Imanol Eliasen lana San Agustin herriarena izateko

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2010ko urr. 11a, 12:00

"Abokatuak esan zidan nik emandako datuei esker lortu zela elizak herriari ematea San Agustin", esan du historiagileak. "San Agustin laster irekitzekoa den honetan, haren inguruan egindako ikerlana datorkit gogora".

Azpeitiaren eta Udalaren mesedetan egindako lanen artean San Agustin eraikina herriak berreskuratzeko egindako datu bilketa ekarri du gogora Imanol Elias Odriozola historiagileak. "San Agustin laster irekitzekoa den honetan, haren inguruan egindako ikerlana datorkit gogora", esan zion Urola Kostako Hitza-ri lehengo ostegunean Eliasek, Udalak herriko ohorezko kronista izendatu zuenean.

San Agustin eliza herriarena izateko ahalegin horretan datu asko bildu zuen Eliasek. "Garai hartan elizaren esku zegoen San Agustin, baina orduan alkate zen Jose Mari Bastida [1985-2003] eraikina herriak berreskuratzeko mugitu zen, eta niri datuak eskatu zizkidan. Orduko abokatuak hala esan zidan, nik emandako datu haiei esker lortu zela elizak herriari San Agustin ematea". 

Datuok biltzeko lan handia egin zuela dio, baina "oso interesgarria" izan zela. Gogoan du garai hartan Loiola Irratira hiru azpeitiar joan zirela Azpeitiari buruz hitz egitera —bera tartean—, beste biek San Agustin eraikina elizarena zela ziotela eta bera bakarrik gelditu zela herriarena zela defendatuz. "Ordurako hori esateko datuak bilduta nituen, ordea".

San Agustingo obrak

(Imanol Elias Odriozola; 'Uztarria' Azpeitiko herri aldizkaria, 2007ko azaroa)

Urteetan zehar aldaketa handiak ezagutu ditu Pedro Arriaran jaunak 1578. urtean eraikitako San Agustin eraikinak.

Agustindar fraideak egon ziren komentuan, 1837ko uztailaren 27ko legeak erlijiosoen komentuak ezerezean utzi zituen arte. Hiru urte geroago, Azpeitiko agintariek erabaki zuten herriarena zen eraikina Espainiako Gobernuari eskatzea. Erantzunik ez zuten jaso; beraz, eskaera berri bat egin zuten 1841ko ekainaren 16an. Bigarren eskarian, herritarrek eraikinaren erabilera zehaztu zuten: alondegia, harategia, arrandegia eta postu publikoak jarri beharko zituzten lehen solairuan, eta udaletxea eta eskola goiko solairuetan. Une hartan erregeorde zen Esparterok eraikina herriaren eskuetan jartzea erabaki zuen, eta 1842ko apirilaren 8an sinatu zuten Gobernuaren eta herriaren arteko eskritura.

Beraz, eraikineko lehen obra handia 1849tik aurrera burutu zuten, udaletxeko areto eta bulegoak ez ezik, eskola gelak ere egokitu zituztela. Elizak lehengo lekuan jarraitu zuen, eta herriak igande eta jaiegunetan meza emateko eskaera luzatu zuen.

Beheko solairuan, haurrentzako eskola egokitzeko obrak inauguratu zituzten 1870ean. Handik hiru urtera, herriko agintari liberalek gotorleku eta kuartel gisa erabili zuten eraikina. Karlistak herriratzean, berriz, Artilleria Parkea ezarri zuten han. Behin baino gehiagotan entzuna da karlisten sinboloa izan dela San Agustingo eliza...

Herriak 1994n eskuratu zuen eraikina bere osotasunean. Gaur egun, eliza zegoen gunea obretan dago, baina ez postu publikoak ezartzeko (garai batean herriak eskatu bezala), baizik eta beste behar batzuei erantzuteko; kultura suspertzeko, batik bat.

Sanagustin kulturgunearen kronologia 1994tik hemen