Xabier Saldias: "Garai batean, kultura ginen, eta, orain, aisialdia gara"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2010ko ira. 27a, 12:00

Aurten 40 urte sortu zuten Egan taldea. 1980ko hamarkadatik aurrera, berebiziko arrakasta izan zuen; Saldiasek jarraitzen du plazan, nahiz era apalagoan aritu. Hala ere, ez du iraganminik: "Gogoratzea ondo dago, baina ez nostalgian oinarritzea", dio. ('Berria')

Plazaren nekea nabari du Xabier Saldiasek (Azpeitia, Gipuzkoa, 1951). Onartu du erretiroari begira jarria dagoela. Musika lanbidea delako harentzat, bizitzeko dirua ematen diona: "Emanaldi asko hartzen ditugu bizitzeko lain ateratzeko", dio. Ordea, ordu txikietan jotzeari uzteko asmotan dago. Aspertu da gaueko giroarekin.

Aurten dira 40 urte Eganekin hasi zinela. Bukatu nahi ezik zaude?

Ikasketak utzi, eta musikan hasi nintzen 19 urterekin. 40 urte egin ditut, eta orain zertan birziklatu behar dut? Segitu egin beharko dut, erretiratu arte.

Ilusioarekin jarraitzen duzu plazan, edo jada betebehar gisakoa da?

Gero eta gehiago derrigorrean egin beharreko zerbait bezala egiten dut. Ez dut hainbeste gozatzen, ordu txikietan aritzea kosta egiten zait. Egunez aritzea nahiago dut. Ordu txikietako giroa ez zait batere gustatzen: jendea mozkortuta eta lotsa galduta —izotza botaz, adibidez—... Umeekin eta egunez aritzen gara gustuen. Pentsatzen ari naiz datorren urtean 02:00etatik aurrerako saioei galbahea pasatu beharko diedala. Inoiz ez dut egin, baina hasiko naiz. Emanaldi asko hartzen ditugu bizitzeko lain ateratzeko, nahiz gustura ez joan. Erretiratzen naizenean, diru pixka bat edukiko dut, eta ez diot hainbeste begiratuko dirua lortzeari. Agian, sorkuntzan hasiko naiz.

Garai bateko saioak joan ziren. Ez zen hobe goi-goian zeundetela uztea eta Egan gorenean gordetzea?

Futbolean ere maila asko daude, guztiak ez dira lehen mailakoak. Gustatu egiten zait kantatzea, eta ofizio gisa hartu nuen. Garai batean izan ginen igual aitzindari edo eredu jendearentzako. Orain hainbestek lantzen dute sormena, ze gu bigarren mailan baikaude. Garai batean, kultura ginen, eta, orain, aisialdia gara. Tartea betetzera joaten gara festetara, jendeak ondo pasa dezan.

Zergatik gertatu da kulturatik aisiara pasatze hori?

Azpeitiarrak ginen hasierako taldekide denak. Garai hartan, Azpeitira talde espainiarrak etortzen ziren. Ez zitzaizkigun gustatzen. Euskal giroa jartzeko sortu genuen Egan. Gure garaian, erromeria zen trikitia edo txistua. Kantu modernoak erromerian sartzen lehenengoetakoak izan ginen. Kultura ginen orduan. Kultura musikala ere gutxi zegoen, jendeak ez zuen musika entzuten. Orain, edonon entzuten dugu. Garai hartan, disko jogailu bakarra egongo zen herrian. Festetan soilik zegoen aukera musika entzun eta dantza egiteko. Orain, jendeak egunero entzuten du musika, eta ez du festen halako beharrik.

2004an formatua aldatu zuen Eganek. Dantzariak sartu zenituzten, musikariak kenduta.

Kantatzeko grinarik ez zegoen, eta umeek dantza ikusten dute telebistan. Pentsatu nuen hori egitea. Lau lagun geldirik egon beharrean, ikuskizun pixka bat jartzea agertokian. Dantzaren aldeko apustua egin nuen. Lehen baino gehiago iristen gara jendearengana. Umeek eta zaharrek gustura entzuten dituzte gure kantuak. Ez da gazteentzat bakarrik jo behar. Bestalde, espezializatu egin behar da. Berbena baterako, hogei bat talde egongo dira gaur egun. Denek berdina egiten badute... Guk espezializatu nahi genuen.

Eganen gisako formatua egiteko ideia nondik sortu zen?

Ordurako Ez Dok Amairu bazegoen. The Beatles-eta ere asko entzuten genituen. Orduan, zergatik ez horiek euskaratu eta Ez Dok Amairuri erritmo pixka bat jarri? Bolbora bezala zabaldu zen. Herri guztietan bazegoen grina. Urtean 200 emanaldi egitera iritsi ginen. Orain, 80rekin konforme. Bizitzeko lain bada, aski.

Berritzaile izateak ekarri zion arrakasta Egani?

