Bertsolaria izenez eta izanez

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Etxeberria 'Ministro' 2011ko urr. 25a, 00:14

Beñat Lizasok Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetan egindako lanaren kronika idatzi du Haritz Etxeberria 'Ministro'k. Hirugarren egin bazuen ere, Ministroren ustez, "Beñatek irabazi egin zuen Oñatin, kriston saioa egin eta final-erdietako txartela ziurtatu". 

 

Oñatiko Zubikoa kiroldegian zen geltokia. Badaezpada ere lehenxeago abiatu ginen, frontoia ikusi, kafe bat hartu eta presak baztertze aldera, jakina baitzen gero ere nahiko urduritasun izango zela. 17:30ean hasi zen saioa, frontoia 700 bertsozalez beteta zegoela. Tokatu zitzaien postuan agertu ziren sei bertsolariak: Iñaki Zelaia, Agin Rezola, Iñaki Gurrutxaga, Iban Urdangarin, Jexux Mari Irazu eta Beñat Lizaso. Frontoian pankarta bakarra: “Aupa Beñat, ez barkau!”

Beñat Lazkaoko saioan baino lasaigo zegoen. Txapelketan sei puntuko motzean; mainontzi abestea izan da bere nahia eta Lazkaon lortu zuen hortarako txartela. “Gaur erakutsiko diat nik ere badakidala bertsotan” zioen eta baita erakutsi ere. Beñat eta Zelaia egunero patioan elkartzen ziren presoak ziren. Beñatek jendearekin hitz egiten pasatzen du denbora, eta Zelaiak bakarrik, isilik. Lehenengo bertsoa Zelaiak honela bukatu zuen: “Buelta ematean gehienak parrez aritzen zaizkizu”; eta Beñaten erantzun ikaragarriak saioko txalo zaparrada handiena lortu zuen: “Nei bizkarrera eiten didate, zuri aurpegira”.

Hiru puntuko kopletako ofizioa ekin zioten ondoren. Esan beharra dago, fase honetan, bertsolari gehienak beldurrik edo errespeturik handiena lan honi diotela; erraza ematen du, entzuteko arina delako, baina arrazoiak emateko eta borobiltzeko leku gutxi uzten duen ariketa da eta, gainera, txapelketan sekula egin ez den lana da. Beñati eta Gurrutxagari Aquariumeko bi arrainen papera egokitu zitzaien; aguadilla batzuk tarteko lurrik jo gabe eutsi zioten.

Ondoren Zortziko handia. Agin emakumezkoa eta Beñat gizonezkoa lankide gisa aritu dira: lan bera eginda Beñatek soldata handiagoa jasotzen du. Gaia entzun orduko nabari daiteke Beñaten desabantaila, baina ez zen kikildu nik ulertzen dut zurea, baña nik ez det horren errurikesanez erantzun zion Agini, baita ederki amaitu ere “zurea igo dezala, baña nereik ez dezala jetsi”.

Bakarkako saioan, azkena izaki eta beste denon pentsamendua irakurri balu bezala, hamarreko handian abestu zituen. Irazuren habaneraren (oso onak) ostean jaikitzea ere ez zen gutxi. Kontrako ideologia duen batekin maitemindutako lagunaren paperetik abestu zuen lan txukuna eginez.

Kontuak horrela Beñat Lizaso hirugarren geratu zen nahiz eta gure inguruak bigarrengo postuan zegoela uste, baina ez ginen hala ere haserretu. Beñatek irabazi egin zuen Oñatin, kriston saioa egin eta final-erdietako txartela ziurtatu (gauza oso arraroak gertatu behar dira ez horrela izateko). Zorionak Beñat!

Ai irakurle Lapikutikan
jaso zazu nire hitza,
Lizasotarrak dauden artean
salbu da bertsolaritza.