Pako Aristi: "Organoa jotzea ez dut ekintza erlijioso bezala hartzen, ateoa bainaiz"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2010ko mar. 29a, 12:00

Musikarekin duen harremana ez da berria. Gaita jotzeaz gain, asteburutan, organoa jotzen du Azpeitiko Urrestilla auzoko elizan. Jada, Aste Santuari begira jarrita dago. "Ostegunetik igandera egunero mezetan organoa jotzen arituko naiz", adierazi du idazleak. Elkarrizketa egin dio 'Noticias de Gipuzkoa'-k.

Noiztik datorkizu musikarekiko duzun zaletasuna?

Umetatik. Urrestillan (Azpeitia) bazen Donato Aristi izeneko organista bat. Umeei solfeoa erakusten aritzen zen. Musika ulertu eta deszifratzeko gai izan nintzenez, solfeoa erraz ikasi nuen. Gero, Donato organoa jotzen ikusiz, bederatzi urterekin, ikastea erabaki nuen.

Koruan ere kantatzen aritu zinen.

Bai. Ume guztiak hamalau urte bitartean tipleak dira, adin horretan, ahotsa aldatu egiten zaie eta. Batzuk, tenore bihurtzen dira. Beste batzuk, berriz, baxu. Niri ez zitzaidan kanturako ahots egokia geratu.

Zer ezaugarri ditu organo batek?

Musika tresna guztiak garraiatu daitezke. Organoa, ez. Entzuteko eliza batera joan beharra dago. Organoa jotzeko modu asko daude, baita pieza ederrak ere.

Gazterik hasi zinen eta urteak daramatzazu organoa jotzen.

Bai, hamabost urterekin hasi nin-tzen eta, jadanik, 31 urte daramatzat. Igandetan Beizama herrian jotzen hasi nintzen Felix Azurmendi apaizak eskatuta. Herri txikietan, meza erritu sustraitu bat da. Lehenengo, hamaiketakoa egiten da tabernan. Ondoren, elizara joaten dira herritarrak. Eta ostean, berriz ere, pintxo eta txikito batzuk hartzen dituzte. Erritual hori gogoko nuen. Gero, Donato Aristi, Urrestillako organo-jotzailea zahartzen hasi zenean bera ordezkatzen hasi nintzen.

Asteburuetan lagunak parrandara eta, zu, meza nagusira.

Lagunekin kanpora joateko plana eginez gero, apaizari abisatu egiten nion ez nintzela azalduko esanaz. Egia da parranda egin ondoren goizean mezetara joatea gogorra dela.

Zure amaren ekinak badu zerikusia zuk organoa jotzen jarraitzearekin.

Bera asko tematu zen jotzen jarrai nezan. "Ni bizi naizen artean, ez ezazu utzi" esan zidan. Onartu egin nuen. Abila izan zen. Jarraitzeko eskatu zidanean, ez nintzen ohartu ama gaztea zela.

Ez zara fededuna baina igandero mezetara joaten zara. Ez al da kontraesana?

Ez. Igandeetan, mezetara, laguntzera joaten naiz. Herri txikietan ez da egitasmo kultural askorik izaten. Meza inguruan sortzen den giroak nolabaiteko plus bat ematen dio Urrestillari: abesbatza, herritarrak elkarrekin biltzea… Organoa jotzea ez dut ekintza erlijioso bezala hartzen, ateoa bainaiz. Niretzat, meza, egitasmo kulturala da.

Hainbeste meza eta sermoi entzuteak, ez al zaitu aldarazi?

Ez. Elizan esaten diren gauza eder asko —Eman bakea elkarri…— atera orduko ahaztu egiten dira.

Eta halere jotzen jarraitzen duzu?

Niretzat, mezak, ipuin baten antza du, Jesusen bizitza zatika edo kapituluka esaten baita. Nik, musika jartzen diot. Hau da, soinu-banda.

Melodia gogokorik ba al duzu?

Bai. Maiatzeko lau igandeetan kantatzen diren Maiatzeko lorak euskarazko kanta anonimoak. Ama Birjinari eskaintzen zaizkion maitasun kantak dira. Nahikoa da Ama Birjinaren ordez neska baten izena jartzea maitasun aitorpenak egiteko.

Eskupekorik jasotzen al duzu organoa jotzeagatik?

Organoa jotzen sosik ordaindu gabe ikasi nuenez, debalde jotzea erabaki nuen. Hileta eta ezkontzak kobratzen ditut. Jada, Azpeitia inguruan 300 bat ezkontzetan jo izan dut.