Pako Aristi: "Irakurtzea beti izango da gauza pertsonal bat, gauza intimo bat, bakardadean egiten dena"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2010ko urr. 7a, 13:00

'Nemesioren trikitixa' haurrei zuzenduriko liburua aurkeztu berri du urrestildar idazleak. Azken urteotan haur literaturako hainbat liburu argitaratu ditu, eta mundu horrek "asko erakartzen" du. Argazkian, Pako Aristi bere azken liburuaren aurkezpenean (Elkar). 

Pako aristi_nemesio aurkezpena

Nemesioren elefantearen eta itzalaren istorioak kontatu ostean, Nemesio eta bere trikitixaren inguruko abenturekin dator Pako Aristi urrestildar idazlea. Aste honetan bertan aurkeztu du bere azken liburua: Nemesioren txikitixa. Azken urteotan dezente idatzi du haurrentzat, eta etxeko txikienen munduak "asko erakartzen" du. 

Orain egun gutxi aurkeztu zenuen Nemesioren trikitixa liburua. Nondik sortu zitzaizun Nemesioren istorioa?

 

Euskal Herriko Trikitixa elkartearekin harremana dut, eta haiek esanda dakit etxeetako armairuetan zientoka trikitixa daudela baztertuta. Irudi hori oso deigarria egin zitzaidan: zientoka trikitixa, euren kaxetan gordeta, armairuetan hautsa jaten. Zergatik? Hortik tiraka hasi nintzen ipuin hau pentsatzen, gauza asko agertzen zituelako pista horrek: gurasoek askotan euren zoriontasun propioa bilatzen dute haurrak trikitixa ikastera behartuz, edo euren frustrazioak estali nahi dituzte, haurraren askatasuna kontuan hartu gabe. Haurrak, berriz, bere gurasoek maite dezaten egiten dituzte gurasoen gustuko gauza asko, baina horrela ahazten zaie eurei, haurrei benetan zer gustatzen zaien detektatzea, eta hori oso garrantzitsua da bizitzan zoriontsu izateko. Giro hori jaso nahi izan dut ipuin honen bidez.

Zer moduzko harrera izan du irakurri dutenen artean?

Apur batzuk irakurri dute eta asko gustatu zaie, istorioa bera eta kontatzeko modua ere bai, askotan haurrak tontotzat hartzen batitugu haientzat idazten dugunok, eta ipuin honetan haurrenganako errespetua ikusi dute, haien munduan, eta mundua ikusteko haiek daukaten moduan ondo sartu naizela. Hala diote behintzat irakurri dutenek. Nire libururik onena dela esan dute. Auskalo!

Nemesiok ba al du Pako Aristi haurrarekin zerikusirik?

Bai noski, denok proiektatzen dugu gu garena idazten ditugun gauzetan, ezinbestez. Nik ere organoa ikasi nuen oso umetan, baina ezberdintasun batekin: niri inork ez zidan esan organoa ikasten hasteko. Neuri bururatu zitzaidan, eta neure kasa hasi nintzen, etxean ezer esan gabe. Alde horretatik, gaurko umeak baino autonomoagoa nintzen, neuk erabakitzen nuen, ahal zen neurrian, nire bizitzan zer egin. Horregatik, neu hasi nintzelako ikasten, gero ez nuen jasan behar izan gurasoen txaparik. Libre nintzen nahi nuenean uzteko ere. Eta ez nuen utzi. Askatasuna gauza ederra da zerbait egiteko unean, zerbaiti ekiteko unean. Hobeto ateratzen da dena askatasunez egiten bada, eta ez behartuta, derrigortuta, presiopean, besteei huts egiteko beldurra barneratuta.

Badira urte batzuk Nemesioren istorioak kontatzen hasi zinela, gustura sentitzen al zara Nemesio pertsonaiarekin? 

