Pako Aristi: "Zeure lana egin duzunean, pertsonak jakin behar du erretiratzen lasai"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2011ko ira. 14a, 12:00

Aurreko igandean, irailaren 11n, Urrestillako parrokiko organo-jotzailea izateari utzi zion Pako Aristik. 33 urteren ondoren hartu du erabakia "ziklo bat amaitu" dela sentitu duelako. Ez dira gutxi, "pentsa, Jesus bera jubilatu zuten 33 urterekin".

Igandekoa izan zen azkena. Pena sentituko zenuen ala?

Penarik ez. Bizitzan beti ari gara gauzak uzten, eta gauza berriei ongietorria ematen, prozesu naturala da, eta organoarena ere hala izan da niretzat. Inork esan gabe, neure erabakiz hasi nintzen jotzen, eta inork esan gabe, neure erabakiz utzi dut. Zeure lana egin duzunean, pertsonak jakin behar du erretiratzen lasai.

Zergatik utzi diozu Urrestillako parrokiko organo-jotzailea izateari?

Nire bizitzako ziklo bat amaitu dela sentitzen dut. Organoa jotzeak asko lotzen du, eta denbora beste era batera antolatu nahi nuen.

Bestalde, niretzat organoa jotzea herrigintza izan da. Urrestillan garrantzi handia eman zaio abesbatzari, eta organojoleari, herriaren aportazio kultural bezala. Herri txikiek gauza gutxi dauzkate, eta horiei eustea garrantzitsua da. Baina eliza asko urrundu da herritik, elizak ez du ulertzen gaurko mundua, eta herriak bizkarra eman dio. Organoa jotzea elizaren barruan gauzatzen denez, nire lana lekuz kanpo geratu da une hauetan.

33 urte erraz esaten da. Askok erretiroa hartzen dute urte horiek lan eginda...

Jesus bera jubilatu zuten 33 urterekin, pentsa. Lana gustora egin dut, eta harreman polita izan dut, ez Urrestillan bakarrik, baita inguruko herrietakoekin ere, Nuarbe, Matxinbentan, Beizaman eta Aratz-Errekan. Unean egiten ari naizen gauzak disfrutatzea gustatzen zait.

Zerua, baldin bada, irabazi duzula esan daiteke, ezta?

Ez konfunditu: zerua hemen dago, gure garaian eta gure baitan, infernua bezala. Geroko esperantzan bizi denak biak galtzen ditu, oraina, disfrutatzen ez duelako, eta geroa, inork ez dakielako zer ekarriko digun.

Hala ere, esku honetan uzten duzu parrokiko organoa, Aristitar batek jarraituko baitu bertan; arrebak. Gustura erreleboarekin?

Mailo arreba hastekotan da, bai, hilabete gutxi barru. Soinua jotzen du, eta orain organora egokitzen ari da. Bizkorra da eta laster jarriko da. Honek ´klan´ baten istorioa dirudi, aurreko organista Donato Aristi zen, gure aitonaren lehengusu bat, gero Pako Aristi, hurrena Mailo Aristi… dudarik ez musikak korritzen duela gure zainetan.

Urola Kostako Hitza-k ere egin dio elkarrizketa Pako Aristiri (irailaren 16an argitaratua)