Sarrionaindiaren gizartea

Erabiltzailearen aurpegia Jose Luis Otamendi, IƱigo Aranbarri (Berria) 2011ko urr. 30a, 00:08

Jose Luis Otamendi eta Iñigo Aranbarrik Berria egunkarian argitaratutako iritzi artikulua. 

"Bergizarteratu" nork, Joseba Sarrionandiak? Esan nahi du Jaurlaritzako Kultura sailburuak Sarrionandiak 1985 urrun hartatik gaur arte argitara eman duen liburu parrastada hori, testu horiek ez daudela gizartean? Zer da gizartea ez bada haren letrekin egindako abestiak kantatzen dituen jendea?

Idazleak munduak asmatzen ditu, mundu honetan bizi garenon artean leku bat izateko. Eta hitzekin asmatu beharrean da, galduko ez bada. Dena zor die banan-banan datozkion ur tantei, poza eta zaputza, xirripa gardena eta putzu urdindua, mendi-negarra eta istila, inoiz edo behin, itsaso zabala eta olatuaren indarra... dena dago hitzen hautu eta antolaketa egokian. Hiztegia mintzalekuaren, lokutorioaren sinonimoa da, eta istant bateko argialdi gardena bezala itzal tarte zitala da aski, komunikazioa naharo erne edo goitik behera birrin dadin.

Idazlea beti izango da naifa baina. Ez da hitzaren balioaz jabetuta dabilen bakarra. Hitzaren indarraz ohartuta erabakitzen dira egunkarietako lehen orrialdeak, hitz bat behin eta berriro emanda erakusten zaio ezjakinari arerioaren aurpegia. Egunotan ikusi dugu, oraintsu Espainiako errege-erreginekin irribarretsu ageri zen "Mendebaldearen laguna" hilabete gutxian pasa da "diktadore doilor" izatera. Hitza duenak boterea du. Eta kontrara, nola ez, boterea duenarena da hitza. Horregatik esan daiteke deliturik egin gabe nonahi "arratoia estoldetan harrapatu dute". Berdin da ez bada berariaz esaten noren esku dauden orain "Libia berriko" petrolio putzuen ustiatze eskubideak. Eta ezjakinari sinestea besterik ez zaio geratzen. Esan gabe doa, hitza duenak jendearen pentsaera moldatzeko dohaina du. Horrexegatik hitz egin du hitz egin duen bezala Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu den Blanca Urgellek, arriskurik gabe ustez, aukeratutako moldeak erabilera politikoaren bermea duelakoan: "Joseba Sarrionandiak bergizarteratzea erabakitzen duenean jasoko du sariaren dirua". 

Esaldiak, lehen kolpera, bi ditu zimurrak. Aurrenekoa erregistro mailakoa da, eta beharbada horixe da hotzikararik gaitzena eragiten duena. Alegia, Kultura sailburu bat honela mintzo bada, nola hitz egin behar du fiskal, epaile edo Barne zein Justizia ministro batek? Ez dagokio beste mintzamolde bat karguari? Beharbada hasieratik gabiltza oker baina, honezkero etsita behar genuke: "Egile batek, idazle batek, noski, bestelako harremana du hitz bakoitzarekin, eta ez juristak, ez funtzionarioak, ez poliziak, ez apaizak ikusten ez duten neurria ikusten dio hitz bakoitzari; horrela hiltzaile hitzak, edo barkamenak, edo jazarriak beste neurri bat du harentzat. Jurista batentzat jazarri berbak haren bila dabiltzala esan nahi du". Bazekien zerbait boterearen mintzoaz Heinrich Böllek.

Bigarren zimurra umore handiagoz hartzea badago, gaitarako egonez gero behintzat. "Bergizarteratu" nork, Joseba Sarrionandiak? Esan nahi du Jaurlaritzako Kultura sailburuak Sarrionandiak 1985 urrun hartatik gaur arte argitara eman duen liburu parrastada hori, testu horiek ez daudela gizartean? Bolizko dorre batean isolatuta bizi ote da, bakardadearen zolatik aldika kode zifratuetan mezu ulergaitzak jaulkitzen dituela? Edo idazteari ekiteaz bat ez du idazleak bere ahotsa gizarteratzen, eta gaur beste gisa batez "bergizarteratu" beharrean da orain?