Hainbat pertsonaia dauzkat sortuak han-hemenka, Martinello eta sei piratak, Mari Bexamel eta Mertxe Pandeletxe, Nemesio bera… horiek bizirik daude nire irudimenean. Istorio bat kontatu nahi badut, beti ere errazagoa da horietako bati ematea protagonismoa, pertsonaia berriak sortzen ibiltzea baino. Nemesiori badiot aparteko txera bat, ume bakartia delako, aitarik ez daukana, amak ez duelako gehiegi mimatzen, bere kabuz badakielako gauzak pentsatzen… horrelako umeak gustatzen zaizkit, espabilatuak, autonomoak eta daukaten adimen natural hori erabiltzen dakitenak..

Azken aldian haur literaturan lan asko argitaratu dituzu, eroso sentitzen al zara?

Aspaldian liburu asko irakurri ditut haurrei buruz, psikologoek idatziak, edo terapeutek, eta asko erakarri nau beti haien munduak, batez ere bi arrazoirengatik: batetik, neuk ez daukadalako ume propiorik (nik dakidala, beti ere), eta bestetik ni ere umea izan nintzelako, eta ume hori barruan daramadalako beti, ez dut hil, eta askotan uzten diot nire bizitzaren norabidea berari erabakitzen. Eta gehienetan asmatu egiten du. Haurrentzat idaztea ez da erraza, asmatzea oso zaila da. Liburu bat pentsatzen ematen duzun epea berdina da, umeentzako nahiz helduentzako izan; asmo horren gauzatzea da ezberdina, umeen liburuak denbora laburragoan egiten dituzulako helduenak baino. Baina idazteko unean serietate berbera daukat, auto-exijentzia maila berbera.

Zein da haurren artean arrakasta izateko trukoa? Trukorik bada. 

Ez dut arrakasta bilatzen bereziki, arrakastak esan nahi duelako haien kapritxoetara makurtzen duzula zure sormena. Nire sormena sakratua da niretzat. Beraz, hitzarmen bat gertatzen da idazlearen eta irakurlearen artean: idazleak eskaintzen du bere mundutik zerbait, eta irakurleak erabaki behar du hori erakargarri egiten zaion edo ez. Nik idazten gozatu, eta irakurleak ere irakurtzen gozatzen badu, eta irakurle kopurua 200ekoa izan beharrean 20.000 izatea egokitzen bada, bingo. Bestela, gustora egindako lanaren satisfakzioa geratzen zaizu, eta aski da. Nik ez dut arrakasta maite; nik neure lana maite dut. Gauza ezberdinak dira. Gero arrakasta iristen bada, eskertu egingo dut.

Haurren artean irakurzaletasuna bultzatzea garrantzitsua da idazleontzat. Zuk haurrekin proiektu batzuetan hartu duzu parte, ezta? 

Proiektu askotan hartu dut parte, bai, baina irakurtzea beti izango da gauza pertsonal bat, gauza intimo bat, bakardadean egiten dena. Haurrak esponjak dira umetan, baina nerabetasunetik aurrera euren nortasuna garatzen dute, eta hor har ditzakete beste erabaki batzuk. Begira niri, bestela: umetan inork ez ninduen irakurtzera bultza, ez nuen irakurtze-kanpainarik jasan, eta irakurle sutsu bihurtu nintzen. Irakurtzeak beti eskatzen du eginahal bat, esfortzu bat, eta lana eskatzen duen zerbaitek beti izango ditu jarraitzaile gutxiago pantaila baten aurrean ezer egin gabe entretenituko direnak baino.

Zer moduzko esperientzia izan da?

Oso ona. Helduak aurreiritziz beterik daude, buruan egundoko enpanadak dauzkate, begirada gaiztotua daukate, enbidia dela, gorrotoa dela, frustrazioak direla, politika dela, eta mila oztopo jar ditzakete idazle batengana ez heltzeko. Haurrak ez dauka horrelakorik, haren bidea garbia dago, eta maite bazaitu bere maitasun guztia emango dizu, mugarik gabe, errezelorik gabe.Indiferentzia sentitzen badu, disimulurik gabe agertuko du indiferentzia hori, alegia, ez daki hipokrita izaten. Horregatik maite ditut, hipokresia oinarritzat daukan gizarte honekin kokoteraino nagoelako.