Larunbatean Krostadarrean parte hartzera deitu dute herriko hainbat kirolarik

Erabiltzailearen aurpegia Kilometroak 2024 2024ko api. 23a, 17:00
Krostadarrean parte hartzera deituz herriko hainbat kirolari.

Aniztasun Izpiak Kilometroak Txikia festa eguna izango da datorren larunbatean, apirilaren 27an. Egun guztirako egitaraua antolatu da, eta tartean, 19:00etan hasita, Krostadarra martxa. Herritar guztiak bertan parte hartzera deitu dituzte herriko hainbat kirolarik, "edozeinek bere martxan egiteko moduko ibilbidea" dela azalduz.

Aniztasun Izpiak. Kilometroak txikia eguna izango dugu datorren larunbatean, apirilaren 27an. Goizetik gauera arteko egitaraua antolatu du Azpeitiko Ikastola Ikasberrik,  beste hainbat eragilerekin elkarlanean. Ekintza horien artean dago Krostadarra ere, Atzegirekin eta Marea Urdinarekin batera antolatutako kros koloretsua. Kirol martxa horretan parte hartzera dei egin dute herriko hainbat kirolarik.

"Krostadarra aniztasunaren alde egingo den ekimen bat da, alde eta molde guztien arteko elkartasuna, batasuna eta kidetasuna balioesteak elkar aberasten gaituela aldarrikatu nahi dugu”, adierazi dute kirolariek. “Herritar oro animatu nahi dugu Krostadarrean edota egun horretako beste edozein ekintzatan parte hartzera. Aniztasunaren aldeko izpiak ikus daitezen!”, gaineratu dute.

19:00etan Azpeitiko plazatik aterako da Krostadarra. 1,2 kilometroko ibilbidea izango du, eta herritar orok parte hartzeko modukoa izango da. "Aniztasuna ardatz duen egun horretan, aniztasun funtzionala, adin aniztasuna, kultur aniztasuna eta aniztasun guztiak kontuan hartzen saiatu gara, inor aparte utzi gabe. Horregatik, kros edo martxa hau, ez da izango lehiaketa edo txapelketa bat; martxa bat izango da, bakoitzak bere erritmora egin dezakeena. Anitza eta koloretsua izatea beste xederik ez duena. Denok elkarrekin, euskara zubi, aurrera egiten ari garen bidearen lagin txiki bat", azaldu dute Krostadarraren antolatzaileek.

Aniztasunean bizitzeak erronka handiak dakartza, oraindik orain, gizarte honetan. Izan ere, horrek guztiak esan nahi du egoera eta aukera ezberdinak bizi dituen ongizateari begirako jarrerak eta portaerak lantzea. Barrura eta kanpora begira. Gure ikastolan, eta ikastolatik kanpoko edozein eremutan. Gure ongizatea guztion ongizatea bihurtzen denean lortuko dugu aniztasuna, eta horri keinu egin nahi diogu Krostadarraren bidez. Jai giroan eta jolasean. Gure eguzkilorearen hosto guztiak baitira desberdinak, era guztietakoak, eta den-denak beharrezkoak.