Jon Ibarguren: "Jendeari gustatzea, eta gu gustura gelditzea da helburu nagusia"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2010ko urr. 8a, 12:00

Igandean jokatuko da Seguran Euskal Herriko dantza suelto txapelketa. Uda osoa txapelketetan eta entseguetan ibili ostean, Jon Ibarguren dantzaria han izango da. Plaza garrantzitsua da igandekoa, eta "urduri baina gozoz" dago. 

Urte asko daramatza plazaz plaza Jon Ibarguren azpeitiar dantzari gazteak. Pasatu den uda ere horrela igaro du; plazatik plazara eta entsegutik entsegura. Igandean, Euskal Herriko Dantza Suelto Txapelketa jokatuko da,plaza garrantzitsua da Segurakoa, eta "urduri baina gogoz dago".

 Jon Ibarguren

Zenbagarren aldiz izango zara Euskal Herriko Txapelketan dantzan?

Aurtengoan hirugarren aldia izango da. Hala ere, Idoia Besadarekin parte hartzen dudan lehen aldia izango da. Beste bietan Estibaliz Aranguren azpeitiarrarekin hartu dut parte.

Dantzarako bikotez aldatu duzu, beraz?

Bai. Urtebete inguru da Idoia Besadarekin hasi nintzela bikotea osatzen. Estibaliz eta biok dantza bikoteak aurrera ez zuela egiten ikusi genuen. Berak Donostian ikasten du, nik Bilbon, eta ez genuen aurrera egiten. Beraz, uztea erabaki genuen. Idoiak eta bere dantza bikoteak ere arazoak izan zituzten, eta haiek ere utzi egin zuten. Idoia eta ni txapelketetatik ezagutzen ginen, eta biok osatu genuen bikotea. Urtebete inguru daramagu elkarrekin dantzan. 

Euskal Herriko Txapelketan parte hartu duzun beste bi aldietan, zer moduz joan da?

Ondo. Txapelketa bezala oso ondo dago, eta txapelketa garrantzitsua da guretzat. Hala ere, oso sentsazio arraroa izaten dut. Jende asko egoten da, telebista... oso arraroa izaten da guztia.  

Eta aurtengorako, lasai al zaude?

Dagoneko gogoz nago. Urduri nago, baina gogoz. Urduritasun pixka bat beti izan behar da, baina pasatu gabe. Eta horrelaxe nago. 

Zein da aurtengoan zuen helburua?

Lehenengo eta behin, jendeari gustatzea da gure helburua. Biok elkarrekin txapelketa horretan parte hartzen dugun lehen aldia da, eta jendeari osatutako bikote berriaren dantza egiteko modua gustatzea nahi dugu. Baina guk ere gustura gelditu nahi dugu egiten dugunarekin. Beraz, jendeari gustatzea eta gu gustura gelditzea da helburu nagusia. Ondoren, lehen hiruren edo bien artean gelditzen bagara, askoz hobe.  

Zein dira aurkari gogorrenak?

Nire ustez Hernaniko bikotea eta Bergarakoa dira fuerteenak. 

Bikote berria izanda Guillermo Areizaga Saria irabaztea ere posible al duzue?

Bai posible dugu, eta irabazteko aukerak ere baditugula uste dut. Urtebete daramagu elkarrekin dantzan, eta aurtengo udako txapelketetan emaitza onak lortu ditugu. Besteak beste, Donostian bigarren egin genuen, eta gustura gaude aurtengo udan egindakoarekin.

Pasaiaren izenean irtengo duzue.

Bai, horrela da. Herri baten izenean irten behar izaten da, eta zozketa egin genuen eta Pasaia irten zen. Datorren urtean irtengo dugu Azpeitiaren izenean. 

Bilbon ikasten duzu, dantzan segitzen duzu... erraz bateratzen al dituzu?

Bai. Urtean zehar zapatutan entseatzen dugu elkarrekin Idoiak ete nik. Astean zehar bakoitza bere kasa aritzen da. Udan, berriz, astean hiru lau aldiz entseatzen aritu gara. Ni Azpeitian egon naiz udan, eta Lezon entrenatzen dugunez, astean hiruzpalau aldiz joan naiz hara. Orain azken esfortzua egin behar dugunez Segurarako, nahiz eta Bilbon egon elkarrekin asko entseatu dugu. Baina bateragarriak dira. Nik uste dut, gainera, beharrezkoa dudala dantza. Dantzarik gabe ez nintzatekeelako neu.