Nik uste baietz. Baina, bestalde, arrakasta izan genuen besterik ez zegoelako. Konturatu naiz horretaz. Lau talde ginen, eta denentzako zegoen. Baina jendeak euskal giroaren grina zuen. Guk metxa piztu genuen, eta herriz herri hasi ginen. Orain jendeak ikasi egin du musikaz, eta gazteek ez dute berbenaren berri. Gu ez gara sortzaileak izan, beti besteen musika euskaratu eta jo dugu. Lan txikia da hori. Lan gehiago egiten du sortzen duenak eta kulturarako uzten duenak.

Garai hartan, edozein lekutan eta edozein modutan jotzen zenuten.

Guk behintzat bai. Behin etxetik irtenez gero, soldata kobratuta itzultzen ginen. Akelarre finagoa zen: agertokia egokia ez bazen, ez zuten jotzen, eta etxera joaten ziren. Gu ez. Behin irtenez gero, gurdian ere jotzen genuen. Ukuilu batean ere jotakoak gara, Berrio-Aldape auzoan (Elorrio, Bizkaia). Sabaian jarri genituen gailuak, eta 40 watteko bonbilla batekin jo genuen. Eta leporaino beteta.

Ingelesetik maiz euskaratu egiten dituzue kantak. Nolakoa da prozesua?

Jatorrizkoak zer esaten zuen, guri bost axola zitzaigun. Fonetikoki hartzen genituen. Adibidez, "show must go on" (ikuskizunak jarraitu behar du) esaten zuen bat "zu maisu on" itzuli genuen. Queen entzuten zuen jendeari hartara ez zion belarrira halako minik egiten. Gero, diskoa atera genuenean (Queen omenduz, 1992), behartu gintuzten hark jatorrizkoan esaten zuena itzultzera.

Egan sortu aurretik ere bazenbiltzan kantu munduan.

Sei urtetik koruan aritu nintzen; kantatzeko afizio handia nuen. Kantaldiak izaten zirenean, joaten nintzen. Ez Dok Amairuri laguntzeko-edo, mugimendu bat sortu zen, eta arreba eta biok joan izan gara. Eganen baino lehen, beste talde batean egon nintzen. Erdalduna zen kantaria. Jendea hasi zen euskarazko kantuak eskatzen, eta deitu egin zidaten. Bigarren abeslari bezala aritzen nintzen; euskal giroa zegoenean nik kantatzen nuen. Euskal giroa indartzen ari zen, eta Egan sortu genuen.

Ikasketak ere utzi zenituen Egan taldearekin plazarik plaza hasteko.

19 urterekin. Akatsa-edo egin nuen: letretatik joan nintzen, eta gero Enpresaritza ikasten hasi. Matematika lepo zegoen, eta ni ezin okerragoa nintzen. Dirua zutenak klase partikularretara joaten ziren; ni, aitarekin lanera. Ikasketetan ez aurrera ez atzera, eta musikan hasi nintzen. Dirua behar zen, eta soldata etortzen hasi zen. Eta beste bat, eta beste bat. Bizibide bat izan da. Enpresaritzan segitu izan banu, tristeagoa izango nintzen. Hau askoz alaiagoa da.

Garai haien oroiminik baduzu?

Atzo zer egin nuen ere ez naiz akordatzen. Aurrera begiratu behar da. Tarteka gogoratzea ondo dago, nondik gatozen-eta, baina ez nostalgian oinarritzea.

Baina garai batean beteta egoten ziren plazetara joan eta erdi huts daudela ikusita, zer sentitzen duzu?

Bide hori egin du plazak. Ez bakarrik musikagatik. Orain kotxea nork hartzen du festetara joateko? Arriskua hartzea da. Jendea jada ez da mugitzen. Lehen, lau etxeko auzo batera inguruko herrietako guztiak joaten ziren, eta bete egiten zen. Ez isunengatik soilik, baina jendeak ez du kotxea hartzen. Jendea bizi den herri koskorretara joandakoan, horietan egoten da. Baina mugitu ez; ez guregatik bakarrik, inorengatik ez da mugitzen jendea.

Zuen garai berean loratu zen RRV Rock Radical Vasco ere.

Atzerapausoa izan zen, musikalki. Ez Dok Amairu zegoen: landutako gauzak, hitzak nola jarri pentsatzen zituen... Bat-batean, berriro hasieretara itzuli zen: Sarri-sarri... Hori gaindituta zegoen. Berriro hasieretara? Hiru akordeko doinuetara? Atzerapausoa.

Akelarre eta Egan erromerietan talde nagusiak ziren. Akelarrek bere kantuak zituen; Eganek, besteenak. Plus hori falta zenuten?

