean

Erabiltzailearen aurpegia Josu Salegi 2014ko mar. 24a, 12:20

Hondarribiatik 35 minututan iristen da escalerillas geltokira. Ordurako autobusa goraino beteta doa, Errenteria eta Antxoko jendez, batik bat. Kristaletik eskuin aldera begiratu eta badiaren ertzetan, garabitzarrak beren atzapar okerrekin lanean dihardute, txatarra alde batetik bestera mugitzen, ontziak bete eta husten. Burdinezko robotak, erraldoiak, bata bestearen ondoan ezarriak uraren ertzean, portuko gainontzeko gris koloreko pabilioi eta erdoildutako mendiekin batera haragi mamizko gizakitxoentzat mundu arrotza osatzen dute. Mugitzen hasteko ordua da geltokia pasatu aurretik.

Furgonetarekin guztia azkarragoa da, etxeko eskailerak jaitsi, giltza sartu, motorra martxan jarri eta ti-ta. Ez gidatzeari abantaila askoz gehiago aurkitzen dizkiot ordea azken aldian eta Pasaiara ez ezik atzerrira bidaiatzeko aukera ere ematen dit. Ingelesa zertxobait mantentzeko astia eta modurik merkeena aurkitu dudala alegia, lanera bidean eta autobusean, liburutegiko nobelarekin. Errentagarritasun horrek plazerra eragiten dit, automotibazioa. 

Errutina bat beste jendearekin, ezezagunekin partekatzean, ezezagun ezagunak bilakatzen dira konturatu gabe. Lehengo egun batean nire geltoki berean sartzen den eta sekula hitzik egin gabea nintzen emakume bat lotatik esnatu nuen goizeko zortziak inguruan. Nire aurreko eserlekuan zihoan eta jaitsi ohi zen geltokia pasatu genuenez, dilematxo bat sortu zitzaidan: "esnatu egingo diat ze lanera berandu iritsiko duk, ala pakean utziko diat, hik zer dakik zer egiten duen?". Azkenean, kontzientzia lasaiago edukitzeko golpetxo batzuk eman nizkion eskuarekin. Begiak ireki eta egun horretan errutina aldatu zuela eta beranduago jaisten zela esan zidan. 

Egun grisak dira eta paisaiarekin bat egiten dute, Pasaiakoarekin. Aterki hau erdi hautsia dago, lehenagotik ere banekien hori, baina ez dut beste bat erosi nahi. "Gauze inkomodue ta galtzeko errexa guardosola, hau etzibek harrapauko behintzet".

Egurra hor dago, uraren ertzean izeiak tente daude aspaldian, palet zuri-gorriek albergearen pareta itxuratzen dute kanpotik. Lanean hasteko ordua iritsi da, ate urdina ireki eta barrura sartuko naiz.

Minutu hilen heriotza

Geltokiko gehienak pantailatxoetara begira daude eta gauzak idazten. Neuk ere poltxikotik hartu dut mobila ordua begiratzeko, topoko geltokiko erlojuak minutu bat gutxiago markatzen du. Zer gertatu da sabaiko arraila eta armiarma sareei so aspertuta zain egon beharreko momentu haiekin? Ba al dute etorkizunik ile-apaindegietako eta hortz-kliniketako aldizkariek?