Zer da gizartea ez bada haren letrekin egindako abestiak kantatzen dituen jendea? Esan dezake Kultura sailburu batek eta lasai geratu Kukai, Tanttaka, Artedrama, Dejabu, Karrika, Apurka, Gaitzerdi, Le Petit Théâtre de Pain edota Dantzaz konpainiek haren poemekin osaturiko ikuskizunak ez daudela gizarteratuta? Ez ote da, Böllek dioen bezala, Urgellek gizarteratzea dioenean ez duela gizarteratzea esan nahi? Eskandaluzkoa da, eta itxura batera idazlearen kontrakoa badirudi ere, idazletzaren kontrako saioa da hau guztia. Begira gauden planoaren begi-zuloa pixka bat gorago jarrita zabalagoa zaigu ikusmira: "Demokratok Sarrionandia literaturaren mundutik aparte ezagun egin duten praktiketatik bereizten gaituena, guk legeetan eta arauetan sinesten dugula da, eta beti errespetatzen ditugula", azaldu zuen Urgellek adierazpen berean. Hala, "Sarrionandiak auzitegien aurrean bere egoera konpondu eta bergizarteratzea erabakitzen duenean" jasoko du, antza, saria osorik. Botereak badaki eskuzabala izaten, baina ez da inozoa. Idazleak esangura sinbolikoa du, diruak bezala, eta idazlea gure imajinarioko lehoinabar hezigabea izan edo etxeko abere otzan, ikono izatera kondenatua dago "literaturaren munduan", pertsona izateko aukera duina ukatuz bide batez. Eta bitartean ustel dadila "gure mundutik aparte", bere hitzezko erbestean.

Joseba Sarrionandiarekin erabiltzen ari diren desproportzioa Ertzaintzak Kukutzan erabili zuenaren adinakoa da. Gizarteratuta zegoen kultura faktoriari komando salafista baten kontrako operazioa zirudien neurriz eraso zitzaion. Orain, haren lanaz hitz egin ordez, idazlea zatitu zaigu bitan, eta ohartarazi idazlea ona izan daitekeela, baina gizona, harako jurista haren hiztegian bezala, jazarria dela, eta beraz pertsekutatua ere bai, ikusten dugunez (galderatxo bat: bila eta harrapa agindupean al dago idazlea ez den Joseba Sarrionandia ez-demokrata hori?). Zer da orduan idatziaz gain neurtzen dena? Geure iragan gertuaren "narrazioak"hainbesteko indarra hartu duen honetan, benetan irakurri du Kultura saileko inork Moroak gara behelaino artean? Mardulean ematen zaiguna? 

Txiste txar bat litzateke hau guztia Surten estoldarik ez balego. Ez zen Patxi Lopez izan Sarrionandiaren poema batez apaindu zuena bere aurreneko hitzaldia lehendakari kargua hartu zuen hartan? Oso da erraza, Urgell anderea, ezin erabil daiteke idazle bat putching ball bat bezala, komeni eran, noiz erosteko pisuarekin neurtzen, eta noiz saltzekoarekin. Txarrera hartuta pentsa liteke, sailburu anderea, hitzetatik ekintzetara egiteko eskatzen ari zatzaizkiola idazleari, tour de force iraingarri batean, zeure sokako aktibismo arrapiztu batera ekarri nahiz bezala. Idazleak hizkuntza batekin dihardu lanean, seguru asko mintzoa izaki jendarte batek inoiz sortu duen eraikin sozial konplexuen eta aberatsena. Hitzen langile den aldetik, pertsona moduan tratatua izatea behar du, neurrian, sobera goititu gabe, prezio bat jarri gabe jendearen lotsari. Eta lotsa ez bada, hitzei begirunea zor die Kultura sailburu batek, hitzak zaindu behar ditu, saiatu berariaz jende arteko orea mami dadin, komunitatea bateratzeko ahaleginean. Hitz egiteko era sektarioak ez dagozkio kulturari, kasernetako mintza moldeek beste soro batzuetara garamatzate. Hitzak bizi garen gizartearen tamainara ekartzea premiazko lana da bizi garen sasoian. Idazleak jendeari idazten dio, jende arteko bat da, jende da. Gauden mundu bakar honetan.