Nik beti miretsi dut Akelarre: haien antolakuntza, metodismoa... Gu alprojagoak izan gara: "Gaur partida zagok, eta ez diagu entseatuko!". Haiena kontzertua zen gehiago, herriko festetako berbena baino. Dantzaldia zer da? Ze jende dagoen, horren arabera jo. Horregatik iraun dugu guk gehiago. Akelarrek zerrenda bat zuen, eta sartzen zena sartu eta sartzen ez zena ez. Haiek nahi zuten kontzertua herriko jaietan sartu. Guk garbi geneukan: zegoen jendearen arabera kantu bat edo beste jo.

Plaza taldeak gutxietsita egon direla esaten da. Hala sentitu duzu?

Orain bigarren mailan gaude, normala da. Orain umeekin-eta aritzen gara. Gazteek ere nahi adina talde dituzte... Baina konforme nago. Gu lehen mailan egon gara 1970etik 1990eko hamarkadara.

Hain goian, ze telebista saio bat ere bazenuten.

Besterik ez zen izango! Pentsatuko zuten: "eroso ibiltzen duk mikrofonoarekin, eta ondo egingo dik". Hegan saioarekin 13 programa egin genituen; Benta Berri telesailean ere aritu nintzen. Hegan-en, 1970eko kantariak ekartzen genituen, garai haiek gogoratzeko.

Bizimodu hori nola uztartzen da emaztea eta hiru seme-alabarekin?

Emazteak ezkontzerako bazekien zer zegoen. Bazekien zein mundutan nenbilen, eta onartu zuen. Orain, alaba ere nirekin etortzen da emanaldi batzuetara.

1994an banatu egin zen taldea. Zer gertatu zen?

Luzea da. Baina bakoitza nahi duen tokian dago.

Bakarrik gelditu zinen. Nola geratzen da kantaria taldekiderik gabe?

Elkarbizitza zaila da. 24 urte batera generamatzan. Bi ildo zeuden: Azpeitikoa —gehienak han zeuden…— eta ni, Donostian. Uste dut jeloskortasun kontua izan zela: ni nengoen telebistan, kontaktuak egiten nituen, diskoetxea nirekin zegoen... Hasieran, taldea aurrera atera arte, bakoitzak bere rola onartu zuen: bat baxu jotzailea, bestea zera... Baina dirua hastean, botere nahia hasten da. 

Onartu badira rolak, horiek aldatzen saiatzean —"nik nahi dut kantatu, protagonismoa, telebistak deitzea..."—, horrelakoak gertatzen dira. Denak nire aurka jarri ziren. Azken taldekidea sartu zenean, Egan izena erregistratu nuen, badaezpada. Defentsarako asmoa nuen. Egan desagertzea nahi zuten, eta ezetz esan nien. Hasieratik nengoela. Proposatu nuen izena Alberto (Frantzesena) eta biontzat uztea; biok geunden hasieratik. Joan egin ziren. Banatu eta lehen urtean, 160 emanaldi egin zituzten; nik, 140. 90eko hamarkadan 200 egiten genituen; banatuta, 300. Jendeak pentsatuko zuen ni nintzela kabroia. Bigarren urtean banatu ziren, eta handik beste bi urtera berriz. Bi behintzat bazeuden agindu nahi zutenak.

Hutsetik hasi behar izan zenuen?

Queenen omenezko diskoa beste musikari batzuekin grabatzeko esan zidaten, zaila zela eta. Hori banatu baino lehen. Azken unera arte, nik uste nuen jarraituko genuela. Baina gero jakin nuen emanaldiak hartzen ari zirela, Eganen izenean. Lasai nengoen, ezin ninduten bidali. Gero izena aldatu zuten, eta jada bakarrik nengoen. (1994ko) azaroan jakin nuen. Queenen diskoan aritutakoei deitu nien, eta emanaldietan ari ginen (1995eko) urtarrilerako.

Aurten 40 urte taldea sortu zenutela. Ospatzeko asmorik baduzu?

Eduki nuen, eta egitekotan ginen. Jabier Madina Akelarreko kantari izandakoari lagunduz hasi ginen. Hori berregin nahi genuen. Afaria ere egin genuen, baina Albertok (Frantzesena) esan zuen ez zuela nahi. Ez dugu egin. Agian, 50 urte egiten ditugunean.

Motzean:

Egan. Nire bizitza osoa.

Plaza bat. Azkena egin ditugunetan, Mutriku, Bilbo... Jende gutxirekin ere ederki egon gara: Zumaiako Larrondo auzoa, Zubieta (Gipuzkoa), Gautegiz Arteaga...

Zailena, edo txarrena? Aurten, Azkoitikoa. Gure festa ezin da uztartu txosnekin. Beste mota bateko musika nahi du hango jendeak.

Eganen kantu bat. Behin batian Loiolan eta Lo ez. Igual azken horrek lan gehiago eman zigun. Azkenean, Behin batian Loiolan-ekin egin genuen John Denverren doinua eta Bilintxen bertsoak uztartu.

Emanaldi gogoangarri bat. Garai bateko Iurretako dantzaldiak ederrak ziren.

Jo duzun leku arraroenetakoa. Berriozarren bi gurditan joak gaude...