Josu Oiartzabal: "Ez dut uste sariketa honetan nik bakarrik parte hartzea gure herriko bertsolaritzaren isla denik"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2010ko ots. 26a, 12:49
Josu Oiartzabal 'Xenpelar'

Erniarraitz Sariketako bigarren kanporaketan kantatuko du, gaur, Josu Oiartzabalek; sariketan parte hartuko duen azpeitiar bertsolari bakarra da. Gaur, otsailak 26, gaueko 22:00etan hasita Azkoitiko Kultur Etxean jokatuko da bigarren kanporaketa. Oiartzabal Hodei Iruretagoiena (Zarautz), Mikel Olaizola (Elgoibar), Mikel Artola (Alegia), Maialen Velarde (Zumaia) eta Eneritz Artetxeren kontra arituko da kantuan.

Josu Oiartzabal Erniarraitz Txapelketan parte hartuko duen azpeitiar bakarra da. Badira Erniarraitzen ibiltzen diren gehiago txapelketan (Nekane Zinkunegi, Silvia Etxaniz, Eneritz Artexte eta Eneritz Arzallus), baina azpeitiarra, bakarra. Gaur, Azkoitiko Kultur Etxean jokatuko da txapelketako bigarren kanporaketa, 22:00etan hasita. Kanporaketa jokatu baino ordu batzuk lehenago "gogoz" dago bertsolaria.

18 bertsolari Erniarraitzen sariketan, eta azpeitiarra zeu bakarrik.

Bai horrela da. Baina ez dut uste sariketa honetan nik bakarrik parte hartzea gure herriko bertsolaritzaren isla denik. Gazte gehiago ere badago bertsotan egiten duena, baina ez da Erniarraitzera inguratzen. Nik neuk ere ematen dizkiet klaseak gaztetxoagoei, eta haien artean ere bat-edo bat-batean egiteko moduan da. Baina ez dira animatzen.

Gaur bertan jokatuko duzue Erniarraitz Sariketako bigarren kanporaketa. Urduri?

Momentua iristen ari den heinean, gero eta urduriago nago, baina gogoz nago, egia esan.

Zer asmorekin zoaz txapelketara?

Ni ahalik eta saiorik onena egitera noa. Gaur, lagun edo kontrario ditudanak lehian gogorrak dira. Hodei Iruretagoiena eta Maialen Velarde kontrario gogorrak dira. Beraz, nik ahal dudan ondoen egiten badut bertsotan, gustura izango naiz.

Finalean ikusten al duzu zeure burua?

Ez, egia esan ez dut ikusten neure burua finalean. Ni ez naiz sariketa edo txapelketa askotan ibili, eta txapelketa honetan badira dagoeneko horrelako plazei tamaina ni baino gehiago hartu dietenak.

Ez zara txapelketetako bertsolaria?

Eskolarteko txapelketan behin hartu dut parte, baina ez nuen ezer apartekorik egin. Gero, orain dela bi urte Erniarraitzen txapelketan hartu nuen parte, eta aurtengoan berriro ere hor izango naiz.