Aurrera doa Kultur Mahaia

Erabiltzailearen aurpegia lapikue.net 2010ko mar. 29a, 15:03
Kultur Mahaiak batzarra egin zuen joan den ostegunean, Sindikatu Zaharrean. (Kultur Mahaia)

Joan den ostegunean egin zuten batzarrean aurtengo aurrekontuari oniritzia eman zioten

Hurrengo batzarra uztailerako aurreikusi dute

Joan den ostegunean, martxoaren 25ean, Urteko lehen batzar nagusia egin zuen Azpeitiko Kultur Mahaiak, eta bertan eman zioten oniritzia aurtengo aurrekontuari. Hain zuzen, 17.774 euroko gastua aurreikusi du eta 18.000 euroko diru sarrera.

Mahaiko Talde Eragileak azkeneko asteetan EAJ, ezker abertzalea, EA eta Aralar udal taldeekin bilerak egin ditu urteko plana eta diru laguntza eskaera aurkezteko, eta uste du aurten ere izango duela udal laguntza. Iaz hamabi mila eurokoa izan zen eta urte honetarako kopuru bera aurreikusi du.

Abenduko batzarrean onartu zuen Kultur Mahaiak 2010eko plana, eta horren arabera osatu dute aurrekontua. Herriko kultur egutegi orekatua lortzea, lapikue.net webgunea aberastea, eskuko agenda sortzea, eta Sanagustin kulturgunea irekitzea eta honen funtzionamendua zehaztea dira urteko ardatz nagusiak. Horretaz gain, Mahaiko elkarterako bazkide kanpaina ere abiatua du (oraingoz, taldeen artean).

Talde Eragileak bi kide berri izango ditu: Zubi-Zarreko Musika Taldea eta Ikasberri Azpeitiko Ikastola-Kultura. Mahaiak barne araudian zehaztua du urtero joango dela berritzen Talde Eragilea.

Batzarraren ondoren Sanagustin kulturgunea ikustera joan ziren. Obrak bukatuta daude eta ekipamendua jartzea besterik ez da falta, baina horretarako Espainiako Gobernuaren azken balekoa behar da (honek finantzatu du obra osoa).

Azpeitiko kultur elkarte denek, udal taldeek, udal kultur teknikariak eta norbanako batzuek osatzen dute Kultur Mahaia. Parte-hartze handia izan zuen atzoko bilerak. Uztailerako aurreikusi dute hurrengoa.