Haritz Etxeberria 'Ministro'-k herriko bertsolarien jarraipena egingo du lapikue.net-en

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2011ko ira. 21a, 12:00

'Ministrok' Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan jarraitzen duten azpeitiarren inguruko iruzkinak idatziko ditu lapikue.net-en, haiek kantatzen duten aldiro. Beraz, lehenengoa datorren astean egingo du, asteartean, Beñat Lizasok igande honetan (irailak 25) Lazkaoko saioan hartuko duelako parte. Jokin Uranga eta Urko Egaña dira txapelketan jarraitzen duten beste bertsolariak (Eneritz Arzallus ere sailkatu zen final-zortzirenetarako, baina ezin izango du parte hartu).

Haritz Etxeberria 'Ministro'-k Jokin Uranga, Urko Egaña eta Beñat Lizasoren jarraipena egingo du webgune honetan, igande honetatik aurrera. Hiru bertsolariek Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenetan kantatuko dute eta Ministrok saioen kronikak egingo ditu, bere lagunek egindako lanaren berri emanez. 

Igandean, Lazkaoko saioan hartuko du parte Lizasok Beñat Iguaran, Adur Gorostidi, Iban Urdangarin, Nahikari Gabilondo eta Unai Muñoarekin. Areria kulturgunean, 17:30ean hasiko da saioa. Lizasoren saioaren berri asteartean emango du Ministrok, hemen, Lapikuen.

Uranga eta Egaña

Urangak urrriaren 1ean kantatuko du, Elgoibarren, Egoitz Eizagirre, Joxe Munduate, Mikel Arrillaga, Oier Aizpurua eta Unai Gaztelumendirekin. Herriko Antzokian, 17:30ean.

Egañak, berriz, urriaren 8an, Irunen. Asier Sasieta, Alaia Martin, Haritz Casabal, Iñaki Zelaia eta Manex Mujika izango ditu bertsolagun. Amaia Antzokian, 17:30ean izango da.

Bi saio horien artikuluak asteartetan argitaratuko ditu, urriaren 4ean eta 11n.

Orain arte

Erniarraitz Bertsozale Elkarteko zazpi lagun hasi ziren G puntuaren bila. Hasierako sailkatze fasean Joseba Andoni Agirre, Urko Egaña, Nekane Zinkunegi, Jokin Uranga, Eneritz Arzallus, Beñat Lizaso eta Josu Oiartzabal Xenpelar -ek hartu zuten parte. Puntuazio hau lortu zuten: 

Joseba Andoni Agirre: 512,5 

Eneritz Arzallus: 586,5 

Urko Egaña: 599,5 

Beñat Lizaso: 616 

Josu Oiarzabal: 533,5 

Jokin Uranga: 633,5 

Nekane Zinkunegi: 567 

(579 puntutan geratu zen sailkapena lortzeko muga)