Aitor Arana: "Idazlan pornoa egiteko hartu nuen Wilderen nobela"

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2012ko urt. 7a, 21:07

Gay literatura eta Oscar Wilderen obrak sakon landu ditu urte luzez. Biak batu, eta bertsio librea egin du 'Dorian Grayren egiazko erretratua' liburuan. [Loiolan bizi da Arana] (egin zaitez bazkide Kultur Mahaian; urtean 10 euro dira)

Oscar Wilde idazle irlandarrak Dorian Grayren erretratua XXI. mendean idatzi izan balu, ziur aski oso bestelako nobela egingo zukeen. Aitor Arana idazleak (Legazpi, 1963) urte luzez aztertu ditu Wilderen obrak, eta nobela klasikoaren bertsio librea idatzi du Dorian Grayren egiazko erretratua liburuan (Txalaparta). Sarritan landutako gay literaturan oinarritu da, klasikoa liburu pornografiko garaikide bilakatuz.

Dorian Grayren egiazko erretratua da liburuaren izenburua; zure ustez, egiatan hala izan behar zuen Oscar Wilderen istorioak?

Ez, Wilderen eleberriaren bertsio librea besterik ez da. Lan hau txantxa moduan hartu nuen; ziur nago edozein idazlek lan berdina egingo balu oso gauza ezberdina aterako litzaiokeela. Prozesua bukaerarik gabeko ipuinak bezalakoa izan da: eginda zegoen lan bat hartu, beste testuinguru batean sartu, eta emaitza jaso. Dena den, zuzen-zuzenean idazlan porno bat egiteko asmoarekin hartu nuen nik Wilderen lana; ideia hori hasieratik eduki nuen argi.

Orduan, Dorian Grayren erretratua-ren bertsio pertsonala egin duzu?

Bai, baina beste bertsio bat ere egin nezakeen. Liburu hau 2000. urtean bilduma berean [Literotura] argitaratu nuen Onan eleberriaren ildo berekoa da; izan ere, gay literatura modu berdintsuan lantzen du. Oscar Wilderen jarraitzailea naiz, eta bere lanak itzultzen ditudanez, jolas atsegina izan da liburu hau idaztea, oso ondo ezagutzen baititut idazlearen obrak.

Wilderen lanak sakon ezagutzen dituzu, eta, esate baterako, 2009an Oscar eta Sebastian nobela idatzi zenuen. Zerk lotzen zaitu idazlearekin?

Hasieran ez nuen inolako konexiorik Wilderekin, baina gogoan dut 1987an Dorian Grayren erretratua-ren euskarazko lehenengo bertsioa argitaratu zutela, eta orduan irakurri nuen liburua lehen aldiz. Asko gustatu zitzaidan, eta, hamabost urte geroago, idazlearekiko interesa piztu zitzaidan. Beti ibili izan naiz erleen moduan, lorez lore, literaturako lanak aztertzen eta itzultzen.

Bertsio hau pornografikoa dela esan duzu. Publiko zehatz batentzat al da?

Bai, gay literatura irakurtzen duten gay euskaldunentzat da. Nobela erdi txantxetan erdi serio idatzita dago, eta idazten ari nintzenean irakurle horiek izan ditut buruan. Antzeko obrak ere badauzkat; esate baterako, 2008an idatzitako Xut ipuinak. Dena den, badakit emakumezkoek ere irakurtzen dituztela halako liburuak.

Liburu andana argitaratu duzu, eta askotan landu duzu gayen inguruko gaia. Euskal Herriko literaturan faltan al dago halako libururik?

Ez zait iruditzen euskal gay literaturaren falta dagoenik. Arazoa da Euskal Herriko gay gehienak oraindik armairuan daudela eta ziur asko horrek ekoizpena eragozten duela. Dena den, horrek ez nau kezkatzen; ez da garrantzitsua niretzat. Nahi dudana idazteko askatasuna dut, eta horrelako lanak idatzi nahi ditudanean, Nafarroako hiztegiak egiteko daukadan askatasun berarekin lantzen ditut. Azken finean, hori da pozgarria. Asko kezkatuko ninduen halako nobelak idazteko askatasunik ez edukitzeak.

Zer zailtasun topatu dituzu literatura ingelesaren klasikoaren bertsioa egiteko orduan?

Bekatutxo bat aitortu behar dut. Wildek 220 orrialdeko nobela idatzi zuen, baina badaude eleberriaren 100 eta 120 bitarteko bertsio laburrak hizkuntza ugaritan. Nik bertsio horiek beste hizkuntzetara itzuli ditut, eta, beraz, dezente landu dut istorioa. Horregatik, ez dut batere zailtasunik topatu liburuaren bertsioa egiterako orduan, istorioa ia buruz ezagutzen baitut.

Mende honetan gay eta lesbianen inguruko nobelak irakurtzeko ohitura normalizatu dela uste duzu?

Jarrera pertsonalaren arabera. Irekia denak lasaitasunez eta normaltasunez hartuko ditu halako nobelak, eta uzkur eta beldurti dabilenak ezkutuan erabiliko ditu. Gizakiak gara, eta lorpen pertsonal batzuk pixkanaka egiten dira, askatasun handiagoa bereganatuz.

Wilderen nobela klasikoaren bertsio libre eta pertsonal honek errezeloa pitz al dezake? 

Hau esateko oinarri sendorik ez daukadan arren, ziur nago liburu hau ingelesez eta gaztelaniaz aterako balu argitaletxeak oso ondo salduko litzatekeela. Izan ere, gay munduan Wilderen lanaren jarraipen handia dago. Ez dut uste inor minduko litzatekeenik nire bertsioarekin. Norbaitek gai hau ez badu gustuko, ez dezala liburua eros.

Liburu mordoa idatzi dituzu; bokaziozko lana duzu idazlearena?

Erabat bokaziozkoa. Ikaragarri gustatzen zait idaztea; nire lana asko maite dut. Dena den, bokazioa lan egiteko gaitasunarekin dago lotuta, eta nik ordu kopuru handia ematen dut lanean. Duela gutxi, eztabaida zabaldu da euskal literatura subentzionatua dagoela eta. Amorrua ematen dit halakoak esaten dituztenean, zenbait idazle umezurtzak garelako; ez dugu inoren babesik, bakarrik egin behar dugu aurrera.

Etorkizunean, liburu honen antzeko proiekturik badaukazu buruan?

Gazte literaturako hiru edo lau liburu ditut orain esku artean, eta datorren urtean argitaratuko ditut. Wilderen obrekin, berriz, egin beharreko gehiena euskaratzea denez, poliki-poliki itzultzaile lanetan jarraituko dut.